La Unicako eta Iruñeko Peñen Federazioko lehendakari ohia

Txaro Pardo: «Peñagizonen espeziea desagertzeko bidean da, zorionez»

Emakume aitzindari batzuek bidea urratu zuten Iruñeko peñetan, sanferminak festa parekideagoak izan zitezen. Horietako bat da Txaro Pardo: La Unicako eta Iruñeko peñetako lehen emakumezko presidentea.

Txaro Pardo, La Unica peñaren egoitzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Txaro Pardo, La Unica peñaren egoitzan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ion Orzaiz.
Iruñea
2025eko uztailaren 13a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Sanferminak gogotik zukutzen ditu Txaro Pardok (Iruñea, 1957): uztailaren 6ko hamarretakotik hasita, uztailaren 15eko lehen eguzki errainuek festa bukatua dela konfirmatzen duten arte. Uste du emakumeek jaiaren eremu guztiak okupatu behar dituztela, eta zinez lotu zaio helburu horri azken 25 urteetan.

Zein da sanferminez duzun lehen oroitzapena?

Txiki-txikitatik, bi elementu ditut memorian iltzatuak: alde batetik, barrakak, eta bestetik, peñak zezen plazatik ateratzen diren unea. Gurasoek eramaten ninduten peñen irteera ikustera. Orduan ez nekien zelako garrantzia izanen zuten peñek nire bizitzan.

Noiz sartu zinen La Unica peñan?

Bazkide naiz 1981eko urtarrilaz geroztik, hori baino lehen emakumeok ezin baikinen bazkide izan. La Unicak 1980ko azken batzordean onartu zuen, sesio eta eztabaida luzeen ostean. Borroka hori irabazita, zenbait emakumek batera eman genuen izena.

Argi zenuten urrats garrantzitsua izanen zela hura berdintasunaren bidean?

Bai. Eztabaida pil-pilean zegoen gizartean, eta berdintasunaren aldeko aldarriak usu entzuten ziren esparru guztietan. Peñak, funtsean, kalean dagoenaren isla baino ez dira. Peñetako kide dira, besteak beste, alderdi politikoetako eta sindikatuetako kideak, ekintzaile ekologistak, eragile sozialak... Denetarik dago, eta normala da gizartearen ezinegonek eta aldarrikapenek oihartzuna izatea peñen barruan ere. Horiek horrela, La Unica izan zen emakumeak onartu zituen lehen peñetako bat, eta, urte batzuen ostean, beste batzuek pauso bera eman zuten. Azkenerako, peña atzerakoienek ere amore eman behar izan zuten, argi baitzegoen, emakumeen presentziari dagokionez, ez zegoela atzera egiterik.

Tradizioak aldatu daitezkeen seinale...

Hori da. Aldaketa batzuk geldiezinak dira, eta berdintasuna da horietako bat. Gure amen edo amatxien garaian, emakumeek sanferminetan zuten rola erabat pasiboa zen, gizonari emana. Izan ere, gizonezkoek diseinatu zituzten festa hauek, eta hortaz, gizonen neurrira eginak daude. Zein zen emakumeen rola garai hartan? Peñetako amabitxi izatea eta zenbait ekitaldi instituzionaletan laguntzaile gisa aritzea, manolaz jantzita. Kapotarik gabeko kotxeetan eramaten zituzten, zezen plazako hondarrari buelta emanez, ikusleak agurtzen zituzten bitartean. Hori gainditu zen, zorionez, eta, nik halakorik bizi ez banuen ere, ahizpatzat ditut emakume horiek.

Nola hartu zituzten zuen eskaerak peñan?

Denetarik izan zen, baina aintzat hartu behar da estatutuak aldatzea lortu bagenuen gizonezko peñakideei esker lotu genuela, haiek baitzuten bozkatzeko eskubidea. Bidelagun izan genituen borroka horretan, eta gure eskaeraren alde bozkatu zuten. Haien botoei esker, adibidez, La Unicako lehendakari izendatu ninduten.

