Azkar joan zen atzoko entzierroa ere. Bizi-bizi egin zuten lasterka Juan Pedro Domecq ganadutegiko zezenek (Sevilla, Espainia). Bi zezen beltzek taldea hautsi zuten Santo Domingoko aldapan, eta bakarrik egin zuten ibilbidea, sekulako abailan. Korrikalari franko ezustean harrapatu zituzten. Inor ez zuten adarkatu entzierroan, baina lasterkari asko erori ziren. Sei eraman zituzten erietxera, kolpeak zituztela.
Hirugarren egunekoa kenduta, aurtengo entzierroak oso azkarrak ari dira izaten. Zezenek atletak dirudite, eta bizi-bizi egiten dituzte entzierroko 850 metroak. Juan Pedro Domecq ganadutegiko zezenak ez ziren salbuespena izan. Oso azkar igo zuten Santo Domingoko aldapa. Udaletxe plazara iritsi baino lehen, esan bezala, bi zezen beltz aurretik jarri ziren, eta oso erritmo bizia jarri zuten. Bi adardunek bakarrik eta buruan zirela egin zuten zezen plazarainoko bidea. Udaletxeko plazan lasterkari bat baino gehiago bota eta hankapetu zuten. Hain zen bizia bi adardunen abaila, ezen Mercadereseko hesia jo eta bat erori egin baitzen. Estropezuak ez zuen baretu animaliaren indarra. Azkar batean altxatu eta Estafetan gora bizi-bizi joan zen anaiarekin batera.
Estafetan, taldea erabat sakabanatu zen. Aurretik bi zezen beltz zihoazen. Bigarren taldean, muxika koloreko bat eta joaldun bat. Azkenik, beste lau adardunak eta gainontzeko joaldunak. Ostirala izanik, korrika gustura aritzeko tarteak baziren. Parez pare zihoazen zezenen artean ibili ziren asko, eta beste franko, adarren aurrean. Saldoa zabaldu, eta kaleko bi aldeetan zeuden lasterkariak oharkabean hartu zituzten adardunek. Horrek lasterkari ugari erortzea ekarri zuen. Hiru taldetan sartu ziren plazara, baina arazorik gabe sartu ziren ukuilura.
Guztira, sei lagun eraman zituzten erietxera, guztiak kolpeak hartuta. Bosti eguerdirako eman zieten senda agiria.
Sanferminak Iruñean. Zazpigarren entzierroa
Ziztu bizian, berriz ere
Entzierro azkarra eta garbia egin dute Juan Pedro Domecqen adardunek, horretarako bereziki prestatuta baleude bezalaLasterkari asko erori dira. Sei eraman dituzte erietxera, kolpeak hartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu