Euskara

Zuzendu dute Bilbon bihotzekoaren biktima euskaldunei «arduragabe» esaten zien txartela

Twitterren erabiltzaile baten kexuaren harira, Behatokiak ohartarazpen bat egin du, eta berehala erantzun du txartelaren ardura duen erakundeak.

Bilboko Alondegiko parkinean egon den txartela. IMANOL AZKUE
Edu Lartzanguren.
2021eko maiatzaren 19a
12:57
Entzun

Itzulpen txarren antologiara pasatzeko modukoa zen Bilboko Alondegiaren aparkalekuan jarrita egon den txartela. Bihotzekoa pairatzen ari direnen bihotza berriz abiatzeko, desfibriladore bat dago han jarrita, eta gailua erabiltzeko jarraibideetan honako hau ageri zen gaztelerazko bertsioan: Desfibrilador; para persona inconsciente que no respire normalmente. Aldamenean, euskarazko bertsioan, itzulpen hau agertzen zen: Desfibriladorea; normalean arnasten ez duen pertsona arduragabearentzat.

Lehen ere ibili da txartelaren akatsen berri sare sozialetan, baina, astelehenean, Imanol Azkue erabiltzaileak txio bat bota zuen Twiterren: «Bilboko Alondegiko parkinean, euskalduna izanez gero, bihotzekoak jotzea gutxi ez eta igual esango dizute normalean ez duzula arnasten eta axolagabe hutsa zarela».

Twitterlari batek mezuari erantzun zion, Behatokiaren kontua aipatuta. Erakunde horretakoek BERRIAri esan diotenez, eurek erreklamazioa bidali zioten txartela jarri zuen Proyecto Salvavidas egitasmoari, eta haiek berehala erantzun zuten. Erakundeak barkamena eskatu du itzulpen akatsarengatik. «Uste genuen txartel hauek guztiak aldatuak genituela, baina honek ihes egin digu». Mezuarekin, txartel berri zuzenduaren argazki bat bidali zuten: Desfibriladorea: konortea galdu duen pertsona batek arnasa normal hartzen ez duenean jartzen du txartel berrian.

Mezuan, erakundeak eskatzen du abisua pasatzeko beste akatsen bat ikusiz gero, «halako hutsegite nabarmenik» berriz ez egiteko. BERRIAk Poyecto Salvavidas erakundearekin hitz egin du asteazken eguerdian, eta baieztatu diote teknikaria txartela aldatzeko bidean dela.

Gertaera honek erakutsiko luke garrantzitsua dela salaketak egitea, funtzionatzen duelako? Edo salbuespen bat al da?

Behatokiko Garbiñe Petriatik esan duenez, kexa guztiek ez dute horren berehalako erantzunik jasotzen. «Txartel bat aldatzea erraza da; mediku euskaldunik ez badago... hori beste kontu bat da». Edonola ere, salaketek balio dute «bizi dugun egoeraren konstantzia uzteko». Gero, salaketa horien bidez, egoeraren erretratua egin dezakete, administrazioei emateko. «Erakusten ez dena ez da existitzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.