Udako proposamenak

Animalien historia ibiltaria

'Animaliategia' erakusketa ibiltaria Bermeon izango da bihartik abuztuaren 2ra bitarte. Bilboko Arte Ederren Museoko 38 artelanen erreprodukzioak bildu dituzte.

'Animaliategia' erakusketa ibiltariaren irudi bat, Bilbon. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
'Animaliategia' erakusketa ibiltariaren irudi bat, Bilbon. BILBOKO ARTE EDERREN MUSEOA
Garazi Izagirre Aiestaran (2)
2026ko uztailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizkaiko zenbait herritan egon ostean, Bermeon (Bizkaia) egingo du geldialdia Animaliategia erakusketa ibiltariak. BBK Artearen Ibilbidea egitasmoaren zazpigarren aldia izango da aurtengoa, eta, haren bidez, Bilboko Arte Ederren Museoko 38 artelanen erreprodukzioak bildu dituzte Animaliategia-n. Izenburuak berak iradokitzen duen moduan, obra guztietan animaliak dira protagonistak. Hainbat artista, garai eta teknika ageri dira mihiseetan; besteak beste, margolaritza, grabatua, kartela eta arte aplikatuak. 

2020an jarri zuten martxan egitasmoa, Arte Ederren Museoaren zabalkunde eta hezkuntza lana egoitzatik kanpo eramateko xedez. Hala, herritar orok izango du aukera museoko artelanak gertutik ezagutzeko. «Kultura artistikoa sustatu nahi dugu, eta haren ondarearen oparotasuna eremu publikoetan ezagutarazi», azaldu dute antolatzaileek, ohar bidez. Maiatzetik abendura bitarte, astero-astero Bizkaiko herri bat bisitatuko du erakusketak; hurrengoa Mundaka izango da: abuztuaren 3tik 9ra bitarte egongo da bertan.

Gailu mugikor batean jartzen dituzte artelanak, eta «zehaztasun handiz» erreproduzitzen dituzten zenbait panel osatzen. Gainera, obra bakoitzaren inguruan gehiago jakiteko, informazio gehigarria du artelan bakoitzak alboan, euskaraz zein gaztelaniaz. Komisario lanak Jose Luis Merino Gorospek egin ditu, Bilboko Arte Ederren Museoko Antzinako Artearen kontserbatzaileak. Hortaz, berak erabaki du ibilbiderako zer obra hautatu. Antolatzaileen ustez, badago egindako aukeraketak agerian uzten duen zerbait: «Animalien irudikapenen balio alegorikoa; izan ere, artearen narrazio dimentsioa indartzen dute, deskripzio hutsetik harago».

Animaliak mendeetan

Historian zehar animalien irudikapenak «funtzio sinbolikoa» izan duela adierazi dute egitasmokoek, eta, hain justu, horixe bera islatzen duten zenbait artelan topa daitezke erakusketan. Esate baterako, Paul de Vos eta Jacob Jordaens margolariak dira horren adierazle; izan ere, Jupiter jainkoaren figura mitologikoa erabili zuten euren obretan, erdia gizon eta beste erdia ahuntz den satiro baten formekin.

Jose Arrue eta Aurelio Arteta artistek, berriz, beste ikuspegi bat eman zieten beren obrei: gizakien eta animalien arteko harmonia eszenak sortu zituzten euren margolanetan. Horietaz gain, Rosa Bonheur artistaren lanak nabarmendu dituzte erakusketaren antolatzaileek, «animalienganako errespetu zintzoaren adierazle baita».

Argazkigintzan ere hasi ziren animaliak elementu gisa erabiltzen, eta Alberto Schommerrek Jose Hierro poetari egindako erretratuan argi ikus daiteke hori: sorgin-orratzak eta tximeletak ditu aurpegian. Hamarkada batzuk geroago, Guerrilla Girls talde feministak animaliak eta arte klasikoa uztartu zituen. Horren fruitua da ezaguna egin zen kartela, Venus agertzen duena buruan gorila mozorroa duela.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA