Urrian hasiko dira Vecunia herrixka indigenaren bila Begoñako basilikan

Urtebete iraungo dute lanek. Indusketak bertatik bertara ikusteko aukera izango da leihoei eta pasabideei esker. Tenpluaren ohiko jardunari eutsiko diote.

Indusketa lanek iraun bitartean Begoñako basilika zelan egongo den erakusten duen irudia. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Indusketa lanek iraun bitartean Begoñako basilika zelan egongo den erakusten duen irudia. BIZKAIKO FORU ALDUNDIA
Ibai Maruri Bilbao.
2026ko uztailaren 27a
11:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arkeologoak Begoñako Amaren eguna pasatutakoan hasiko dira basilikan beharrean. Interesa duten herritarrek ere, Ama Birjinaren irudiak ez ezik, bertatik bertara ikusi ahal izango dituzte lanok. Urriaren 13an ekingo diete Vecunia izeneko herrixka indigena topatzeko indusketei, eta urtebete iraungo dute. Hasieran, indusketa egiten ari diren eremua zarratzen duen zurezko egiturako leihoetatik ikusi ahal izango dira lanak. Itxitura hori proiektuaren inguruko informazioa emateko ere erabiliko da. Aurrerago, segurtasun baldintzek horretarako modua ematen badute, ibilbideak jarriko dira indusketa eremuan, herritarrak azterketa eremuan sartu ahal izateko. Gainera, lanak faseka egingo dituzte, tenpluaren ohiko jarduera erlijiosoa ez oztopatzeko. Ondare Babesa SMk eta View Arkitektura eta Ikerketa enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkarteari adjudikatu diote proiektua.

Indusketen asmoa da Begoñako historia ezagutzea eta kristau kulturak Bizkaiak emandako lehen pausoei buruz gehiago jakitea. Gabriel Henao jesuitaren XVII. mendeko idazki batean, Axpelueta inguruko galtzada erromatarreko (Lauroeta, Loiu) haitz bat aipatzen da; zera zegoen harrian idatzita: «VECVNIENSIS HOC MUVIERUNT». Hau da, «hau vecuniarrek egin/eraiki/ordaindu zuten». Nortzuk ziren vecuniar haiek? Hipotesirik argiena da erromanizatutako herrixka indigena garrantzitsu bat zegoela, Vecunia izenekoa, eta hango biztanleak zirela. Baliteke Bilbon egon izana, Begoñan. Horregatik erabaki dute Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Elizbarrutiak Begoñako basilikan indusketak egitea, han topatuko dutelakoan.

Dagoeneko azterketa geofisikoa egina dute. Horri esker jakin dute zenbat sakon dagoen oinarrizko arroka eta zer potentzia duten tarteko geruzek. Ordutik proiektua adjudikatzeko lanetan ibili da diputazioa. Orain, esku hartzea diseinatzen ari dira, administrazio tramiteak egiten eta antolaketa fintzen. Laster, lurpekoari eta eraikinari buruzko aurretiazko azterketak egingo dituzte, georradarraren bidez. Arduradunek azaldu dutenez, teknika horrek lurpeko ezaugarriak detektatzeko balio du, tenpluari kalte edo aldaketarik egin gabe. Besteak beste, lurpean dauden aurretiko eraikinen hormak eta han egondako hilobiak topatuko dituzte. Urritik aurrera hasiko dira behegaina altxatu eta azpian dagoena induskatzen.

Zorua altxatuta, bostehun urte dituen hilerri bat topatuko dute lehenengo. Beherago, 1510 ingurura arte zutik egon zen eliza erromaniko bat dago. Azpian, duela 1.000-1.100 urteko baseliza egongo da. Hortik beherakoa ez da segurua

Zorua altxatuta, bostehun urte dituen hilerri bat topatuko dute lehenengo, hirurehun hobi ingurukoa, eta bakoitzean zenbait belaunaldi lurperatuta. Ez dakite nola hondatu zuten XIX. mendean izandako gerrek. 1864an Begoñako udal hilerria inauguratu zen arte erabili zuten. Beherago, 1510 ingurura arte zutik egon zen eliza erromaniko bat dago. Apala zen, eta zurezko sabaia zuen. Bilbo sortu aurretik eraiki zuten. XIII. mendetik dago dokumentatuta. Seguruenik, burualdean hilerri bat izango du. Azpian, duela 1.000-1.100 urteko baseliza egongo da.

Horra artekoak seguruak dira, dokumentatuta daudelako. Hortik beherakoak izango dira ezustekoak. Alberto Santana Bizkaiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko buruak proiektuaren aurkezpenean esan zuenez, espero dute bata bestearen gainean dauden herrixka bi topatzea. Gainean, Vecunia erromatarra, K.o. I, II, III eta, agian, IV. mendekoa, duela bi mila urte latina ikasi zuena eta Bizkaian dokumentatutako lehen obra publikoak egin zituena. Baina Vecunia izena ez da latinezkoa. Beraz, haren azpian K.a. II. eta I. mendeetako herrixka indigena bat agertzea espero dute, Finagako San Martinen (Basauri) eta Abrisketako San Pedron (Arrigorriaga) topatu dituztenen garaikidea. Geruza erromanizatuan oinplano karratuko etxeak eta kaleen oinarrizko egiturak ager daitezke; beheragokoan, zirkuluerdiko oinplanoa dutenak.

Neurri bereziak

Indusketa lanak konplexuak izango dira, tenpluan ohiko zereginak egiten jarraituko dutelako. Zaratarik handiena eragiten duten lanak kultu orduetatik kanpo egingo dira. Helburua da elizkizunetarako eta fededunen otoitzaldi pribatuetarako behar den isiltasuna bermatzea. Izan ere, etengabekoa izaten da basilikara bake bila joaten direnen sartu-irtena. Tenplua babesteko neurriak ere hartuko dituzte. Lanean dabiltzan lekua bakartuta egongo da, eremu babestuetan hautsik sar ez dadin. Bereziki, 1884ko organo erromantikoa babestuko dute. Aristide Cavaille-Coll organogileak Parisen eraikitako harribitxi bat da. Erretaula nagusia, ostera, etengabe egongo da ikusgai, kontserbatzeko neurri bereziak ipiniko dituzten arren.

Behin lanak amaituta, foru aldundiak laborategietan aztertuko du topatutakoa. Zientziako hainbat alorretako adituek aztertuko dituzte aurkitutakoak: antropologia, genetika, flora eta fauna, Erdi Aroko eta Antzinaroko arkitektura, erlijio kultura eta iraganeko gizarte jokabideak. Santanak hiru emaitza posible aurreikusi ditu: batetik, aurkikuntza ikusgarriak egitea, eta, ondorioz, beti ikusgarri egoteko moduren bat topatu beharko dute; beste aukera bat da aurkikuntzak egin arren ikusgarriak ez izatea; azkenik, ez du baztertzen herrixkarik ez topatzea. Hori gertatuko balitz, beste nonbait jarraitu beharko lukete Vecuniaren bila. Edozelan ere, badute itxaropena.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA