Tolosaldea Garatzen

Aste Santua Tolosaldean

Familiarekin edo lagunekin ederki pasatzeko plan ederrak egin ahal izango dira Aste Santuan Tolosaldean.

Tolosako azoka
Tolosako azoka. TOLOSAKO UDALA
2025eko apirilaren 9a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Aste Santuan bisita gidatuen eskaintza bereziak izango dira Tolosaldean (Gipuzkoa). Alde batetik, Tolosako alde zaharra, Andre Maria eliza eta azoka gida aditu batekin ezagutzeko aukera paregabea egongo da.

Azokako bisitan, aurten hasitako formatu berria mantenduko da, hau da, bisitaren ostean bertako produktuen dastatze bat eskainiko da Jo topagunean. Baina, berrikuntza bezala, apirilaren 17an, 18an eta 19an, 11:00etan, Tolosako alde zaharreko bisitari ere dastatzea gehituko zaio. Bertako produktua sustatu eta ezagutarazteko beste eskaintza bat ere txertatuz.

‘Kutsidazu bidea, Ixabel’ ibilbidea

Nola ez, inauguratu berri den Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbidea gida batekin egiteko aukera ere izango da, apirilaren 12an, Hernialdetik abiatu eta Alkizara egingo den paseo ederra. Esan gabe doa nahi duenak bere kontura egin dezakeen ibilbidea ere badela.

Joxean Sagastizabal idazleak 1994an argitaratu zuen Kutsidazu bidea, Ixabel eleberri ospetsua, bere bizipenetan oinarrituta. Juan Martin idazlaneko protagonistak Hernialdeko Goeienetxe baserrian ostatu hartu eta Alkizako barnetegian jasotzen zituen euskara eskolak, eta bi herrien artean egunero egiten zuen bidea seinaleztatu eta Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbidea sortu dute. Hernio-Gazume mendigunearen ikuspegi ederra eta Mandabe errekaren ibarrean landutako baserri paisaiaz gozatzeko aukera izango dute bisitariek Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbidea eginez gero. Haurrekin egiteko txango aproposa da.

'Kutsidazu bidea, Ixabel' ibilbidea
'Kutsidazu bidea, Ixabel' ibilbidea. TOLOSALDEA GARATZEN

Topic museoa

Tolosako Topic Txotxongiloen Museoan erakusketa berezi bat ikusi ahal izango da egunotan, Nestor Basterretxea eta Altzoko Handia, Nestor Basterretxea (1924-2014) eskultore, margolari eta zinemagileari eta haren alderdi ezezagunagoari, txotxongilo diseinatzaile gisa, eskainia. Erakusketa horretan bereziki azpimarratzen da Altzoko Erraldoia txotxongilo ikuskizunerako egindako lana, Topicek Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren ospakizunaren harira ekoitzitako obra izan zena. Piezak Jon Ander Basterretxeak eta Idoia Seijok eraiki zituzten, Hondarribiko (Gipuzkoa) Taller Menina tailerrean. Basterretxeak Miguel Joaquin Eleizegi Altzoko Handia (1818-1861) pertsonaiaren historia eta mitoa berrinterpretatu zituen txotxongiloaren artearen bidez. Erakusketa martxoaren 28tik maiatzaren 25era egongo da zabalik.

'Altzoko Erraldoia' txotxongilo ikuskizuna
'Altzoko Erraldoia' ikuskizuneko bi txotxingilo. TOPIC MUSEOA

Halaber, Tolosan, Rafa Gorrotxategiren Txokolatearen Museoa bisitatzeko aukera ere izango da.

Horretaz gain, gogoratu behar da Tolosaldea ere badela sagardoaren lurraldea, eta Aste Santua txotx garaiaz gozatzeko azken txanpa izango dela. Tolosaldean sagardotegi bikain hauek daude, otordu ederrak egiteko eta sagardoaren kulturan murgiltzeko ezin aproposagoak: Aburuza (Aduna), Eguzkitza (Tolosa), Goikoetxea (Lizartza), Isastegi (Tolosa), Sarasola (Asteasu) eta Zabala (Aduna).

Agenda

Bisita gidatuen eskaintza berezia Aste Santuan. Bisita guztiak, Kutsidazu bidea, Ixabel ezik, Tolosaldeko turismo bulegotik abiatuko dira —Tolosako Plaza Zaharreko 10. zenbakian dago—. Erreserbetarako, 943-69 74 13 telefono zenbakira deitu daiteke edo mezu bat bidali Whatsapp bidez, edo mezu bat idatzi daiteke tour@tolosaldea.eus helbide elektronikora.

Apirilak 12

10:00. Kutsidazu bidea, Ixabel ibilbide gidatua. Hernialde herritik abiatuko da.

11:00. Tolosako azokara bisita gidatua eta produktuen dastatzea.

15:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.

Apirilak 17 eta 19

11:00. Rafa Gorrotxategiren Txokolatearen Museoan bisita edo tailerra.

Apirilak 17, 18 eta 19

10:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.

11:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua eta produktuen dastatzea. Aste Santuko eskaintza berezia.

12:30. Tolosako Andre Mari elizara bisita gidatua.

15:30. Tolosako Andre Mari elizara bisita gidatua.

17:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.

Apirilak 22, 23, 24 eta 25

10:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.

15:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.

Apirilaren 23tik 27ra

Tolofolk musika jaialdia Tolosan.

Apirilak 26

10:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.

11:00. Tolosako azokara bisita gidatua eta produktuen dastatzea.

12:30. Tolosako Andre Mari elizara bisita gidatua.

15:00. Tolosako alde zaharrera bisita gidatua.

Topic Txotxongiloen Museoa

•Martxoaren 28tik maiatzaren 25era. Nestor Basterretxea eta Altzoko Handia erakusketa.

•Martxoaren 21etik iralaren 21era. Girovago e Rondella erakusketa.

•Apirilaren 14tik 16ra. 09:20-12:30. Txotxongilo tailerra (6-12 bitarteko haurrentzat).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.