Haiek idatzi zuten gatazka sortu duen artikulua eta haiek erabaki dute zelan moldatu. EAJ, PSE-EE eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeek zuzenketa transakzional bat adostu dute, guraso bananduen errenta aitorpen bateratua «zerga ekitatean oinarrituta» baimentzeko. Iazko zerga berrikuspenaren ondoren, soilik zaintzaren %100 duten gurasoek egin dezakete aitorpen bateratua seme-alabekin. Funtsean iazko aldaketei eustea erabaki dute, eta umeen gastuak elkarrekin ordaintzen dituzten gurasoek ezingo dute aitorpen bateraturik egin.
Bizkaiko Batzar Nagusietako Ogasun Batzordean onartu dute zuzenketa transakzionala gaur, hiru alderdion aldeko botoarekin eta EH Bilduren eta PPren abstentzioarekin. Hurrengo osoko bilkuran berretsi beharko dute. Zerga berrikuspena Araban eta Gipuzkoan ere onartu zenez, pentsatzekoa da Bizkaian onartutako zuzenketa herrialde biotako Batzar Nagusietan ere bozkatuko dela.
Lau moldaketa egin dizkiote iaz erabakitakoari. Zaintza gurasoetako batek baldin badu, hau finkatu dute: 235 eurotik beherako elikadura pentsioa jasotzen badu, umeen mantenuaren ardura berak duela, eta, ondorioz, aitorpen bateratua egin ahal izango duela; gauza bera gertatuko da pentsioa ordaintzen ez badiete ere. Era berean, guraso horiei ardura eurek dutela frogatzeko moduak malgutuko zaizkie: adostu dute froga izango direla pentsioari lotutako demanda judizialak eta iruzurraren aurkako babesa duten zinpeko adierazpenak. Zaintza partekatua duten gurasoei dagokienez, gurasoetako batek bizikidetzari lotutako gastuak ordaintzen ez dituenean ere, besteak aitorpen bateratua egin ahal izango du, epaileak hala jazotzen dela egiaztatu badu. Azkenik, indarkeria matxistaren biktima diren andreek ez dute frogatu beharko umeen mantenua haien esku dagoenik. Neurriok atzerako eragina izango dute 2025eko urtarrilaren 1era arte.
Berez, batzorderako deian jasota zegoenaren arabera, EH Bilduren zuzenketa bat eta PPren bat bozkatzekoak ziren, eta hala egin dute: gainerako alderdiek ez dituzte babestu. Baina, horrez gain, goizeko lehen orduan jeltzaleek, sozialistek eta Elkarrekin Bizkaia batzarkide taldeak erregistratu duten zuzenketa transakzionala ere bozkatu dute. Funtsean, EH Bilduk eta PPk iazko zerga berrikuspenaren aurreko egoerara itzultzeko eskatu izan dute, aldaketa horiek sortutako «bidegabeko egoerak» saihesteko.
Aurreko egoerara buelta
Arantza Sarasola koalizioko batzarkidearen esanetan, «aurretik zeuden bidegabeko egoerak konpontzen hasi eta berriak sortu zituzten» zerga berrikuspena adostu zuten hiru alderdiek. Argitu du aurretik zegoen egoera ere ez zela EH Bilduren gustukoa. Horregatik, auziaren inguruko «gogoeta lasaia» egitera deitu ditu gainontzeko taldeak. PPko Diego Pagadigorriak ohartarazi du bere taldeari ez zaizkiola gustatzen hiru alderdiek adostu dituzten neurri batzuk, baina, hala ere, «arazoa konpontzeko baliagarria» iruditu zaio.
Elkarrekin Bizkaia taldeko Eneritz Madariagak esan du ez dituela ulertzen EH Bilduren eta PPren proposamenak. «Ezin gara lehengo egoerara itzuli, bidegabeak ziren egoera asko sortzen zituen eta. Zuen proposamenek ez dituzte kontuan hartzen gurasoen arteko botere harremanak». EH Bilduri leporatu dio koalizioak egindako zuzenketa onartu izan balitz indarkeria matxistaren biktimak «babesgabe» geratuko liratekeela. Madariagak esan du bere taldeari ez zaizkiola aitorpen bateratuak gustatzen, baina eredu horri eusten zaion den bitartean «bidezkoena» egiten saiatzen ari direla.