Zutabeak, bisita aitzakia

Bilboko Alhondegiak 43 zutabe dauzka, eta bakoitzak istorio bat ezkutatzen du. Sekretu horiek ezagutzeko, bisita gidatuak antolatu dituzte.

Alhondegiko zutabeen inguruan egindako bisita gidatuek ikusmina sortu dute. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Zutabe klasikoak, modernoak, garaikideak edo estilorik gabekoak. Marmolezkoak, adreiluzkoak, altzairuzkoak, brontzezkoak, edo egurrezkoak. Era guztietako zutabeek eusten dituzte Alhondegiko hiru eraikinak, eta horien albotik igarotzean, gizadiaren historian zehar igarotako hamaika kultura, arkitektura, erlijio edo gerra ezagutu ahal izango ditu bisitariak. Hori bera izan zen Lorenzo Baraldi eszenografoaren asmoa 43 zutabeak diseinatu zituen unean, eta hala erakusten dituzte zutabeei buruz antolatu dituzten bisita gidatuetan ere. Bilboko Alhondegiko zutabeen sekretuak, gaur ezagutu ahal izango dira euskarazko bisita gidatuan.

Philipe Stark Alhondegiaren diseinatzaileak zutabeei garrantzia eman nahi izan zien, eta horretarako zineman oinarritu zen. Pelikuletan presentzia nabarmena daukate, «zutabeen atzean ezkutatzen da, maitemintzen da, musukatzen da... Zutabeen atzean espiatu egiten da, akabatu edo zita egiten...», Starkek egindako hausnarketaren arabera. Zutabeek zineman garrantzia zutelako, horregatik eman zion hauek diseinatzeko ardura eszenografo bati Stark-ek.

Lorenzo Baraldik 2009an jaso zuen zutabeak egiteko enkargua, eta ia urtebeteko denbora tartean 800 zirriborro bidali zizkion Alhondegiaren diseinatzaileari. Diseinu horiek guztiak egiteko garaian, artearen historiako hainbat estilotan oinarritu zen eszenografo italiarra. Hori dela eta, zutabe bakoitzak hainbat inspirazio iturri izan ditzake, eta kultura edo arte adierazpide ezberdinetako ezaugarriak barneratzen ditu bere baitan.

Zirriborro horietatik guztietatik behin betiko diseinuak aukeratuta, materialak eta zutabeak egingo zituzten eskulangileak aukeratzeko ardura berriz ere Baraldiren esku geratu zen. Eszenografo italiarrak behin eta berriro azpimarratu zuen ez zituela pieza perfektuak nahi, gizakiaren eskua antzeman zedila nahi zuen, makina batekin egina ez zegoela ikusi. Horretarako hamaika tailer bisitatu zituen Baraldik, eta azkenik Eibarko Alfa Arte tailerra eta Italiako beste zazpi enpresa aukeratu zituen. Tailer bakoitzean material ezberdinekin egin zuten lan, eta enpresa eibartarrak brontze eta aluminioarekin egindako lau zutabe egin zituen Bilboko Alhondegirako.

Materialak ere anitzak eta oparoak dira, eta horien artean munduko marmolik ezagunena topa daiteke, Carrarakoa. Italiako harrobi horretako marmola bere zuritasunarengatik da horren ezaguna, baina marmol beltzezko zutabeak ere nahi zituen Lorenzo Baraldik, eta horretarako Markinara jo zuen. Bizkaiko herritik ekarri zuen nahi zuen materiala, eta harekin egin zuen Alhondegiko zutaberik pisutsuena (9.000 kilo).

Zutabe gehienak eginda ekarri zituzten arren, beste batzuk in situ egin zituzten, adreiluzkoak kasu. Beste zutabe batzuek ere azken ukituak Alhondegian bertan jaso zituzten, denek bereizgarri ezberdinak baitauzkate.

Xehetasun horiek guztiak eta gehiago ezagutzeko, Bilboko Alhondegiko zutabeen inguruan bisita gidatuak antolatu dituzte. Bisitariak lehen bistan ezagutuko ez dituen ñabardurak denen eskura egon daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.