Getxo eta Portugalete elkartzen ditu Bizkaia Zubiak, eta eraiki zutenetik itsasadarraren bi aldeko biztanleak harremanetan mantentzeko funtzioa izan du. Erabilera horri muzin egin ez dion arren, aurrerantzean maratoientzako kokaleku ere bihur daiteke. Oraingoz bakarra egingo da. Larunbatean, zubiaren goiko aldeko pasealekutik 291 joan-etorri egingo dituzte Javier Conde eta Jon Salvador korrikalariek. Itsasadarraren gainetik 45 metrora egingo dute korrika saioa, altueraren beldurrari aurre eginez. «Behera ahalik eta gutxien begiratu beharko dut», Condek adierazi duenez.
Bizkaia Zubian egingo duten maratoia beste hainbat lasterketaren testuinguruan ulertu behar da. Izan ere, 2010ean Javier Conde basauriarrak elkartasun ekinaldi bati heldu zion. Ordura arte Paralinpiar Jokoetan urrezko zazpi domina eta zilarrezko bi lortuak izanda, kirol ibilbidean nahikoa arrakasta izan zuela iritzi zion, eta Paralinpiar Jokoak eta Olinpiar Jokoak egin diren hiri guztietan maratoiak egiten hasi zen. Helburu batekin: gehien behar duten pertsonentzako dirua biltzea.
Proposamen horrekin, munduko 28 hiriburutan ari da korrikaldiak egiten. Oraingoz, 14 egin ditu; azkena duela hamabost egun egin zuen, Tokion. Urtea amaitu baino lehen, Londresen, Helsinkin eta Moskun egingo ditu hurrengo maratoiak. Baina aurrera jarraitu baino lehen, bere proiektuaren erdialdera iritsi izana ospatu nahi zuen Condek, Bizkaian maratoi berezi bat eginez.
Orain arte, 30.000 euro bildu ditu, eta azpimarratu du diru aldetik garrantzitsua izan dela zubi gaineko maratoia. Izan ere, 2012rako aurreikusitako korrikaldi guztiak egitea bermatuko dien diru laguntza jaso du larunbateko maratoiarengatik.
Maratoi berezi eta gogorra
Orain arte hamaika korrika saio egindakoak dira Conde eta Salvador —proiektuko zenbait lasterketatan laguntzaile aritu da—, baina biek esan dute larunbatekoa berezia izango dela: «Haurrak ginela, gurasoek beti ekartzen gintuzten Bizkaia Zubira, eta orain bertan maratoia egitea oso berezia da», Conderen esanetan.
Baldintzak, ordea, ez dira errazak izango. Izan ere, zubiak 144 metro ditu alde batetik bestera, eta bira ugari eman beharko dituzte bi korrikalariek. «Aldakek asko sufritzen dute horrelakoetan», azaldu du Condek. Entrenamenduak ere egin dituzte zubian; beraz, zailtasun horietara ohituta joango direla espero dute. Edozein modutan, psikologikoki bestelako lasterketak baino zailagoa izango da, Salvadorrek iragarri duenez: «Denbora guztian leku beretik korrika aritzeak gehiago nekatzen du korrikalaria». Baina ez daukate inongo markarik egiteko asmorik, ezta gutxiago ere. «Gure helburu bakarra maratoia amaitzea da». Eta horretarako erritmoa moteldu behar badute, moteldu egingo dute, Condek dioenez. «Lasterketa lau hankan amaitu behar bada, lau hankan amaituko dugu».
Zubi gaineko izerdia
Javier Condek eta Jon Salvadorrek maratoi bat egingo dute lehenengoz Bizkaia Zubian. Gehien behar dutenentzat dirua biltzeko ekinaldi baten barnean dago korrika saioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu