Abian da sasoi honetako Arabako patataren salmenta kanpaina, baina kalitate-azterketa zorrotzak gainditzen dituzten tuberkuluak izango dira Eusko Label zigilupean irailetik martxora bitartean merkaturatuko dituzten bakarrak. Izan ere, zigilu horrek, bere jatorria ez ezik, produktua onenetan onena dela ere bermatzen du. Hori dela eta, Eusko Label sor-marka duen Arabako patata gero eta estimatuagoa da kontsumitzaileen artean, eta gero eta gehiago erosten duen dute Euskal Herritik kanpo ere. Udapa kooperatiba Eusko Label zigilua duen Arabako pataten ekoizle eta ontziratzaile nagusia da.
Nekazaritza sektoreak bere garairik oparoenean dago, Udapa kooperatibak ongi ezagutzen du zeintzuk diren laborarien egungo zailtasun nagusiak, eta, horregatik, sektorearekiko duen gertutasunaz eta konpromisoaz baliatuz, sasoi honetan Arabako patataren ekoizpena haztea lortu du. Horrela, orotara, bere bazkide eta kolaboratzaileen lursailetan jateko eta hazirako erabiliko diren pataten eremua %10,5 handitu da joan den urtearekin alderatuz.
Gainera, eguraldiak patatak garaiz landatzea ahalbidetu zuen, eta udan izandako tenperatura ez oso altuek ere elikagai honen ekoizpena %10 handitzea lagundu dute. Hori dela eta, Arabako Udapa kooperatiban kolore bizi eta kalitate goreneko 14 milioi kilo patata baino gehiago jasotzea espero dute.
Berrikuntzarekin bat
Udapa beti goi mailako teknologiaz eta berrikuntzaz baliatu izan da kooperatibaren etorkizun sendoa eraikitzeko, eta, horregatik, patataren ekoizpena eta kontserbazioa hobetzeko asmoz, ikerketa eta garapena oinarri duten proiektuetan modu aktiboan parte hartzen du. Izan ere, gero eta gehiago dira klima aldaketaren eraginez patatei eragiten dieten izurriteak eta bestelako gaixotasunak, eta horiek euskal gastronomian hain estimatua den tuberkulu honen emankortasuna murriztea dakarte.
Hori guztia kontuan izanik, eta Araban ekoizten den patataren kalitatea eta osasuna bermatzeko xedearekin, Udapak hainbat entsegu egin izan ditu erreminta jasangarrien bidez zorriaren bidezko birosiaren transmisioa ekiditeko. Gauzak horrela, batetik, patatak landatutako lursailetan lastoa sakabanatzeak duen eragina aztertu dute; eta, bestetik, aldi berean zorrien aurkako sareen eraginkortasun maila ere arakatu dute.
Baina hori ez da azken hilabete hauetan Udapa murgilduta ibili den proiektu bakarra. PataFEST Europan martxan jarri den egitasmoa da, eta bere helburu nagusia da patata landatzen denetik kontserbatzen den arte babestea, nekazaritza iraunkorrago bat sustatuz. 9 herrialdetako 17 eragile buru-belarri ari dira asmo handiko proiektu horretan, eta Arabako kooperatibaren ardura patata-laboreetan zorriaren aurkako uxatzaile berrien eraginkortasuna egiaztatzeaz gain, kontserbazio garaian tuberkuluetan sor daitezkeen gaixotasunak saihesteko dauden produktu alternatiboak baliozkotzat jotzea ere izango da.
Jateko prest
Berrikuntzaren ildotik jarraituz, eta kontsumitzaileen beharrei eta eskaerei erantzunez, patata freskoez gain, jateko prest dauden patatak ere merkaturatzen ditu 2020tik Arabako kooperatibak Udapa fácil markapean. Patata horiek zurituta, era desberdinetan moztuak, lurrunetan egosirik eta hutsean ontziratuta aurkezten dira, inolako kontserbagarririk edota alergenorik gaineratu gabe. Horrela, produktu horiei esker, kontsumitzaileak patata oinarri dituzten errezeta gogokoenak azkarrago prestatuko ditu, plater horien benetako zapore eta testurari uko egin gabe.
Gaur egun, lau erreferentzia daude eskuragarri ohiko supermerkatu handietako fruta eta barazki guneko hotz-kameretan: arrautzopila egiteko patatak, jakiak eta pintxoak egiteko patatak, hornigai moduan jartzeko patatak eta entsalada bat egiteko azenario eta ilarrekin batera datozen patata kuboak.
Azken hiru hamarkada hauetan egin duen moduan, aurrerantzean ere merkatuko joera berriei edota nekazariek dituzten oztopoei gertutik begiratuko die Udapak, goi mailako teknologia eta berrikuntza bidelagun dituelarik, datozen urteetan ere kontsumitzaileek Eusko Labela duen Arabako patataz gozatzen jarrai dezaten.