Gizakiak ere beretzako nahi du zuhaitzaren izerdia. Mundu osoan xurgatu egiten du erabilera anitzetarako: hutsa kontsumitzeko, ziropa, alkohola edo ozpinaren egiteko, besteak beste.
Baina zer da, zuzen, zuhaitz izerdia? «Nahasketa da, zuhaitzak negua igarotzeko erreserbatu duen azukrearen eta udaberrian lurretik xurgatu duen ur iragaziaren artekoa. Horregatik dira ur gozoak. Kultura bakoitzak bere ohiturak ditu», xehatu du Jakoba Errekondo agronomo eta paisajistak. Ororen buru, zuhaitzak bere inguruko materia inorganikoa (CO2a eta ura) bere hazkuntzarako behar duen materia organikoa (glukosa) bihurtzen du. Orain biltzen den izerdia, beraz, neguko azukre pilatua eta udaberriko ur filtratuaren arteko nahasketa da. «Azukre horiek mobilizatzeko, ura lurretik hartzen du, eta landareak filtro baten lana egiten du; horregatik da hain osasuntsua», azpimarratu du Errekondok.
Kultura unibertsala
Euskal Herrian berria bada ere, zuhaitzei izerdia biltzeko kulturaaspaldiko usaia dute frankok. «Gure latitudean daudenek zuhaitzik bigunenak erabiltzen dituzte, bai zulatzeko erraztasunagatik, bai bere balioagatik», gehitu du. Egia da haritzarenaren gisako egur noblea andeatzea ez litzatekeela oso logikoa.
Izan ere, zuhaitzei sapa kendu ahal izateko, gizakietan odol emaitzetan nola, azalean zuloa egin behar zaio, «arbolari kalte egiten diogu, egindako zauria ez baita berehalakoan ixten eta gaitzen sarbide baita. Baina eramangarria da». Hala, Kanada eta AEBetan Azukrearen Astigarrari (Acer saccharum); Kanaria uharteetan hango palmondoari (Phoenix canariensis); Txilen eztiaren palmondoari (Jubaea chilensis); Afrika eta Asia Tropikaletan datil palmondoari (Phoenix dactilifera), kokondoari (Cocos nucifera) eta Palmyrako palmondoari (Borassus spp.) kentzen diote izerdia.
Zuhaitz izerdiaren kultura ur edangarria lortzearekin hertsiki lotua dela jakinarazi du Errekondok. Izan ere, «herri tropikaletan ura beti oso kutsatua izaten da, eta zuhaitzen izerdiak berebiziko garrantzia du, uraren parekoa». Horregatik da hain garatua sagarrondoen kultura Euskal Herrian, Europan inon ez bezala, sagarnoak bete baitu uraren lan hori.
Zuhaitz izerdia, unibertsala
Euskal Herrian orain zabaltzen hasi bada ere, zuhaitzaren izerdiak erabilera anitz du mundu osoan barrena aspalditik. Kultura bakoitzak du zuhaitz sapa bildu eta erabiltzeko bere manera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu