Bizkaiko Zubiaren zatitxo bat etxean eduki nahiko lukeen portugaletetar zein getxoztar ugari egongo da, seguruenik. Bada, itsasadarraren bi ertzen arteko bidaia milaka aldiz egin dituzten jatorrizko pieza zaharrak erosteko aukera dute Gizadiaren Ondarea den monumentuaren maitaleek. Izan ere, Bizkaiko Zubiak 1998an kabinako errailetik ordezkatutako 200 pieza original saldu ditu, oroigarri bihurturik. Egurrezko xafla lauki luze baten gainean itsatsita, piezei bulegorako papergaineko forma eman diete zubiko arduradunek.
Bizkaiko Zubiko Harreman instituzionalen arduradun Jose Antonio Dolarak azaldu duenez, oroigarriak monumentuak dituen bi dendetan baino ez dira saltzen. «Denda goizeko hamarretan irekitzen dugu, eta joan den ostiralean bederatzietatik ilara zegoen pieza erosi ahal izateko». Dolarak jakinarazi du ahalik eta lasterren oroigarri gehiago jarriko dituztela salgai, izandako harrera ona dela eta. Hala ere, pieza kopuru mugatua dago, eta adi ibili beharko dute erosi nahi duten guztiek. «Kabinako errailen 400 pieza ditugu, asko jota, eta ez ditugu gehiago aterako».
Esan duenez, papergainekoak erosteko, «sekulako» itxaron zerrenda dago. Oroigarriak 9,6 eurotan saltzen dira, eta, ondorioz, eroslerik ez da falta. «Portugaleteko jende asko etorri eta hainbat papergaineko erosten ditu: bata eurentzat, bestea semearentzat... Siriako enbaxadan lan egiten duen Portugaleteko neska batek ere eskatu digu pieza». Hala, hainbeste herritarrek euren etxe zein bulegoan zubiaren pieza bat eduki nahi izateak «haientzat duen emozioa erakusten du», Dolararen iritziz. «Ukitu behar den pieza bat da. Onura emozionala transmititzen du».
Ez da Euskal Herrian tankera horretako zerbait egin den lehen aldia. Iruñeko galtzadarriak jarri zituen salgai Entzierro museoak iaz, urte bukaeran. Berlinen, berriz, Gerra Hotzaren garaian hiria erdibitzen zuen harresiaren pusketak aspaldidanik saltzen dira. «Berlinen harresia zegoen, eta saltzen zena askatasun sentimendua zen. Hemen, ostera, biztanleen artean oso errotuta dagoen monumentu batekiko sentimendua saltzen da», adierazi du Dolarak.
Proiektu gehiago
Oroigarriena ez da ordezkatutako piezei beste erabilera bat emateko egin duten lehen saioa. Areetako plaza zubitik gertu dago, eta, Dolararen esanetan, hura berritzean hasi ziren buruari eragiten. «Aldatu berri genituen piezekin aire zabaleko museo bat egin genezakeela otu zitzaidan niri». Orain, plazan dozena erdi bat pieza dago. Ideia haren harira «bururatu» zitzaien oroigarriak saltzea.
Dolarak azaldu du etorkizunean beharbada beste proiektu batzuei helduko dietela. «Dorreko sarreran zegoen burdinazko eskailera kiribil bat gordeta daukagu». Azken urtean birmoldatu egin dute Bizkaiko Zubia, eta 1892.urteko errematxeak ordezkatu dituzte. Pieza horien kasuan, baina, ez dituzte jatorrizkoak salduko, kopiak baizik, hamabi eurotan. «Jatorrizko errematxeak oso gutxi dira, zenbatuta daude, eta opari instituzionalak egiteko gordeko ditugu».
Zubiaren piezak, bulegoan
1998an kabinako errailetik ordezkatutako jatorrizko piezak jarri ditu Bizkaiko Zubiak salgai. Izandako arrakasta ikusita, antzeko beste proiektu batzuk abiatu nahi dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu