Arabako herri horietan, Erdi Aroko aztarnak eta ondare aberatsa ezagutu ez ezik, kale estuetan goza daiteke, eta dorre eta jauregietan dagoen giro berezi hori sentitu, proposatzen dizkizuegun hiru ibilbideak eginez.
Artziniega eta Guardia herriek ixten dituzte Arabako iparraldeko eta hegoaldeko mugak. Bi herri horien artean ehun kilometro baino gehiagoko distantzia badago ere, biek ongi zaindutako Erdi Aroko hiriguneak, dorreak eta harresiak dituzte. Gainera, kalitate handiko ardo bihurtzen diren mahastiak daude bi herrietan.
Bi udalerri horiek bisitatzeak aukera paregabea ematen du Erdi Aroko beste herri batzuk ezagutzeko, hala nola Buradon Gatzaga, Labraza, Antoñana eta Urizaharra. Hiru ibilbideek Gasteiz ere barne hartzen dute, Arabako hiriburua eta kulturaren erdigunea, eta bere Erdi Aroko Almendra.
Proposatzen dizkizuegun hiru ibilbideak autoz egin daitezke, herri horiek eta Erdi Aroari lotutako beste interesgune batzuk lasai ezagutzeko, presarik gabe.
Guardian hasi
Guardian hasiko dugu ibilbidea. Guardia Espainiako estatuko herririk ederrenetarikotzat hartzen da, eta bere Erdi Aroko egiturak kaleak, plazak eta txokoak lotzen ditu. Guztia harresi zaharraz inguratuta dago, eta harresi horren hainbat dorre eta bost ate zutik daude oraindik.
Erdi Aroko herri horretan hainbat garaitako eta estilotako etxeak eraiki dira. San Joan eta Erregeen Andre Mariaren elizak dira monumenturik garrantzitsuenak —Erdi Arokoak dira—. Azken horretan, estilo gotikoko polikromatuzko eliz atari ikusgarria nabarmentzen da.
XVI., XVII. eta XVIII. mendeetako hainbat eraikinetako aurrealdeetan, armarri ederrak eta teilatu-hegal zizelkatuak ikusten dira. Horien artean, Plaza Nagusian dagoen Udaletxea eta Samaniego jauregia nabarmentzen dira. Samaniego jauregia Felix Maria Sanchez Samaniego alegialari ospetsuaren jaiotetxea da.
Herriaren azpian, familia upategi edo haitzuloak daude, eta horietan gordetzen zen bertako altxor preziatuenetariko bat: ardoa. Benetako gozamena da herriko kale estuetan paseatzea, upategiak bisitatzea eta bertako gastronomia dastatzea.
Guardiatik Gasteizera iristeko hiru aukera ditugu, eta lehenengo ibilbidean Buradon Gatzagan egiten da geldialdia, Arabako Errioxa eskualdean. Herri txiki horretan babes-harresi bat, jatorrizko bi ate eta Toloño mendilerroaren magalean dagoen ingurune ikusgarri eta paregabea daude.
Herri horretan ezagutzeko moduko zenbait leku daude. Alde batetik, Inmaculadaren parrokia (XVI. mendekoa): erretaula barrokoa eta XVII. mendeko bi hilobi ikusgarri ditu; Arabako plateresko estiloaren maisulana dira. Beste aldetik, ikustekoak dira erromesentzako ospitalea (XV. mendekoa) eta Oñatiko kondeen jauregia (XVII. mendekoa) ere.
Arabako hiriburura iritsi aurretik, Gatz Harana ezagutzea gomendatzen da. 7.000 urte baino gehiagoko historia duen gatz fabrika bat da, eta arkitektura, paisaia, arkeologia eta geologia uztartzen dituen munduko multzo berezienetako bat da. Bisitaria liluratu egingo da gatz larrainetan ibiltzen, dastatzeetan parte hartzen eta munduko gatzik onenetariko bat nola ateratzen den ikasten.
Bigarren ibilbidea Guardiatik abiatzen da, baina Herrera mendatetik iristen da Gasteizera. Mendatearen gailurrean, mila metro inguruko altueran, Errioxako balkoia dago. Leku horretan, Arabako Errioxako ikuspegi natural bat ikusten da, eta, Urizaharrerantz abiatu baino lehen, bertan gelditzea gomendatzen da paisaia ederraz gozatzeko.
