Komunikazioa. Ekografiak

Zurrunbiloa

Jokin Labaien.
2011ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Benetan, garrantzitsua da guretzat delako pertsona ezagunak zenbat kilo pisatzen duen? Benetan, garrantzitsua da guretzat dena delako artista hori zeinekin oheratzen den edo ez den? Benetan, garrantzitsua da guretzat beste hura oporrak igarotzera nora joan den jakitea? Benetan, garrantzitsua da inork erosketak non egiten dituen ikustea? Adibideak baino ez dira. Lau soilik. Milioika izan zitezkeen. Geure burua gutxiegi maite dugu ezagunak diren horiek, onerako edo txarrerako, gehiegi axola zaizkigun bitartean. Horrek ondorioak dauzka, ez pentsa. Guretzat. Fokuaren argitan daudenentzat.

Zein da albistea? Nor? Azken egunetan, Leire Pajin Espainiako Osasun ministroa. Hainbat agerkari digital eta paperezkok haren irudiak zabaldu dituzte. Bikinian ageri da, hondartza batean. Osasuntsu ote dagoen galdetzen da, ironikoki. Galderak berak osasuntsu ez dagoela iradokitzen baitu, kilo gehitxo duela Osasun ministro izateko. El Mundo egunkariak bisturia ere sartu dio, benetako argazkia eta faltsutua alderatuz, itxura egokia zein lukeen esateko. Umiliagarria bai.

Zurrunbiloak hauts asko haizatu du. Asmatutako albistea edo albistea asmatu izana, baina askok, gehiegik ikusi edo entzun dugu. Baita hizpide hartu ere. Azkena, nik neuk. Azken aurrekoetako bat Tele5 kateko Concha Garcia Campoy aurkezlea izan zen. Pajin bera elkarrizketatu zuen, eta, nola ez, lehen galderak gaiari eskaini. Ez naiz askotan ministroarekin bat etorri ohi, definizioz. Hala ere, konbentzitu egin ninduen, neurri batean. Kritika fisikoek politikoak indarge uzten dituztela, ez diela halakoei zertan kasu egin, normalki halakoak emakumeei egindakoak izaten direla eta horri buelta eman beharra dagoela eta abar. Garcia Campoy haren alde, kazetaritzaren ikuspegitik gertakarien garapenak eragiten dion kezka agertuz. Azken galdera bitarte. Azken hori zurrunbiloaren muinera iristeko modukoa baitzen. Eskubidea izan arren, oporretan hain ageriko agertzea baldarkeria ez ote den. Eutsi horri. Eta Pajinek eutsi, bere ekintza zurituz, justifikatuz, arrazoituz. Opor garaian, ministro ala munduko errege izan, pertsonak hondartzara joatea arrazoitu behar balu legez.

Ni joaten naiz hondartzara, nire lagunak ere bai, eta senideak, eta bizilagunak, eta haien ezagunak eta... Eta inork ez du bere burua zurrunbilo horretan aurkitzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.