Euskal Encounter topaketa teknologikoaren bilakaerak balio dezake teknologia bera azken hamarkadetan nola garatu den ere erakusteko, biak ala biak joan baitira erabiltzaileak gehituz eta prestigioa bilduz. Ordenagailu dozena gutxi batzuekin abiatu zuten-eta Euskal Encounter, 1994an —artean Euskal Party izena zuela, urte hartan bitan antolatu zuten topaketa—, eta datuak nabarmen handitu dira ordutik. 34. aldiz egingo dute Euskal Encounter dagoeneko, aspalditik etxea duen tokian, Barakaldoko (Bizkaia) BEC erakustazokako 5. pabiloian, bihar hasi eta igandera bitartean: 5.000 parte hartzailetik gora espero dituzte, 4.000 ordenagailu baino gehiago izango dira, eta berrehun jarduerarekin borobildu dute egitaraua. «Iazko datuak hobetu ditugu», balioetsi zuen Javier Gomez-Arrue antolatzaileak atzo, Bilboko Bizkaia Euskaltel Digital Centerren egindako aurkezpenean. Besteak beste, segundoko 70 gigabiteko konektibitatea eskainiko dute aurten; iaz 60 izan ziren.
Bertaratutakoen soslaiak ere iradokitzen du aldaketa bat, halaber, «komunitate gero eta askotarikoago batek» parte hartzen baitu, Nerea Enbeita Euskaltel fundazioko zuzendariaren esanetan: zaleentzat ez ezik, enpresentzako, profesionalentzako eta instituzioentzako topagune ere bilakatu da Euskal Encounter urteen poderioz. «Esperientziak, ezagutza, proiektua eta talentua partekatzeko leku bat izango da», Gomez-Arrueren berbetan, «eta baliteke ideiak eta enpresak sortzea». Euskaltelek ez ezik, Eusko Jaurlaritzaren SPRI taldeak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta BBK fundazioak ere babesten dute egitasmoa.
«Esperientziak, ezagutza, proiektua eta talentua partekatzeko leku bat izango da, eta baliteke ideiak eta enpresak sortzea»
JAVIER GOMEZ-ARRUE Euskal Encounterreko antolatzailea
Teknologia digitalaren askotariko ertzen bilduma bat da, funtsean, Euskal Encounter. Aurkezpenean zerrendatu zutenez, makina bat baitira datozen lau egunetan jorratuko diren arloak: kasu baterako, hardwarea, robotika, adimen artifiziala, hiru dimentsioko inprimaketa, bideojokoak, software librea, konputazio kuantikoa eta kriptografia. Bost ataletan antolatua egongo da 35.000 metro koadroko pabiloia: sormen digitalaren txokoan, irudiak eta musika sortzeko abagunea izango da; bideojokoen gunean, hainbat lehiaketa egingo dituzte; software librearen atalean, programazio txapelketetan parte hartu ahalko da; hardwarearen txokoan, norbere ekipoen errendimendua aztertu eta haiek itxuraldatzen erakutsiko da; streamingari eskainitako espazio bat egongo da aurten ere; eta teknologiaren aukeren erakusgarri izango da beste jardueren atala.
Adimen artifizialean sakonduz
Opengunek doako ekintza andana hartuko ditu. Besteak beste, dibulgazio zientifikoari lotutako hitzaldiak eta tailerrak izango dira bertan. Esate baterako, teknologiaren iraganean arakatu, orainaldia esplikatu, eta iragana proiektatuko dute bihar, konputazio kuantikoaren hastapenetara atzera eginda, batetik, eta adimen artifizialeko laguntzaile digitalen bilakaera esplikatuta, bestetik. Adimen artifizialaren aplikazioetan sakonduko dute hurrengo egunetan: nola erabil daitekeen zibersegurtasunaren arloan, nola lagun dezakeen lanean, eta zer-nolako erronkak, arriskuak eta aukerak ekarriko dituen ikasgeletan, unibertsitateko esperientzietan oinarrituta.
Topaketara joatekoak ez direnek hura jarraitzeko aukera izango dute sarean, Encounter TV katean streaming bidez emango baitute haren berri, 40 orduz. «Iaz 100.000 lagun konektatu ziren, eta espero dugu aurten datu hori ere gainditzea», Gomez-Arrueren esanetan. Horrez gain, antolatzaileak aldarrikatu zuen Euskal Encounter «espazio inklusiboa, segurua eta indarkeriarik gabekoa» izatea dela haien helburua, eta, horretarako, puntu more birtual bat ezarri dute aurten ere.