ATZEKOZ AURRERA. Amaia Merino. Zinemagilea

«Zure ideologia dudan jarri behar da»

Donostiako 'Filmar la guerra, firmar la paz' hitzaldian parte hartu du Amaia Merino zinemagileak. Gatazken ikus-entzunezko kontakizuna aztertu du 'Asier eta biok' filmaren zuzendariak.

ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2016ko irailaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Asier eta biok filmak izandako oihartzuna gainditu eta gero, lanean jarraitzen du Amaia Merino zinemagileak (Donostia, 1970). Azken 23 urteak Ekuadorren daramatza, ez-fikzioko filmen eta dokumentalen editatze lanetan, gehienbat. Hala ere, «orokortasunean espezialista» dela dio, egin behar izaten dituen hainbat lan direla medio. Donostian da egunotan, Zinemaldiko Ikusmira Berriak sailean parte hartzen. San Telmo museoan Filmar la guerra, firmar la paz (Gerra filmatu, bakea sinatu) hitzaldian ere izan da gatazken narratiben inguruan bere iritzia emateko.

Asier eta biok lanagatik egin zarete ezagunak anaia eta zu, baina badauzkazu beste makina bat lan: Mas alla del mall, El pan nuestro... Zertan diharduzu gaur egun?

Anaiarekin elkartu naiz berriro, bigarren dokumentala elkarrekin egiteko. Orain dela urte batzuk elkartu ginen familia nuklearra; hau da, aita, ama, anaia eta laurok. Bidaia bat egin genuen batera, eta baita grabatu ere. Bidaia hori abiapuntu hartuta, gurasoek seme-alabenganako daukaten maitasunaz hitz egin nahi dugu proiektu berrian.

Gaur egun kameren atzealdean lan egiten baduzu ere, aktore ikasketak eginda dauzkazu, baita lan batzuk ere; Tasio pelikulan, adibidez.

Txikitan hasi ginen, pixka bat kasualitatez, lan horiek egiten. 1980ko hamarkadan, Euskal Herriko zinemagintza indartzen ari zen, eta beti behar zituzten neska edo mutil gazteak. Horrela hasi ginen Aitor eta biok. Gero, Madrilera joan ginen, eta han egin genituen ikasketak.

Alboratuta al dauzkazu aktore lanak?

Aktore izatea Espainiako Estatuan oso zaila da; lehiakortasun handia dago. Lana bera gogoko dut, baina ez eskatzen dituen beste betebeharrak: jendea ezagutzea, beti pertsona jator, irekia eta lasaia izatea... Gainera, neska batentzat okerragoa da: beti balio handia ematen zaio fisikoari.

Gidoigile, errealizadore, muntatzaile... hainbat lan mota egin dituzu. Non egin duzu lan erosoen?

Muntaketan nago erosoen; berezia eta pribilegiatua da. Zuzendariaren alboan egiten duzu lan, eta zure lanak guztiarekin dauka zerikusia: argazkia, aktoreak, gidoia, soinua, musika... Asko ikasten da.

Irakasle zabiltza Quiton, Incine zinema eta antzezpen institutuan. Zer moduz irakasle rolean?

Gogoko dut; nik ikasten dut ikasleek baino gehiago. Ikasleen aurrean lana askoz teorikoagoa da. Zuk badakizu nola egin zerbait, baina, zeure buruari galdetzen diozunean «zergatik egin behar da horrela?», teoriara zoaz. Ikasleekin, eurek hartu dituzten erabakiak aztertzen eta eztabaidatzen ditugu. Komeni da eztabaidatzea sakontzeko, bai zure jarreretan, bai zure ideologian.

Zein da parte hartu duzun lanik gustukoena?

Asier eta biok. Nire lehenengo lana da hemen, eta lehenengo lana zuzendari gisa. Lehen esan dudanarekin lotuta dago, gure ideologian sakontzeko aukera eskaini zigun. Beste batzuenarekin konparatu ahal izan genuen: Asierren ideologiarekin, baita kanpoko lagunek daukatenarekin ere. Erronka zen haien lekuan jartzea, haiek gurea uler zezaten.

Filmak harrabots handia izan zuen Euskal Herrian eta Espainian.

Guk hasieratik garbi genuen zer lortu nahi genuen: gure ikuspuntua ezagutaraztea, galderak sorraraztea. Nire ustez, Espainiako gizarteak, oro har, iritzi emozionala dauka euskal gatazkari buruz. Ez hori bakarrik. Iritzi partziala dute, baldintzatua, estatuarena, oso azalekoa, eta abiapuntua ezjakintasuna da. Guk esperientzia propio bat kontatu nahi genuen, Aitorren adiskidetasuna Asierrekin, jendeak gauzak beste era batera ikusteko aukera izan zezan. Eurentzat egin genuen pelikula.

Nola bizi izan zenuten?

Beldur irrazionala izan nuen nik, ez dakizuna nondik datorren. Nire ideologia eta nire ikuspuntua Espainiako kazetarien aurrean defendatzeak beldurra ematen zidan; baita nire ingurukoak deseroso edo haserre egoteak planteatzen genuenarekin ere.

Aipatu duzu galderak sorraraztea zenutela helburu moduan. Zergatik sortu nahi zenituzten galderak?

Gai korapilatsuekin zerikusia daukaten filmek benetan aldaketa bat eragiteko zure ideologia mugitu behar dute: galdera berriak sorrarazi, zure jarrera dudan jarri... Kontrastatuz gero, dudan jarriz gero, bestearen tokian jartzen saiatuz gero, berrets zaitezke. Baina ez baduzu egiten, arrazoirik ba al daukazu berresteko?

Denboran atzera egiterik izango bazenu, berriro erabakiko al zenuke filma grabatzea?

Bai, bai eta bai. Filmarekin aukera izan dut nire ideietan sakontzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.