Oporrak Euskal Herrian

Areatza, eraikin dotorez jantzitako herria

Erdi Aroko herri bat da, eta eraikin txundigarriak ditu. Gorbeia mendira igotzeko abiapuntu oso aproposa ere bada. Udalak kultur programazio bat antolatu du udarako.

Hainbat eraikinek lehengo ezaugarriak dituzte. ZAZU FOTOGRAFIA
2021eko ekainaren 16a
08:55
Entzun

Ikusmira sortzen dute Areatza herriko bazter eta eraikinek. Bizkaiko hegoaldean dago, Arratia eskualdean, eta 1.200 biztanle inguru ditu gaur egun. Herri oso handia ez bada ere, bizitasunik ez du falta Areatzak. Gainera, udan igerileku irekiak zabalik egoten dira, eta ostatu hartzeko hotela eta zenbait apartamentu daude. Hori gutxi balitz, Areatzako Udalak kultur programazio bat antolatu du udarako. Ekintza guztiak doan dira eta aldez aurretik eman behar da izena. Informazioa: Areatza Urtaroka eta Udalaren sare sozialetan.
Erdi Aroan sortu zuen Juan Nuñez de Lara jaunak Areatza, 1338. urtean, bere emazte Maria Dias de Haroren omenez. Emaztearen izenetik dator gaztelaniazko herriaren izena: Villaro, Villa de Aro. Oraindik ere, agerikoa da herriak Erdi Aroko hiribilduen ohiko egitura duela: bi kale paralelo eta kale horiekiko beste bi kale perpendikularrean.
Alde batera zein bestera begiratuta ikusten diren eraikinak txundigarriak dira. Horietako bat da Gortazar jauregia, XVI. mendearen amaierakoa, plazan bertan dagoena. Mudejar estiloko etxea ere badago, eta nabarmentzekoa da Bizkaian estilo horretako bizpahiru eraikin baino ez daudela. San Bartolome eliza ere ikusgarria da, eta, segur aski, hiribildua sortu baino lehenagoko ermita batetik eraikia da.
Eraikinez gain, bisitariak mendiaz ere goza dezake Areatzan. Gorbeiara igotzeko bide tradizionala bertatik igarotzen da. Gorbeiaz gain, Areatzatik oso gertu daude Itxina, Otzarreta (Zeanuri), Baltzolako kobak (Dima). Areatzan bertan, herriko plazan, Parketxea dago, Gorbeia Parke Naturalaren interpretazio zentroa.

Kultur programazioa:
Uztailak 2, barikua
21:30: EIJO Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra plazan.
Uztailak 8, eguena
21:00: Parasitos filma Zubizarra plazatxoan.
Uztailak 10, zapatua.
21:30: Suakai taldearen On the Rocks musika ikuskizuna plazan.
Uztailak 22, eguena
21:00: Black is Beltza filma Zubizarra plazatxoan.
Uztailak 24, zapatua
21:30: Mikra, kaleko arteak Berdinki konpainiaren antzezlana plazan.
Uztailak 30, barikua
21:30: Raquel Lua musikariaren kontzertua bainuetxean.
Abuztuak 5, eguena
21:00: Akelarre filma Zubizarra plazatxoan.
Abuztuak 7, zapatua
21:30: Orsai, kaleko arteak, Malas Compañias Zirko Taldearen antzezlana, plazan.
Abuztuak 15, domekea
13:30: Girls in Band jazz emakume laukotea Zubizarra plazatxoan.
Abuztuak 19, eguena
21:00: El escandalo filma Zubizarra plazatxoan.
Abuztuak 20, barikua
21:30: Valeria Castroren musika kontzertua bainuetxean.
Abuztuak 26, eguena
22:00: Sacred La Glo Circo konpainiaren dantza bertikal ikuskizuna frontoian.
Irailak 3, barikua
21:30 Idoia Asurmendiren kontzertua bainuetxean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.