ATZEKOZ AURRERA. Vicent Egea. Pamplonesako zuzendaria

«Zuzenean jotzea entzierroa bezalakoa da»

Pamplonesa musika banda 95. urteurrena ospatzen ari da. San Fermin jaiak inspirazio hartuta, ikuskizun berri bat aurkeztuko du Iruñeko Baluarten, heldu den igandean.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Vincent Egeak (1961, Cocentaina, Herrialde Katalanak) hamazazpi urte darama Iruñeko Pamplonesa udal banda gidatzen. Bi lan estreinatuko ditu igandean, eta korrikalariak zezenaren aurrean bezala dago.

Kontzertua baino gehiago izango da igandekoa. Zer zehazki?

Ikuskizun bat izango da, sanferminetako musikan oinarritutakoa. Alde batetik, jaietan entzuten ohi den musika; bestalde, hiru pieza estreinatuko ditugu; ez da kalean entzuten den musika, baina, betiere, jaiak dituzte oinarri.

Esan duzue entzuleekin partekatu nahi dituzuela jaiaren «unerik esanguratsuenak eta zirraragarrienak».

Guk parte hartzen dugun uneak egongo dira ordezkatuta, baina baita jai egitarauan edo jendearentzat garrantzitsuak direnak ere: esaterako, entzierro txikia; sartu egin dugu, eta ez duen musika eman diogu. Txupinazoarekin hasiko gara, dena den. Musika, dantza, argiak, ikus-entzunezkoak eta bestelako baliabideak erabiliko ditugu ikuskizunean, eta ez da soilik banda egongo, udal musika talde guztiek parte hartuko baitute: txistulariek, gaita jotzaileek, turuta jotzaileek. Sinfonia handi bat izango da.

Nola koordinatu duzue guztia?

Ez da erraza izan, gauza batzuk zehatz-mehatz egin behar direlako. Batzuetan, ehun pertsona baino gehiago egongo dira agertokian. Proba saio orokor bat egin dugu, ez benetako agertokian, baina neurriak hartuta, eta pusketako beste hainbat saio. Talde bakoitza bere egoitzan aritu da. Autobus geltokian izan ginen joan zen ostiralean, leku handia delako. Uste dugu denek ondo landua izango dutela.

Estreinatuko dituzuen hiru pieza horietako batzuk zerorrek konposatu dituzu, ezta?

Lehen aldiz entzungo diren piezetako bi neureak dira: entzierroari eta entzierro txikiari eskainitakoak. Lehena banda osoak jotzeko da, eta bigarrena, perkusio talderako. Jesus Garisoain zuzendariordeak egin duen pieza collage antzeko bat da:Iruñeko peña guztien sintesia egin du.

Zergatik eskaini diozu lan bat entzierroari?

Niretzat entzierroak esanahi handia du, eta nola ikusten dudan islatzen saiatu naiz. Oso modu birtuosoan egin dut, eta bandak dituen balioak erakutsiz, arriskatuz.

Zenbat denbora obra entseatzen?

Lehen entsegua maiatz amaieran egin genuen, obra berezia delako. Oso pozik nago. Lan zaila da, eta oso berritzailea, hainbat alderditan. Saiatu naiz musikariak urrats bat harago eramaten. Musika aldetik asko eskatzen du, edozein bandak ezin baitu jo pieza hau. Baina grina handiz landu dugu; ez dugu beti izaten. Emaitza ikaragarria da, eta ez dago arriskurik. Baina entzierroa bezalakoa da zuzenean jotzea: edozer gerta daiteke, baina ezbeharrik ez badago, ikusgarria da.

Nola ikusten duzu zuk entzierroa?

Emozioa, drama, arriskua, azkartasuna, etengabeko tentsioa eta abar dituen zerbait da entzierroa, eta hori erakutsi nahi izan dut obran. Musikarekin batera, gainera, ikus-entzunezko bat ikusten da, kontatzen ari dena indartzeko. Obra entzierroaren zazpi zatitan banatuta dago. Publikoak ez dezala itxaron telebistan ikus daitekeen zerbait, baizik eta zerbait subjektiboagoa.

Entzierrozalea zara?

Telebistan edo balkoi batetik ikusteko bai, korrika ez.

Asko aldatu al dira jaiak?

Oro har, ez. Masifikazioak ekarri du aldaketarik handiena. Gure kasuan, jotzea zailagoa da hainbeste jenderen artean.

Zuek zarete txupinazoaren ondoren ateratzen lehenak.

Ateratzen garenerako, dezente hustuta egoten da plaza, baina gogorra da. Prozesioa gozamena da: errespetatzen zaituzte, txalo jotzen dizute, jendea garbi doa...

Nola hartzen dituzu zuk jaiak?

Ardura duen beste edonork bezala: ezin dut gehiegi erotu.

Sanferminen ostean, oporrak?

Bai, eta ondo merezita, gainera... Udan, ohitura dut konposatzeko. Orain, sinfonia bat amaitzen ari naiz, eta indarrak hor jartzen ari naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.