«Gaur egun entzuten duzuen guztia bluesetik dator. Beraz, etorri lasai, gustatuko zaizue eta», egin du gonbidapena Leioako Travellin’ Brothers bandako Aitor Cañibanok. «Ez da ezer ulertu behar; dantzarazten bazaitu, nahikoa da». Barikuan hasiko da Bilboko V. Blues Jaialdia. Hiru egunez, nazioarteko musikaririk onenekin gozatzeko aukera egongo da Areatzako kaian eta pasealekuan. Horietako batzuek batera joko dute, gainera: aurten, Bilbao All Star Blues Band sortu dute beren-beregi jaialdirako, AEBetako bluesaren «izar handi batzuek» osatuta: Willie Buck, Bob Stroger, Teeny Tucker, Jimi Primetime Smith, Anthony Geraci, Wes Starr eta Bob Corritore. Zapatuan arituko dira, 20:45ean, eta domekan, 14:00etan.
Nabarmendu dutenez, aldi baterako banda horretako kideek kimika «paregabea» dute. «Bluesa maila bikainera eramaten duen garbitasun estilistikoa dute», esan du Kontxi Claver Bilboko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza, Turismo eta Enplegu zinegotziak. Gainera, Bob Stroger baxu jotzailea «etxekoa» da Bilboko zaleentzat: festibaleko txapelarekin saritu zuten jaialdiaren lehen aldian. Nazioartean ere aitortza garrantzitsuak egin izan dizkiote: esaterako, birritan izendatu dute urteko baxu jotzailerik onena Blues Music Award sarietan.
Strogerrek ospe handiko beste hainbat musikarirekin jo izan du: Eddie King, Jimmy Rogers, Buster Benton eta Odie Payne, besteak beste. Eta baita Travellin’ Brothersekoekin ere. Cañibanok kontatu duenez, duela hamar bat urte izan zen. Pentsatu zuten elkarrekin jotzeko azken aukera izango zutela, orduan Strogerrek 85 urte zituelako. Baina hara non aurten Bilbon elkartuko diren berriro, Leioako bandakoek jaialdiko txapela jasoko duten urtean, hain justu. Estreinakoz etxeko talde bat omentzea erabaki du Bilboko festibalak. «Ohore itzela da orain arteko nazioarteko musikariek jaso duten aitortza jasotzea, eta etxean, gainera», nabarmendu du Cañibanok. «Musikaz ezer gutxi zekien seikote bat ginen: baserri batean jotzen hasi ziren baserritar batzuk», gogoratu ditu taldearen hastapenak.
«Ziur esan dezaket Bilboko jaialdia Europako bost onenen artean dagoela kalitateari dagokionez»
AITOR CAÑIBANO Travelin' Brothers taldeko kidea
Bi hamarkada baino gehiagoan, 1.400 kontzertutik gora jo ditu taldeak, hogei herrialdetan baino gehiagotan. «Gehienak atzerrian jo ditugu, eta ziur esan dezaket Bilboko jaialdia Europako bost onenen artean dagoela kalitateari dagokionez». Festibala doakoa izatea ere nabarmendu du Cañibanok. Esan du halako musikariak musu truk entzun ahal izatea ez dela «batere ohikoa». Leioaztarrentzat berezia da Bilboko festibala: 2022tik haientzat oholtza finkoa izateaz gain, jaialdiaren antolakuntzan ere laguntzen dute. «Berezia da itsasadar ertzean jotzea: New Orleansen sentitzen gara, Mississippi ibaia ondoan dugula».
Zapatuan, Travellin’ Brothers banda ez da bakarrik igoko oholtzara. Big band modura arituko dira, eta guztira hamazortzi musikari arituko dira. 22:30ean da saioa. Ez dute lehen aldia; azkenekoz, Bilboko Kafe Antzokian aritu ziren formatu horretan, apirilean, Back in Business disko berria aurkezten. Festibaleko kontzerturako, zenbait lagun gonbidatu dituzte. Steve Krase harmonika jotzailea, Vanessa Collier saxo jotzailea eta Ian Siegal gitarra jotzailea haiekin izango dira, berbarako. «Areatza hankaz gora ipini gura dugu», ohartarazi du Cañibanok.
Bluesa baino gehiago
Hiru egunotan, beste hainbat aukera egongo dira blues musikaz gozatzeko. Esaterako, barikuan harmonika jotzaile onenetako bat entzuteko aukera izango dute Areatzara doazenek: Mark Hummel bere taldeko musikariekin etorriko da. Eta, eguna bukatzeko, Judith Hill abeslariaren emanaldiaz gozatu ahal izango dute. Ahots indartsua du, eta badaki hainbat generotara moldatzen: funkera, jazzera eta rockera, adibidez, bluesaren eta gospelaren eragin nabarmenarekin.
Kontzertuez gain, bestelako jarduerak ere prestatu dituzte jaialdiaren antolatzaileek. Domekan, 11:00etan, emakumeek AEBetako esklabotzaren aurkako borrokan izan zuten garrantziaz arituko dira Guggenheim museoan. Hector Martinezek egingo du berbaldia. Haren berbak ez ezik, XIX. mendeko borroka hura gogoraraziko duen musika ere entzun ahal izango da, Mayka Edjolekek abestuta eta Alex Caporusciok gitarrarekin lagunduta. Horrez gain, boogie woogie klaseak ere eskainiko dituzte Areatzako kioskoan, gura duten guztiek doan dantzan ikas dezaten.