Kardala LHII Akuakultura eskola

Akuakultura heziketa Mutrikun

Akuakultura arloko goi mailako teknikaria izateko prestakuntza egin daiteke Mutrikuko portuan dagoen Kardala LHII Akuakultura eskolan.

Kardala LHII Akuakultura eskola
Akuakultura arloko prestakuntza osoa eskaintzen du Mutrikuko Kardala ikastetxeak. DABID ARGINDAR
2025eko maiatzaren 5a
15:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Akuakultura gustuko dutenek Mutrikuko Kardala LHII ikastetxean (Gipuzkoa) jaso dezakete prestakuntza egokia. Kardala LHII Lanbide Heziketako ikastetxe integratu publikoen sarean dago, eta Akuakulturako Goi Mailako Heziketa eskaintzen da bertan.

Akuakultura uretako izaki guztien (animalia zein landare) hazkuntzarako teknikak eta ezagutzak biltzen dituen arloa da, bai ur gazikoak, bai ur gezakoak, eta algak, moluskuak, arrainak eta krustazeoak barne hartzen ditu. Kontsumitzen ditugun muskuilu, ostra, txirla eta arrain gehienak —urraburuak, lupiak eta amuarrainak— akuakulturaren bidez ekoizten dira gero eta gehiago. «Ikasleei eskaintzen diegun akuakultura heziketan, animalien ongizatea ezinbesteko baldintzatzat hartzen dugu, eta zeregin eta lan esparru guztietan txertatzen dugu», Kardala LHII Akuakultura eskolako arduradunen hitzetan.

Instalazioak

Kardala LHII ikastetxea Mutrikuko portuan kokatua dago, arrantzaleen kofradiaren egoitzan, eta ekipamendu egokia du ur gaziko zein gezako bizidunen hazkuntza, elikadura eta ugalketa aurrera eramateko eta horiek ikertu ahal izateko.

Zeregina eta lan esparruak

Akuakulturako goi mailako teknikari baten zeregina zera da, orokorrean: izakien ongizatea bermatuz hainbat hazkuntza mota planifikatzea eta aurrera eramatea.

Lan esparrua oso zabala da: amuarraindegi bateko hazkuntzaren arduraduna, muskuilu edo ostra haztegi bateko arduraduna, akuario bateko izaki bizidunen arduraduna, akuarologiako dendetako langilea, laborategi eta ikerketa zentroetako teknikaria, araztegietako langilea, ekosistema naturalen birpopulaketarako teknikaria, akuakulturarako ingurumen teknikaria, akuakulturarako patologietako teknikaria, eta arrantzaren eta akuakulturaren deribatu eta prestakin industrietako teknikaria.

Kardala LHII Akuakultura eskola
Ikasle bat Kardala ikastetxeko laborategian lanean. DABID ARGINDAR

Bakarra Euskal Herrian

Euskal Autonomia Erkidegoan eta Bizkaiko golkoko kostaldean dagoen akuakultura arloko ikastetxe bakarra da Kardala. Espainiako estatuan beste lau bakarrik daude, Galizian, Katalunian, Andaluzian eta Kanaria uharteetan.

Hori dela eta, Kardala ikastetxean Euskal Herriko eta beste toki batzuetako ikasleak izan ohi dira (Kantabria, Errioxa, Aragoi...), eta, horregatik, euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzte ikasgai guztiak.

Arlo praktikoa eta Erasmus+ programa

Kardala ikastetxean eskaintzen den prestakuntza erabat praktikoa da, prestakuntza orduen bi herenak praktikoak izan ohi baitira. «Horrez gain, irteera ugari antolatu ohi ditugu hazkuntzak egiten dituzten enpresak ezagutzeko, eta ikastetxeen artean ere ikasle trukeak egin ohi ditugu; aurten Senperen dagoen Lycee Saint Christophe akuakultura eskolarekin, Kataluniako IEPAAC eskolarekin eta Cadizeko Zaporito eskolarekin egin ditugu».

Prestakuntza dualari esker, ikasleek praktikak egiten dituzte enpresetan, bai lehen mailan, bai bigarren mailan. Gainera, bigarren mailan, praktikak tokiko enpresetan eta ikerketa zentroetan egiteko aukera izateaz gain, Europako Batasuneko herrialde batean egiteko aukera ere badute. Azken urteetan, esaterako, hainbat akuarioetan —Portugal, Irlanda, Italia— eta ikerketa zentrotan —Alemania, Grezia— egin dituzte.

Akuakultura sektorea sendotzeko konpromisoa

Kardala ikastetxearen konpromisoetako bat akuakultura sektorea indartzea da. «Horretarako, harremanetan gaude zenbait eragilerekin: administrazioarekin, arrantza sailarekin, unibertsitatearekin eta enpresekin; hainbat elkarlan proiektu garatzen ditugu haiekin».

Jasankortasunaren bidetik

Akuakultura jasankorrari helduz, hainbat egitasmotan parte hartzen ari dira Kardala ikastetxean. Horietako bat Dabeta-Alburejo proiektua da. Liza aurata espeziearen larbaren garapena eta bizi zikloa optimizatzea dute helburu, eta espezie omniboroentzako pentsua (ez dago animaliaz eginda), energia berritzaileak, digitalizazio sistemak eta ura aurrezteko ekipamenduak erabiltzen dituzte.

Kardala LHII Akuakultura eskola Mutrikuko portuan dago. Atsegin handiz ematen dituzte argibideak, telefonoz (943-60 71 37), posta elektronikoz (komunikazioa@kardala.eus) eta Instagram sare sozialaren bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.