Donostiako Aste Nagusia

Zurriola, kulturen topaleku

Zurriola Kultura Irekian, hamabi herrialdetako janari eta edariak eskaintzen dituzte; mahaietan eserita jan daitekeMunduko musikak ezagutzeko, kontzertuak izaten dira; gaur, Xabi San Sebastian Band

Donostia
2013ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Usainak erakartzen ditu, eta giroak geldiarazi. Donostiako Kursaaleko Urumea terrazatik pasatzen direnek jakin-minez begiratzen diete han dauden postuei. Hamabi postutan, munduko hamabi kulturatako janariaz eta edariaz gozatzeko aukera dago. Baserritar jantzia soinean, Segurako taloak egiten ari dira andre batzuk. Taberna brasildarrean, mojitoa eta caipirinha edan daitezke. Taberna errioxarrean, berriz, txerriki eta patata erreak. Kultura bakoitzak duen onena ekarri du Donostiara.

Eguerdian ireki dituzte postuak, eta jendea gutxika biltzen ari da. Buelta bat ematen dute lehenik, postu bakoitzean zer jan dezaketen ikusteko, eta gehien erakartzen dituen eskaintza aukeratzen dute. Ibon Aldekoa lagunekin eta haurrekin etorri da Areatzatik (Bizkaia), egun pasa. «Egia esan, ez genuen leku honen berri; kontzertua entzutera etorri gara, eta, postuak ikusita, hemen bazkaltzea erabaki dugu». Denetik probatu dute; Aldekoak paella hartu du. «Ederra dago». Lagun batzuek fideo orientalak hartu dituzte janari thailandiarra saltzen duten postuan. «Jakin-minez hartu ditugu, probatzeko». Haurrek, berriz, Errioxako patatak jan dituzte.

Urumea terrazaren bueltan daude postuak. Erdian, mahaiak eta aulkiak daude, eta hantxe esertzen da jendea, postu bateko zein besteko janariarekin. Bazkaltzera etorri dira batzuk, Aldekoa bezala. Beste batzuk, berriz, mokadutxo bat jatera eseri dira. Maribel Rodriguez, esaterako, senarrarekin eta lagun batzuekin dago, taberna errioxarraren aurrean. «Labean egindako patata batzuk jaten ari gara, piperrautsarekin. Hau bukatutakoan, saiheskia jango dugu». Rodriguez Extremadurakoa (Espainia) da, baina sarri etortzen da Donostiara, alabarengana. «Iaz ere izan nintzen Zurriola Kultura Irekian, eta asko gustatu zitzaidan; horregatik etorri gara aurten berriz».

Atzo, mahaiak beteta zeuden 13:30erako, eta asko ezustean harrapatu zituen Tristan Crowleyren kontzertuak. «Irlandako folka egiten du Tristan Crowleyk, malenkoniatsua eta poetikoa; gaur, haren abesti berriak aurkeztuko dizkigu», esan zuen bozgorailuko ahotsak. Jendeak, jateari utzi gabe, adi begiratzen zuen agertokira. Batzuk, zutitu, eta aurrean jarri ziren, artista ateratzeko zain.

Gitarrarekin atera zen Crowley, eta euskaraz agurtu zuen publikoa: «Egunon, zer moduz?». Ez zuen aurkezpen gehiago egin, ordea. Segituan, gitarra hartu eta kantuan hasi zen. Gitarraren doinu lasaiak eta irlandarraren ahots leunak hartu zuten Kursaaleko terraza. Gazte batzuk janari eta guzti hurbildu ziren agertokiaren aurrera, janaz eta kontzertuaz batera gozatzeko. Eta askok lurrean eserita entzun zuten, kontzertuaren erritmo lasaiak ematen baitzuen horretarako aukera.

Aste Nagusian, egunero izaten dira kontzertuak Zurriola Kultura Irekian, eta, David Conderen esanetan, jende asko erakartzen dute. Taberna galiziarrean dabil Conde lanean. Besteak beste, urdaiazpiko errea, enpanadak eta Padrongo piperrak eskaintzen dituzte postuan; nahi izanez gero, etxera ere eramaten dute. «Gehienek urdaiazpiko errea eskatzen dute». Ez da gutxiagorako: itxura ez ezik, usaina ere paregabea baitu. «Gure berezitasuna da». Ogi tartean edo platerean, bietara ateratzen dute.

Taberna mexikarrean, berriz, takoak eskatzen dituzte gehienek, haragiarekin, oilaskoarekin edo txorizoarekin. «Nachoak ere asko eskatzen dizkigute, guacamolearekin», esan du Charo Hernandezek, zerbitzariak. Kataluniarra da, baina asko gustatzen zaio janari mexikarra.

Gaur, folka Mary May-rekin

Gustu guztietarako aukera dago. Alde batera nahiz bestera begiratu, edonon ikus daitezke probatzeko gogoa pizten duten produktu gastronomikoak. Taberna alemaniarrean, txerri ukondoa eta saltxitxak eskaintzen dituzte, besteak beste. Baita garagardoa ere. Taberna turkiarrean, berriz, kebaba jateko aukera dago.

Maria Segarra krepe denda bretainiarrean dago, krepeak egiten: gozoak eta gaziak. «Norberak aukeratzen du krepe barruan zein osagai sartu nahi dituen; gehien saltzen duguna barazki, urdaiazpiko eta gaztaz betetakoa da». Txokolate beltza nahiz zuria, almendrak eta mugurdiak ere aukera daitezke.

Gaur ere, atzo bezala, izango da musikaz gozatzeko aukera Zurriola Kultura Irekian. 13:30ean, Mary May musikariak folk kontzertua eskainiko du. 20:00etan, berriz, Xabi San Sebastian Band igoko da taula gainera, pop musikarekin. Izotz taldeko abeslari ohiak Erraiak lana aurkeztuko du, bere taldekideekin batera. Haien hirugarren diskoa da: «Rockeroena eta gitarreroena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.