Espezie Mehatxatuen Euskadiko Katalogoan dago mozolo europarra. 2022an sartu zuen Eusko Jaurlaritzak, uste zutelako espeziearen populazioa %25 eskastu zela. Egoera pentsatu baino larriagoa da, ordea. Bizkaiko Foru Aldundiko Natura Ondarearen Zerbitzuak bultzatutako azterlanaren arabera, Bizkaian %73 txikitu da mozolo kopurua azken hamarkada bietan. 1998an mozoloak ugaltzeko 272 eremu zeuden zenbatuta. 2024an 1.600 bisita baino gehiago egin zituzten ikerlariek; 206 geratzen ziren eta haietatik 55 eremu baino ez zituzten topatu okupatuta.
«Mozoloa gure paisaien osasunaren adierazle bikaina da. Haren gainbeherak agerian uzten du gure landa ingurunean eta biodibertsitatean izandako eraldaketa sakona», ohartarazi du Jabi Zabala Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta proiektuaren arduradunak. Azterlana EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saileko ikerlariek egin dute, Aranzadi zientzia elkartearekin eta Icarus aholkularitza enpresarekin batera. Ardeola aldizkari zientifikoan argitaratu berri dute.
Zabalak emaitzen «sendotasuna» nabarmendu du: «Ikerketan landa lan zabala egin behar izan zen, batez ere ugalketa garaian, espeziearen presentzia nabariagoa baita. 1998tik ezagutzen zen lurralde bakoitza hainbat aldiz bisitatu zen, akatsik ez egiteko. Behin eta berriz egindako bisita horietako analisiei esker lortu dira emaitza zehatzak». Ikerketan garatu dituzten eredu estatistikoei esker, espeziea arriskuan jartzen duten faktore batzuk identifikatu dituzte.
Hainbat faktore nabarmendu dituzte: urbanizatutako eremuen hazkundea, errepide sarearen hedapena, eta belardi eta sega larre tradizionalen galera. «Mozoloa zokoratzen ari gara, landa paisaia tradizionala zatikatzen ari garelako, azpiegitura gehiago eraikita eta kalitatezko eremu ireki gutxiago utzita», nabarmendu du Agus Fernandez-Alvarez ikerlariak. Uste du ezinbestekoa dela sega larreak mantentzea, mozoloen elikadura gune nagusiak direlako.
Iñigo Zuberogoitia ikerlariak adibide zehatzak ipini ditu. Ohartarazi du lehen begiratuan mozoloen ugalketarako egokiak izan daitezkeen lekuak arriskutsu bihurtu daitezkeela. Esaterako, toki horien kalitateak okerrera egiten du, pestiziden erabilerak harrapakinak gutxitzen dizkietelako edo eraikinak zaharberritzean habiak egiteko erabiltzen dituzten zuloak zarratzen dizkietelako. Hala ere, ohartarazi dute ikerketan identifikatu dituzten faktore horiek soilik ez dutela azaltzen mozoloen gainbehera. «Ez dakigu zein diren mozoloa Bizkaiko azken babesleku gehienetatik kanporatzen ari diren mekanismo zehatzak», adierazi du Zuberogoitiak.