Gerora, urrats bat gehiago egin zenuen, Iruñeko Peñen Federazioko lehen emakumezko lehendakaria izan baitzinen hamar urtez.

Bai. Garai hartan ez zen federazioa, Peñen Batzordea baizik. Nire helburua izan zen, ahal zen neurrian, emakumeen presentzia bermatzea sanferminen ekitaldi guzti-guztietan: peñetan, entzierroan, prozesioan, ekitaldi instituzionaletan... Nik neuk prozesioan parte hartu behar izan nuen behin baino gehiagotan, peñen ordezkari gisa. Ordura arte emakumeek ez zuten segizioan parte hartzen, baina nik argi nuen hor ere egon beharra zegoela. Bestalde, bertan behera utzi genituen ordura arte egiten ziren ekitaldi sexista eta lotsagarri batzuk: elastiko bustien lehiaketa, adibidez.

Erresistentziak antzeman zenituen peñetako gizonen artean?

Bai, izan ziren traba batzuk. Hortxe dugu peñagizonaren figura: bere buruari autoritatea aitortzen dion morroia, erabakitzeko nolakoa izan behar den festa, zer egin daitekeen eta zer ez. Zorionez, desagertzeko bidean da espezie hori ere. Pertsonak, oro har, oso zurrunak gara. Lehendakari izendatu nindutenean, zera esan zidan batek: harritu egin zela ni ezagututa, uste baitzuen emakumea eta peñen burua izanda mari-mutil hutsa izanen nintzela.

Asko aldatu al dira sanferminak?

Aldatu dira, bai, baina gure hiri hau... [Hasperen egin du eta pentsakor geratu da une batez] Iruñean gauzak aldatzen dira ezer alda ez dadin. Gurea oso hiri konplikatua da: kontserbadorea, zurruna... Nik asko maite dut Iruñea, baina beldurra ere badiot. Kosta egiten da gauzak mugiaraztea, hortaz, egiten diren aldaketek balio erantsia dute. Orain, erakundeetan nabari da haize berria, hori argi dago, eta gizartea aldatzen ari da pixkanaka, baina sanferminen atzean interes handiak daude, eta horrekin kezka ere badut. Ikusiak ditugu festa homogeneizatzeko saialdi batzuk.

Adibidez?

Ez dago denboran oso atzera egin beharrik ere. Aurreko udal gobernu batzuk saiatu ziren sanferminak eraldatzen, Sevillako feriaren antzeko zerbait izan zitezen: pribatizatuak eta kontrolatuak. Zaila da, baina horri aurre egin behar zaio. Sanferminak dira kolorea, bat-batekotasuna, inprobisazioa, intsumisioa, gehiegi ez pentsatzea, kalearen eztandaz gozatzea...

Gizonen rolaz hitz egin duzu lehen, eta esan batzuek urrats bat atzera egin beharko luketela emakumeek espazioak har ditzaten...

Ezinbestekoak dira konplizitateak. Peñaren barruan ere argi ikusi genuen hasieratik: gizon asko bat zetozen gurekin, berdintasunari eta emakumeen presentziari dagokionez, eta haien laguntzari esker egin genuen aurrera. Dena den, horrek ez du esan nahi, behin emakumeak bazkide gisa onartuta, bidea egina dagoenik. Ezta hurrik eman ere. Etxe barruan ere jarrera eta ohitura matxista ugari konpondu behar izan ditugu urte hauetan. Eta erne ibili behar dugu orain. Kezka handia dut egungo gaztetxo askorekin, gaindituak ziruditen ideia zaharkitu batzuk bueltan baititugu azkenaldian, mutil gazteen ahotan.

LOTSABAKO

Uztailaren 6a, txupinazoaren aurreko hamarretakoa.
Sanferminetako unerik politena, urte osoan ikusi ez duzun jendearekin elkartzen zarelako.

Uztailaren 13a. Zer eskatu duzu barran?
Eguerdian, bermut zuria. Iluntzean, gin-tonica.

Uztailaren 15a. Sanferminen osteko depresioa?
Ez nuke depresio hitza erabiliko, baina oso egun tristea da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.