Oihalean ez bezala, paperean orratza sartzean, zuloa egiten da, eta ez du atzera-bueltarik. Horrez gainera, hezetasunak sortutakoa hondatu dezake. Eta oihala baino hauskorragoa da edozein mugimendurekin. Horregatik dira liluragarriak Gueñesko (Bizkaia) Paperezko Jantzien Lehiaketan ikusi ohi diren lanak. Borja Hernandez Urutxurtu diseinatzaile eta epaimahaiko kidearen arabera, txundigarriena izaten da metro biko distantziatik ez dela igartzen paperez eginda daudela, eta, hain zuzen, hori da puntuak ematerakoan balioesten dituzten aldagaietako bat. Zapatuan egingo dute lehiaketaren 66. aldia, Arenatzarte parkean, 20:00etan. 21 lan aurkeztuko dituzte, eta, estreinakoz, kanpotik ere etorriko dira: Tarragonatik bi eta Alacantetik bat (Herrialde Katalanak).
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuaren esanetan, «tradizioa eta modernotasuna» nahasten ditu Gueñesko lehiaketak. «Bizkaiko memoriaren parte da joskintza. Familia askotan egon dira jostunak, batez ere, andreak. Amak, amamak, izekoak, auzokoak: ideia batetik zeozer apartekoa sortzeko gai izan dira. Horregatik egiten du ilusioa legatu hori gaurkotzen dela ikusteak».
«Osasuntsu» dago lehiaketa, baina izan ditu garai hobeak, antolatzeaz arduratzen den Soineko elkarteko Arantza Carroren arabera. «COVID-19aren pandemia aurretik 70 soinetik gora ere izan genituen, eta parte hartzeko muga bat jarri behar izan genuen. Urte biz eten egin behar izan genuen, eta ordutik ez gara itzuli aurreko kopuruetara». Horregatik, gazteei parte hartzeko deia egin diete Carrok eta Hernandez Urutxurtuk. «Josten hasi nintzenean ohartu nintzen horrelako lehiaketak direla nork bere burua ezagutarazteko aukerarik onena», gogoratu du epaimahaikideak.
Hernandez Urutxurturekin batera, Enkaterrin joskintza eskolak ematen dituen Begoña Garcia Pazos eta Juan Antonio Andrade Balmasedako jostuna eta Bizkaiko Maisu Jostun eta Artisauen Elkarteko presidente izandakoa ibiliko dira epaile lanetan. Batetik, ebaketa eta joskintza teknikari erreparatuko diote, eta, bestetik, diseinuari eta originaltasunari. 21 soinekoetatik hamahiru helduenak dira, eta gainontzeko zortziak, umeenak. «Soineko bakoitzaren atzean lanordu asko daude, joskintzakoak, irudimenekoak eta ilusiozkoak. Diseinuak desfilatzen ikusten ditugunean ohartzen gara zergatik merezi duen tradizio honi eustea», adierazi du Carrok.
Lan «zaila»
Soineko elkarteko buruak aitortu du «oso zaila» dela paperarekin behar egitea. Proiektu asko bidean desagertu dira, sortzaileak ez duelako ideia gorpuztea lortu edo soinekoak kalteak izan dituelako. «Erraza da hondatzea. Adibidez, desfilea egin ondoren besapeak-eta konpondu behar izaten dizkiegu, nerbioengatik eta beroagatik emandako izerdiaren hezetasunak kaltetzen dituelako», azaldu du Carrok.
Duela bi urte bezala, aurten ere Korrontzi taldekoek parte hartuko dute jaialdian, musika ipiniz. «Jendea oso pozik egon zen, eta berriro ere gonbidatu ditugu», kontatu du Jose Andres Iragorri Gueñesko alkateak. Hernandez Urutxurturen ustez, joskintza eta musika dira herritarrei «lehen kolpean zirrara handiena» eragiten dien diziplina nagusiak.
Jaietan zeozer berezia egiteko asmotan sortu zuten Gueñesen lehiaketa, eta erreferentziazko hitzordu bihurtu da Enkarterrian. Alkateak Arenatzarte parkea beteko den esperantza du aurten ere. Gogoratu du ikuskizuna eserita jarraitzeko 2,5 euroko sarrera sinbolikoa ordaindu behar dela. Bildutakoa desfilearen ondoren soinekoak konpontzeko erabiltzen du Soineko elkarteak, eta, Carroren esanetan, ez da diru nahikoa izaten gastuak ordaintzeko. Zutik ikusiko dutenak doan sartuko dira. Lehiaketaren Youtube kanalean zuzenean ikusi ahal izango da.