Musika, jai giroa eta alaitasuna izan ohi dira herrietako festen oinarriak, eta giro herrikoia espero da Gernika-Lumoko Andre Mari eta San Roke jaietan (Bizkaia). Gaur hasi eta abuztuaren 18 arte iraungo dute.Â
Gaur 20:45ean piztuko da jaia, pregoiaren bitartez. Aurten, Elai Alai dantza taldeko kideak izango dira pregoilariak. Suziriaren eztandarekin, musikak hartuko ditu Gernikako kaleak, eta Adiskideak txaranga herria girotzen hasiko da. Makazaga musika elkartearen emanaldiez ere gozatu ahalko dute bisitariek. Jarraian, umeen tarte kuttuna hasiko da: buruhandi eta erraldoien konpartsaren ibilaldia. Gernika errugbi taldearen eskutik, pasealekuan hasi, San Juan Ibarratik igaro, eta Merkatu plazan amaituko dute.Â
Afaltzeko denbora gutxi izango dute festetara batzen direnak, 22:00etan hasiko baita Xaiborren diskofesta ibiltaria. Arrienen, Lagunetxen eta Saraspen izango ditu kokaleku nagusiak.Â
Musika askotarikoa ere egongo da Gernikako jaietako lehen egunean. Izan ere, diskofestaz eta txarangaz gain, Euskal Herrian oso maiteak izaten diren musikari batzuen emanaldia hasiko da 22:30ean, San Juan Ibarra plazan:Â mariatxiena. Mariachi Imperial de Guanajuatok egingo du ikuskizuna. Pasealekuan bi kontzertu gehiago izango dira: batetik, Bizkaiko Etorkizun Beltza heavy metal taldea, eta, bestetik, Oxabi erromeria.Â
Segurtasuna bermatze aldera, alkoholaren kontsumoa prebenitzeko eta murrizteko zerbitzua izango da Saraspe plazan, 22:00etatik 01:00ak arte. Gainera, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzako informazio eta arreta zerbitzua emango dute gune morean eta 900-840 111 telefonoan. Telefonoak eguneko 24 orduetan funtzionatuko du, eta gune morea egunero egongo da, Merkurio plazan, 22:00etatik 00:00etara.
Festetako bigarren eguneko egitaraua 11:00etan hasiko da, beti legez, dianarekin. Gazteak taldeko txistularien eta Busturialdeko gaiteroen doinuekin jaikiko dira gernikarrak. Jarraian, 12:30ean, fededunek meza nagusi berezi bat entzun ahalko dute Santa Maria elizan, Eskolakristo Musika Alkarteak abestuko baitu elizkizunean. Horren ostean, Elai Alai dantza taldeak Erregela euskal dantza tradizionalak egingo ditu eliza atarian. Amaitutakoan, tradiziozko kopaua, hau da, hamaiketakoa emango zaie bertaratzen direnei.Â
Tradizioa eta dibertsioa
Umeak ere badira egitarauaren parte, eta 12:30ean Gargantuan jolasteko aukera izango dute Adolfo Urioste kalean. Gargantua erraldoi baten karikatura bat da. Umeak barrura sartzen zaizkio, haren aho zabalaren bidez, eta atzeko alderaino jaisten dira txirrista batean. 13:00etan, Urdaibai kantaguneak antolatuta, euskal kanten doinuak entzungo dira kalerik kale.Â
16:30ean, festetan adrenalina gehien izango duten ekitaldiei ekingo diete: goitibeherak. Aurtengoa 42. goitibehera jaitsiera izango da, eta Lumotik Merkurio Iturriraino izango da ibilbidea. Euskal Inertzia Koparako puntuagarria izango da.
17:30ean, erraldoi eta buruhandiek hartuko dituzte kaleak berriro. Ordu berean irekiko dute Umeen Txokoa. 3 eta 10 urte bitartekoentzako pentsatuta dago gunea, eta Merkatu plazan kokatuko da.Â
Euskal Herriko festa guztietan legez, Gernikan ere bertso saioaz gozatu ahalko da:Â 19:00etan izango da, Seber Altube auditoriumean.
Gaueko kontzertuak 21:00etan hasiko dira, Los Cinco Bilbainos musika taldearen eskutik:Â 1940tik Euskal Herriko kaleak alaitzen ibili den talde horren euskal kanta tradizionalak entzungo dira San Juan Ibarran. 22:30ean, pasealekuan, artista berriagoen kontzertuak izango dira: Marte Lasarte, Hofe eta Lamia Mari DJ.