Antzinako Nafarroako eta Gaztelako erresumen arteko mugan zegoen Urizaharra, eta horrek eragin handia izan zuen herrian Erdi Aroan. Gaur egun oraindik hortxe dago babes-harresiko hegoaldeko atea, eta argi ikusten da babes-harresiak zenbateko handiak ziren.
Herri hori Arabako mendialdean dago. Herrian, XVI. mendeko herri arkitekturaren hainbat adibide daude, horien artean, Hijarko Dukearen etxea nabarmentzen da. Halaber, aipagarriak dira bi elizate dituen Jasokundeko Andre Mariaren eliza eta atari zabalean dagoen Museo Etnografikoa ere.
Geldialdiak Labrazan eta Antoñanan
Hirugarren eta azken ibilbideak Labraza eta Antoñana herrietan egiten ditu geldialdiak. Labraza Euskal Herriko herri gotortu txikiena da, eta Espainiako estatuan ondoen kontserbatutako bat ere bada. 2008an, Herri Gotortuen Nazioarteko Saria jaso zuen, haren kontserbazio-proiektuagatik. Ikusgarriak dira Labrazako harresia, dorreak, eliza, gezileihoak eta gaztelua.
Erdi Aroak eta kondairek bat egiten dute Labrazan. Esan ohi da Mairuaren iturritik herriaren erdigunerainoko pasadizo sekretu bat zegoela, setioetan herria ur gabe gera ez zedin.
Antoñanan, kale estu harriztatuek eta harrizko etxeek Gaztelako eta Nafarroako erresumen arteko mendeetako gatazken berri ematen dute. Harresi eder bat dago eta, bertan, Vasco-Navarro trenbidearen interpretazio zentroa dago. Ondoren, ibilbidea Alaitza eta Gazeoko elizetatik pasatzen da; eta, azkenik, Gasteizera iristen da.
Gasteizen lilura
Gasteiz, Arabako hiriburua, Arabako Erdi Aroko altxor bat da. Hirigune historikoa, Erdi Aroko almendra esaten zaiona, lanbideen izenak, plaza xarmagarriak eta eraikin historikoak dituzten kale estuz beterik dago. Horien artean hauek nabarmentzen dira: Santa Maria katedrala (XIII. mendekoa) —horko birgaitze lanek mundu mailako sari ugari jaso dituzte—, Andre Maria Zuriaren plaza, eta Erdi Aroko harresia (XI. mendekoa). Gainera, Erdi Aroko eraikin zibil apartak ere aurki daitezke, hala nola Portalea (XV. mendeko ostatu zaharra) edo Sokaren Etxea —XIII. mendeko dorre bat du—.

Gasteiztik abiatuta, hiru ibilbideek Artziniegan bat egiten dute, eta han Arabako iparraldean ondoen zainduta dagoen Erdi Aroko hirigune historiko bat dago. Erdi Aroko hirigune horretan garai hartako ohiko kale paraleloak daude, Goikoa, Erdikoa eta Behekoa, kantoien bidez lotuak daudenak. Erdi Aroko egitura eta elementu patrimonialen kontserbazioaren kalitatea dela-eta, 1995ean Monumentu Multzo historiko-artistiko izendatu zen Artziniegako Erdi Aroko hirigunea. Erdi Aroan, herri horrek garrantzia handia izan zuen merkataritzan eta, ondorioz, noble familiak herrian bizitzen hasi ziren. Hainbat leinutako 46 armarri, etxe ikusgarriak, dorreak, jauregiak, sutegi bat eta beste zenbait eraikin publiko dira Artziniegako merkatari-iraganaren lekukoak.

Herriko ondarean, estilo eta dedikazio ugari ezagutu daitezke, gotiko-errenazentistatik neoklasikora arteko estiloak, XVI. eta XX. mende artekoak. Eraikin aipagarrienak honako hauek dira: Ortiz de Molinillo belaskotarren dorretxea (XVI. mendekoa), Ama Agustindarren komentua (XVI. mendekoa), Haraneko etxetzarra (XVII. mendekoa), Bengoa dorrea (XVI. mendekoa) eta XVII., XVIII. eta XIX. mendeetako hainbat jauregi armarridun.
Halaber, Jasokundeko Andre Mariaren parrokiak (XVI. mendekoa) erronka bat planteatzen du elizpeari begira dagoenarentzat: bertako margolarien pinturetan egindako anakronismoak aurkitzea: ordenagailu bat, garagardo botila bat...
Artziniegako Erdi Aroko hirigunea, Pablo Respaldizaren sutegia eta Artearen Santutegia ezagutzeko bisita gidatu bat egin daiteke.