Gorka Bueno. Ingeniaritza irakaslea

«Zubieta eta Zabalgarbi une zailean daude, ez dituztelako Europako arauak betetzen»

Errauste plantek energia sortzeko duten ahalmenaz eta arazoez mintzatuko da ingeniaria gaur, Arrasaten. Kalkuluak eginak ditu, eta zentralon ezina erakusten duten agiri ofizialak plazaratu ditu.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
2012ko apirilaren 18a
00:00
Entzun

Gorka Bueno Mendieta (Bilbo, 1970) irakaslea da EHUko Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoan. Valorando la valorización energética hitzaldia emango du gaur, 19:00etan, Kulturaten (Arrasate, Gipuzkoa).

Energia balioztatzea eufemismo bat besterik ez da, errauste hitz itsusia mozorrotzeko, edo harago doa?

Hondakinekin zer egin erabakitzeko, hierarkia bat ezarri du Europako Batasunak. Horretan, erraustea edo zabortegira botatzea azken aukera da. Aurretik, beste aukera bat dago: hondakinen energiaz baliatzea. Baina, horretarako, errauste plantek baldintza batzuk bete behar dituzte, eraginkortasun aldetik. Nik iaz aztertu nuen Zubietako [Gipuzkoa] plantako egitasmoa, eta ondorioztatu nuen ez duela betetzen Europak eskatutako maila.

Zergatik?

Europa iparraldean errauste planta asko eraikinak berotzeko erabiltzen dituzte zuzenean, eta horretan eraginkortasun maila altua lortzen dute. Hemen ezin dira horrela erabili. Horregatik, hemen elektrizitatea sortzeko erabiltzen dituzte. Hor jaisten da eraginkortasuna.

Zabalgarbikoak (Alonsotegi, Bizkaia) betetzen al ditu Europako baldintzak?

Hura ziklo konbinatuko zentral bat da, errauste planta txiki bat itsatsia duena. Iaz egin nituen kalkuluetan gauza oso adierazgarria aurkitu nuen: alde batetik, %70 gas naturalarekin funtzionatzen du; gainontzekoa zaborra da. Azken horretatik soilik erdia da organikoa; gainerakoa, plastikoa. Beraz, han sortzen den elektrizitatetik soilik %15 da berriztagarria. Bestetik, haren eraginkortasuna ziklo konbinatuko zentral batena baino aski apalagoa da, errausketak baldintzatzen duelako prozesu osoa. Beraz, halako zentralek dituzten abantailak zapuztu egiten ditu errausteak.

Zergatik erabiltzen dute orduan zaborra, gasa eraginkorragoa bada?

Trikimailua da. Zaborra erretzea aitzakia gisa erabiltzen dute, ziklo konbinatua ez amatatzeko. Duela bi hilabete, Raxoiren gobernuak berriztagarri berriak zapuztu zituen. Espainian, krisiarekin, argindar eskaera ez da handitzen, eolikoek gero eta gehiago ekoizten dute eta zentral termoelektriko berriztagarri handiak egiteko asmoa dago. Horrek ziklo konbinatukoak amatatzea dakar. Gas naturalaren lobby-ek Madril estutu dute berriztagarriei laguntzak kentzeko. Zabalgarbin hondakinak erre behar dituztenez, aitzakia dute ez ixteko.

Europa engainatzen ari dira orduan?

Europak formula bat ematen du eraginkortasuna kalkulatzeko. Zubietan kalkulu teorikoak egin dituzte, eta, nire ustez, akatsak dituzte. Eraginkortasuna %25 izango litzatekeela kalkulatu dute, eta Europan ez dago halakorik, normalean %20 gehienez. Nahiko erraza da demostratzea baldintzak ez direla betetzen. Zabalgarbiren kasuan, antzera, baina hango datu errealak ditugu. 2010ean eskatu nion Eusko Jaurlaritzari Zabalgarbik eraginkortasun datua eman zezan. Zentralak emandako agiria erakutsiko dut bihar. Kalkulua «egiteko lanean» ari direla diote. Argi dago ez dutela betetzen eta zirrikitu baten bila ari direla datua zuritzeko. Egoera zailean daude Zabalgarbi eta Zubieta. Energia aldetik ez dira aukera ona.

Errauste plantak urtebetean Donostiako su-festek gau batean baino gutxiago kutsatzen duela esan zuen martxoan EAJko kide batek.

Errauste planten CO2 isurketak soilik izugarriak dira, su-festenak baino askoz gehiago. Gai kutsagarri asko sortzen dira, eta iragazkiek ez dituzte denak gelditzen. Batzuek diotenez, dioxina batzuk plutonioa bezain hilgarriak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.