Komunikazioa

Zortzi lizentzia Hamaikarentzat, bana Antxeta, Justuri eta Hala Bedirentzat

Eusko Jaurlaritzaren lehiaketatik kanpo utzi dituzte Bilbo Hiria, Ttan-Ttakun eta Tas-Tas irratiak

Hala Bedik euskarazko proiektuan lizentzia bat lortuko du, baina irrati elebidunean ez. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2012ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako egun gutxi falta direnean, Eusko Jaurlaritzak irrati lizentzien lehiaketako behin-behineko erabakia hartu du. Onartuak izan diren irratiei idatziz jakinarazi diete ebazpena. Baina orain enpresa bakoitzak hamabost eguneko epea du dokumentazio guztia aurkezteko. Ondotik, proposamenak aztertu, eta gobernu kontseiluak behin betiko erabakia hartuko luke.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko iturrien arabera, ezin dituzte argitara eman lizentzia jaso duten irratien izenak, erabakia behin-behinekoa delako.

Lehiaketan onartuak izan diren irratien artean, Hamaika Telebistak eta Info7 irratiak elkarrekin aurkeztutako proiektuek zortzi lizentzia eramango dituzte euskaraz emititzeko: Donostian, Bilbon, Gasteizen, Azpeitian, Legazpin, Beasainen, Durangaldean eta Gernikan. Azken bi eremu horietan ez zegoen euskarazko erreserbarik, baina Hamaika-Info7k euskaraz garatuko du proiektu bana.

Gasteizen, hiru erreserba zeuden euskarazko irratientzat. Hamaikak ez ezik, Hala Bedik eta Araba Irratiak jasoko dituzte beste bi lizentziak. Kontuan hartu behar da Hala Bedik bi proiektu aurkeztu zituela, eta euskarazkoa jaso arren, irrati elebidunaren proiektuak ez du lizentziarik izango. Hau da, 30 urteko esperientzia duen irrati librea lizentziarik gabe geldituko da. Eta proiektu berriak izango du lizentzia.

Bilbon lizentziarik gabe gelditudira irratigintzan esperientzia luzea eta uhinetan ekarpen garrantzitsua egin duten Bilbo Hiria euskarazko irratia eta Tas-Tas irrati libre elebiduna.

Donostian, Hamaikak jaso du lizentzietako bat, eta Antxetak bestea. Antxeta Irratian «pozik» daude berriarekin. «Aurrerapauso bat da euskararen alorretik», adierazi du Antxetako lehendakari Agus Hernanek. «Baina lehiaketan, bestetik, injustizia bat da euskaraz lanean ari diren Bilbo Hiria eta TtanTtakun lizentziarik gabe uztea. Getxon ere ez diote Hamaikari lizentziarik eman. Aukera zegoen euskararekin irratigintzan dagoen zor historiko bati aurre egiteko eta hiru lizentzia horiek emateko, baina ez dute egin». Tas-Tas eta Hala Bedi kanpoan uztearen inguruan, berriz, Hernanek uste du ez dutela nahi irrati elebidunen artean «bestelako ahotsak» entzutea.

Lizentziarik gabe gelditu den beste proiektu bat Gara Irratia da. Irrati elebidunetarako aurkeztu zen EKHE enpresa, eta programazioaren %55 euskaraz egiteko asmoa zuten.

Lizentzia jasoko dutela jakinarazi diete, berriz, Legazpin Lekaio elkarteari eta Beasainen Murumendi elkarteari.

Getxon, Justuri Irratiak euskarazko erreserbako lizentzia jaso du. Irrati hori Uribe Kostan, Txorierrin, Mungialdean, Bilbon eta Ezkerraldean entzun ahalko da.

Noticias taldeko Onda Vasca gaztelaniazko irratiak 32 lizentziatarako aurkeztu zituen proiektuak, baina bakarra eman diete, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.