Zuku guzia ateratzeko

Mahats bilketaren eguna ospatuko dute bihar Erriberrin. Aurtengo bilketa aztertu eta baloratuta, lehenbiziko muztioa banatuko dute

Iker Tubia.
Iruñea
2017ko irailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Ailegatu da aurtengo mahats uzta baloratzeko tenorea.. Nafarroako Ardoaren Kofradiak urtero egiten duen mahats bilketaren besta ospatuko dute bihar Erriberrin (Nafarroa). Hala, ekitaldi nagusia eguerdian eginen dute: uzta aztertu eta baloratzeko tenorea izanen da, eta, ondoren, lehenbiziko muztioa banatuko dute.

«Ardoa sustatzeko eta ardoaren kontsumo egokia bultzatzeko sortu genuen Nafarroako Ardoaren Kofradia, 1990. urtean, eta haren ekitaldi nagusietako bat mahats bilketaren eguna da», azaldu du Marilo Eraso kofradiako diruzainak. Horregatik, biharko ekitaldi guziek ardoari gorazarre egiteko balioko dutela esan du. Esaldi batean borobildu du egunaren zentzua: «Nafarroako ardo uzta berri baten jaiotza ospatuko dugu».

Aurtengo pregoilaria Alfonso Karlosena Garcia NUPeko errektorea izanen da, eta, beraz, hari emanen diote Zilarrezko Igitaitxoa saria. «Lehen, kanpoko jendea bilatzen genuen, baina azken urteotan konturatu gara Nafarroan badela oso ongi egin dezakeen, eta kultura alorrean nabarmentzen den jendea», esan du Erasok. Hala, aurten alor akademikoak izanen du bestari hasiera emateko ardura.

Kopak eskuan

Eguerdian, udaletik segizioa aterako da Karlos III plazaraino; han, Karlosenak pregoia irakurriko du. Zilarrezko Igitaitxoa banatu ondoren, mahatsak zanpatuko dituzte, eta mahats bilketaren dantza plazaratuko dute dantzari gazteek. Jotak ere ez dira faltako, ezta muztio dastatzea ere. Ondoren, Nafarroako sor-markako ardoa banatuko dute.

Mahats bilketaren eguna

Bihar, 11:30etik aurrera, Erriberrin (Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.