Bakea, pentsamendua eta transmisioa. Hiru kontzeptu horiek nabarmendu gura dituzte Fair Saturday Awards sarien bederatzigarren aldian omenduko dituzten pertsonen bidez, Fair Saturday fundazioko zuzendari Jordi Albaredaren esanetan. «Pentsamendu garaikideko ahotsik esanguratsuenak ekarriko ditugu Bilbora, Bizkaira. Humanismoaren arloan erreferente diren pertsonak». Rigoberta Menchu eta Shirin Ebadi Bakearen Nobel saridunei egingo diete aitortza. Nancy Fraser eta Daniel Innerarity filosofoek gobernantzaren, demokraziaren, justiziaren, feminismoaren eta beste hainbat gairen inguruan dagoen eztabaidari euren pentsamenduekin egindako ekarpena nabarmenduko dute. Siri Hustvedt idazleari eta Lara Izagirre zinemagileari beren lanaren bidez gizartera gogoeta kritikoa transmititzea aintzatetsiko diete. Irailaren 28an egingo dute sari banaketa, Bilboko Guggenheim museoan.
Leixuri Arrizabalaga Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak nabarmendu du saritu gehienak andreak direla: «Azkenaldian eskuinaren gorakadaren ondorioz, eskubideetan atzerakada bat bizitzen ari gara, bereziki emakumeen eskubideen arloan. Eskertzekoa da zer esana duten emakumeei ahotsa ematea». Izan ere, saria jasotzeaz aparte, bederatzi omenduek egun berean hasiko den BBK Bilbo Kultura Social Forumean hartuko dute parte. Hain zuzen ere, Rigoberta Menchu ekintzaile guatemalarrak Eutsi, barkatu, berreraiki eskola magistrala emango du Deustuko Unibertsitatean, egitaraua martxan jartzeko.
Gainontzeko berbaldi guztiak Euskalduna jauregian egingo dituzte. Albaradak nabarmendu duenez, lehenengoz izango da foroaren egoitza, eta, horri esker, ohi baino jende gehiagok izango du aukera hitzaldietara joateko, seiehun lagunetik gora sartzen baitira aretoan. Doakoa da sarrera, baina aurrez izena eman behar da.
Fundazioko zuzendariak galderak egiteko gogoz joatera animatu ditu herritarrak. Izan ere, BBK Bilbo Kultura Social Forumaren helburuetako batzuk eztabaida eta gogoeta sustatzea dira. Era berean, lankidetza bultzatu gura dute parte hartuko duten eragileen artean. Albaradak azpimarratu duenez, aurreko aldietan «proiektu interesgarriak» sortu dira. Oro har, Bizkaia nazioartean ezagun egin gura dute, «garai gatazkatsu eta ezegonkorrei humanismoaren bidez erantzuten dien herrialde» modura.
Gaur egungo erronken inguruko gogoeta sustatzeko, hogei bat berbaldi prestatu dituzte. Shirin Ebadi ekintzaileak askatasuna lortzeko Irango emakumeek bultzatutako borroken berri emango du. Waad Al-Katak zinemagileak gerretan gertatzen denetik kontatzen ez dena kontatuko du, bere ibilbide profesionalean egin duen legez. Nancy Fraserrek demokraziaren egungo erronkei erreparatu die, uste baitu «kapitalismo kanibalak» arriskuan jartzen duela; Daniel Innerarityk, ostera, demokraziari zer etorkizun ikusten dion azalduko du.
Adimen artifizialak eta teknologia berriek ere izango dute lekua, Xabier Uribe-Etxebarria Serpa.ai enpresako arduradunaren eta Darthmoutheko Unibertsitateko errektore Santiago Schnellen eskutik. Kulturaren indar eraldatzaileak egingo dute berba hainbat sortzailek: Helena Limak kontatuko du musikari esker eskola uztearen aurka ari direla Lisboan, eta Martin Constantinek azalduko du zelan opera etxegabeziaren kontra egiteko tresna bihurtu duten Londresen. Halaber, foroan hartuko dute parte Necko Vidal biolin jotzaileak, Mikel Herran arkeologoak, Tania Lozano abeslariak eta Kirmen Uribe idazleak, besteak beste.