Maiz adineko jendearekin lotzen da musika klasikoa. Baina belaunaldi gazteenei ere pizten die grina genero horrek. York Bowen Enkarterri jaialdian ikusten da ezen musika klasikoa, iraganeko artistak gogoratzeko ez ezik, etorkizunekoak sortzeko ere badela.
Bihartik hilaren amaiera arte ospatuko dute VI. York Bowen Enkarterri jaialdia. Adrian Martinez proiektuaren zuzendari nagusiak adierazi du urtetik urtera hobekuntza kualitatiboa eta kuantitatiboa izan dela: «Lehenengo urtean, denera, hiru irakasle eta hamar ikasle inguru besterik ez ginen. Urtez urte, pixkanaka, irakasleak eta hainbat diziplina gehituz joan gara. Horrek, jaialdiaren kalitatea hobetzearekin batera, ikasle gehiago erakarri ditu». Jaialdian, eskola magistralak, ganbera musika, orkestra jarduerak, hitzaldiak, kirol ekintzak eta kontzertuak egingo dituzte.Â
Hamaika egunez, mundu osoko 30 irakasle eta 12 eta 30 urte bitarteko ehun musikari gazte bilduko dira Bizkaiko zenbait txokotan, Balmaseda (Bizkaia) erdigune izanik. Nahiz eta Balmaseda izan jaialdiaren erdigune, hainbat txokotan antolatu dute jaialdia. Tartean, Bilboko Guggenheim museoan eta Euskalduna jauregian, Gueñesen eta Zallan.
Jaialdiak eskualdeko eta nazioarteko kulturartekotasuna sustatzen du. Orain arte, York Bowen Enkarterri jaialdiak Txinako, Alemaniako, AEBetako, Italiako eta Erresuma Batuko ikasleak batu ditu. Antolatzaileen hitzetan, helburu nagusia da talentu gazteei aukera ematea munduko artista onenetako batzuk kontzertuan ikusteko eta klaseetan haiekin lan egiteko.Â
Egitarau zabalaÂ
Bihar, parte hartzaileen harrera ofiziala egingo dute. Jarraian, irakasleek kontzertu bat joko dute, Balmasedako Horcasitas jauregian. Uztailaren 21ean eta 23an, hari instrumentuen seikote baten kontzertuak gozatu ahalko dira Zallako auditoriumean eta Gueñesko Santa Maria elizan. Ikasleen kontzertuak ere izango dira, Horcasitas jauregian, baita jaialdian parte hartzen duten instrumentu askotarikoez osatutako taldeen emanaldiak ere.
Jaialdia amaituko duen kontzertua uztailaren 30ean izango da, Euskalduna jauregian. Jaialdian sortutako ganbera taldeak eta orkestrak bilduko ditu. Gainera, diplomak ere banatuko dituzte parte hartu duten ikasleen artean. Kontzertu eta ekitaldiez gainera, gogoetatzeko lekua ere izango dute egitasmo honetan: irakasleek eta ikasleek musika klasikoaren munduari lotutako esperientziak kontatuko dituzte.Â
Martinezek nabarmendu du jaialdira ekarritako artistak «oso onak» direla eta hori kontzertuetan islatzen dela. Emanaldiak doakoak dira, Euskalduna jauregikoa izan ezik: horrako sarrerak 10 euro balio du.