Bizkaitarrek aurreko kanpainan baino 58,6 milioi gehiago jaso dituzte etxebizitzari dagozkion kenkarietan

Ogasun diputatuak uste du iazko zerga erreformari ipinitako helburuak nabaritzen hasi direla, batez ere etxebizitzaren alorrean. Inoiz baino errenta aitorpen gehiago aurkeztu dira 2025eko kanpainan.

Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatua, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Itxaso Berrojalbiz Bizkaiko Ogasun eta Finantza diputatua, gaur, Bilbon. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2026ko uztailaren 23a
16:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

EAJk, PSE-EEk eta Elkarrekin Ahal Dugu-k iaz adostutako zerga erreformak 83,4 milioi euroko eragina izan du 2025eko Bizkaiko errenta kanpainan. «Dagoneko ikusten gara ezarri genituen helburuak betetzen hasi dela, eta, bereziki, etxebizitza arloan igartzen dugu», adierazi du Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak. Izan ere, aurreko kanpainan baino 58,6 milioi gehiago jaso dituzte alokairuari eta hipotekei lotutako kenkarietan; guztira, 339 miloi euro. 226.000 bizkaitar izan dira onuradunak. «Datu horrek erakusten du argien zerga berrikuspenarekin zer lortu gura genuen».

Ohiko etxebizitzaren alokairuagatik jasotako kenkarietan igarri da hazkunderik handiena. Batez beste, 1.283 euro jaso ditu bakoitzak, eta guztira 88,6 milioi euroko eragina izan du; hau da, 2024ko kanpainan baino %34 gehiago. 69.000 zergapetuk eskatu dute; aurreko kanpainan baino 10.000 gehiagok. Ohiko etxebizitzako inbertsioei dagokien kenkaria ia bi mila herritar gutxiagok eskatu dute, baina %13,2 igo da haren eragina; batez beste, 1.247 euroko kenkaria egin diete. Etxebizitza kontua dutenak, berriz, 5.000 gehiago dira —16.704, guztira—, eta %62,5 handitu da horri dagokion kenkariaren eragina.

Zifrak

3.000

Fakturarik bidali ez duten zergadunak. Bizkaian, aurten bukatu dute Batuz sistema ezartzen. 75.000 pertsona fisiko, juridiko eta entitateri eragin die. Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak adierazi duenez, horietatik 25.000k ez dizkiete Ticket Bai bidez bidaltzen fakturak. Badakite %85 jarduerarik gabeko entitateak direla. Gainontzeko 3.000 zergapetuei gutuna bidali die Ogasunak, haien obligazioak gogoraraziz. Ez badute erantzunik jasotzen, tokian tokiko ikuskapenak egingo dituztela iragarri du Berrojalbizek, eta, irregulartasunak topatuz gero, zigorretan «zorrotzak» izango direla. 

%11,41

Aitorpen bateratua egin dutenak. lazko zerga berrikuspenaren ondorioz, aitorpen bateratua egin ohi zuten guraso bananduetako eta dibortziatuetako batzuek ezin izan dute halakorik egin 2025eko errenta kapainan. Edozelan ere, Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak esan du ez dela alde handirik egon: aurten aitorpenen %11,41 izan dira bateratuak, eta orain arte %12 eta %13 artean izaten ziren.

Berrojalbizen esanetan, batez ere gazteek nabaritu dituzte etxebizitzaren arloko aldaketak. Zerga erreformaren ondorioz, 30 urtetik 36 urtera igo da gaztetasun muga. Horregatik eta oro har aitorpenen kopurua handitu delako, aurreko kanpainan baino 41.702 bizkaitar gehiagok eskatu ahal izan dituzte gazteek etxea lortzeko kenkariak; guztira, 63.000 herritarrek. Osotara, 119 milioi euroren kenkariak aplikatu dira, 36 urtetik beherako bizkaitarren aitorpenetan etxebizitzari lotuta. 2024ko kanpainan, 10.693 aitorpenetan aplikatu zen alokairuari dagokion kenkaria; oraingoan, 25.229tan. Gorakada adierazgarriagoa dagokio etxeetan egindako inbertsioaren kenkari kopuruari: 4.921 aitorpenetik 24.278ra pasatu da.

Kenkari horretan beste berritasun bat ere egon da: 2025ean erositako etxeei dagokienez, inbertsio muga kendu egin dute. 36 urtetik beherakoek egindako aitorpenen %19,4 baino ez dira izan; adin kenkari horri lotuta itzulitakoaren erdia baino gehiago jaso dutela nabarmendu du diputatuak. Batez beste, 6.676 euro kobratu dituzte.

Herritarrak, «oso pozik» talentua erakarri eta enpresak finkatzeko neurriekin

Ekainean, talentua erakartzeko eta enpresak Bizkaian egonkortzeko neurri fiskalak iragarri zituzten Elixabete Etxanobe ahaldun nagusiak eta Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak. Biharamunean, PSE-EEk egotzi zien eurekin adostu gabe aurkeztu izana. Berrojalbizek esan du EAJk eta sozialistek sinatutako gobernu itunean jasota dagoela Ogasun eta Finantza diputatuak neurri fiskalak ezarriko dituela helburu horiek lortzeko, eta berak hori egin duela. Nabarmendu du herritarrek «oso pozik» hartu dituztela, eta neurri horietan «sakontzeko» eskatzen dietela alegazioetan egindako proposamenetan. 

Berrojalbizen esanetan, beste beharrizan batzuei ere erreparatu zieten zerga berrikuspenean. Kenkari berriak sortu zituzten zaintza kontuetarako, zero isuriko ibilgailuak erosteko eta eraginkortasun energetikoa bultzatzeko, besteak beste. Guztira, 23.416 zergapeturi 8,3 milioi euroren kenkariak egin dizkiete, kenkari berri horien bidez. Gehienak lehentasunezko gizarte aurreikuspeneko sistemarako ekarpenei dagozkie: 13.977 aitorpenetan aplikatu dituzte; 2,3 milioi euro. 93 gizonezkok eskatu dute adingabeak zaintzeko lana utzi dutelako kenkaria.

2025eko errenta kanpaina «historikoa» izan da Bizkaian, diputatuaren esanetan. Inoiz baino aitorpen gehiago aurkeztu dira: 702.048; 2024ko kanpainan baino 26.000 gehiago. «Igoera horrek erakusten du enpleguak bilakaera ona izan duela Bizkaian, eta, era beran, herrialdeko ekonomia dinamikoa dela», nabarmendu du Berrojalbizek. Historikoa izan da, Foru Ogasunak inoiz baino diru gehiago itzuli dielako bizkaitarrei: 644,3 milioi euro. Kanpaina hasi aurretik, 634 milioi izango zirela aurreikusi zuten; beraz, diputatuaren ustez, «gutxi gorabehera» asmatu zuten zerga erreformaren eragina kalkulatzeko orduan. Foru Ogasunari bizkaitarrek ordainduko ziotena 445 milioi izango zirela pentsatzen zuten, baina azkenean 578,6 milioi izan dira.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA