Futbola

Terzic: «Athleticen identitateak, filosofiak eta historiak erakarri naute gehien»

Athleticeko entrenatzaile berria ilusioz gainezka azaldu da bere aurkezpenean. San Mamesen jokatzeak erakartzen du gehien, eta sinesten du Lezamako harrobian. Zuzendaritzari ez dio fitxaketarik eskatu.

Edin Terzic Athleticeko entrenatzailea, Lezaman, bere aurkezpen ekitaldian. LUIS TEJIDO / EFE
Edin Terzic Athleticeko entrenatzailea, Lezaman, bere aurkezpen ekitaldian. LUIS TEJIDO / EFE
jon eskudero
2026ko uztailaren 7a
14:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ilusioz gainezka eta erantzukizun handi baten jabe. Halaxe agertu da gaur bere aurkezpen ekitaldian Edin Terzic, Athleticeko entrenatzaile berria, San Mamesen. Ikusmin izugarria piztu du alemaniarraren etorrerak, eta, ororen gainetik, aitortu du ondo baino hobeto dakiela nora etorri den. Horregatik, euskaraz egin ditu lehen hitzak. «Kaixo guztioi, eta eskerrik asko eman diguzuen babesagatik. Oso pozik nago hemen egoteagatik. Aupa Athletic!». Esker oneko hitzez gain, keinu dotorea izan du kazetariekin, banaka-banaka eskua luzatu eta ongi etorria eman baitzien guztiei. Adierazi du oso erraza egin zitzaiola Athleticen eskaintzari baiezkoa ematea, «klub berezia» delako. Lezamaren garrantziaz hitz egin du, eta San Mamesen magiaz. Iragan denboraldia eskasa izan arren, «itsu-itsuan» sinesten du taldearen gaitasunean eta kalitatean, eta espero du kluba «merezi duen tokira» eramatea berriro. Gaur hasiko da lanean jokalariekin.

Terzicek duela urte eta erdi ezagutu zuen Mikel Gonzalez, Athleticeko futbol zuzendaria. «Lehen egunetik sortu zen sintonia berezia bion artean». Dena den, Ernesto Valverdek adierazi zuenean ez zuela taldea zuzentzen jarraituko, orduan egin zuen Athleticen aldeko benetako apustua. «Orduan hasi nintzen kluba sakon aztertzen, eta izugarria da sentitu dudana. Talde honen identitatea, filosofia, historia, zaleenganako gertutasuna… Denak erakarri nau. Garbi nuen klub honen parte izan nahi nuela, eta ezin niola aukerari muzin egin». Besteak beste, San Mames ezagutzeak erakartzen du. «Athleticek Arsenalen aurka Txapeldunen Ligan jokatu zuenean, harmailetan izan nintzen, eta nabaritu nuen zer indar daukan talde honek zaleengan». Horregatik, haren helburu gorena zera da: zaleak pozik edukitzea. «Garaipenak lortzea garrantzitsua da, baina nahi dudana da zaleak identifikatuta sentitzea ikusten duten jokoarekin».

«Athleticek Arsenalen aurka Txapeldunen Ligan jokatu zuenean, harmailetan izan nintzen, eta nabaritu nuen zer indar daukan talde honek zaleengan»

EDIN TERZIC Athleticeko entrenatzailea

Borussia Dormunden aro distiratsua bizi ondoren, bi urte eman ditu talderik zuzendu gabe Terzicek. «41 urte soilik nituen Borussia Dortmund utzi nuenean, eta nire lehentasuna zen familiarekin egotea eta nire bi haurren heziketaren parte izatea». Hori bai, entrenatzaile «hobea» izateko lanean jardun du. «Bi urteko proiektu batean murgilduta egon naiz, eta hainbat gauza egin ditut. Datuak aztertu, hainbat partida ikusi…». Athleticek iragan sasoian jokatutako partida guztiak ikusi ditu. Proiektu horren barruan, hainbat entrenatzailerekin ere hitz egin du. Tartean, Jupp Heynckess Athleticeko entrenatzaile ohiarekin. «Hark esan zidan Bilbora etortzeko bi aldiz pentsatu gabe. Batetik, esan zidan hemen garrantzitsuagoa dela eskua ematea kontratu bat sinatzea baino. Eta, bestetik, aitortu zidan bizi osorako lagunak egingo nituela. Hitz horiek asko hunkitu ninduten». Heyncessez gain, Hansi Flick Bartzelonako entrenatzailearekin ere izan ditu solasaldiak. «Flickek esan zidan klub zoragarria dela Athletic. Alemaniako Ligatik Espainiako Ligara ahalik eta ondoen egokitzeko aholkuak eman zizkidan».

Ilusioa bai, baina erantzukizuna ere neurri berekoa dela adierazi du Terzicek. «Erronka izugarria da Athleticen gidari izatea, baina gutxienez oso garbi dauzkagu ideiak. Badakigu nolakoa izan behar duen gure jokoak. Garrantzitsuena izango da Athleticek historikoki izan dituen pasioari eta identitateari eustea». Pausoz pauso joan nahi du, baina bideragarria ikusten du garaipen «asko» lortzea. Baita tituluetatik gertu ibiltzea ere. «Irudiak ikusi ditut Athleticek Sevillan Kopa irabazi zituenekoak. Baita gabarra uretara atera zenekoak ere. Irudi hunkigarriak dira». Ahal dela, kluba berriz Europara eramaten saiatuko da. «Denok nahi dugu Europan egon, eta aukera handia ikusten dut hori lortzeko».

«Taldeak kalitatea du»

Azken bi urteotan beste hainbat eskaintza jaso ditu alemaniarrak, tartean klub erraldoienak, baina Athleticen deiak konbentzitu du gehien. Nahiz eta iragan sasoia nahi bezala joan ez. «Bideo asko eta asko ikusi ditut, eta garbi daukat talde honek kalitate eta potentzial handia dauzkala. Talentua daukate jokalariek». Jokalari horietako batzuekin hitz egin du dagoeneko, baina bihar hasiko da lanean, Lezaman. Hain justu, 31 jokalari izango ditu bere esanetara. Denek ez dute tokirik izango. «Oraingoz, denak hasiko dira nirekin lanean, eta bakoitzak aukera izango du bere burua nabarmentzeko. Gero ez da denentzat tokirik izango, eta erabakiak hartzeko garaia iritsiko zait. Garbia izango naiz guztiekin». Bereziki azpimarratu du harmonia ona lortu nahi duela multzoan.

Fitxaketei dagokienez, berriz, gai hori mahai gainean jarri ere ez du egin Terzicek. «Zuzendaritzari ez diot inolako fitxaketarik eskatu. Oso pozik nago topatuko dudan multzoarekin. Gainera, Lezama da klub honek daukan harribitxi nagusia, eta asko gustatzen zait gazteekin jardutea». Fitxaketa bakarretako bat bere lantalderako egin du: Oscar de Marcosena. «Kluba aztertzeko garaian, ohartu nintzen De Marcosek sekulako pisua zuela arlo guztietan, eta eskatu nion nire lantaldera batzeko. Bat egiten dut haren balioekin, eta zubi lanak egingo ditu nire eta jokalarien artean».

«Zuzendaritzari ez diot inolako fitxaketarik eskatu. Oso pozik nago topatuko dudan multzoarekin. Gainera, Lezama da klub honek daukan harribitxi nagusia, eta asko gustatzen zait gazteekin jardutea»

 EDIN TERZIC Athleticeko entrenatzailea

Athleticek oraingoz sei lagunarteko dauzka lotuta denboraldiaurreari ekiteko, baina talde guztiak dira apalagoak. Aurkari handiagoen izenak Munduko Txapelketa amaitzen denean ailegatuko direla esan du entrenatzaile alemaniarrak. «Txapelketa horrek baldintzatuko du gure liga hasiera».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA