Eduki babestua

Azpeitia bi harribitxiren artean, Loiolatik Burdinbidearen Euskal Museora

Egun bakar batean eta patxada handiz egiteko moduko jarduerak dira Loiolako santutegia bisitatzea basilika barroko ikusgarria eta Loiolako San Ignazioren jaiotetxea ikusiz, iraganera bidaiatzea lurrun-tren batean Burdinbidearen Euskal Museoan, Urolako bide berdean paseatzea eta Azpeitiko herrigune historikoan barrena lasai-lasai ibiltzea. Slow turismoa, inspiratzailea, etxe ondoan, Azpeitian.

Urolako lurrun trena. BASQUETOUR
2021eko martxoaren 24a
09:04
Entzun

Goizean

Loiolako santutegian hasiko dugu eguna. Nor bere ibilgailuan joanez gero, autoa Santutegiaren inguruan dauden lau aparkalekuetako batean aparkatzea gomendatzen dugu; egun osoan utz daiteke bertan, doan. Garraio publikoa hautatzen dutenentzat, Lurraldebuseko honako autobus-linea hauek geldialdia egiten dute Santutegian: Donostiakoak (UK01 linea), Zumaia-Zumarragakoak (UK06), Zarauzkoak (UK03) eta Eibarkoak (UK05).

Erromako zatitxo bat Euskadira ekarri izan balute bezala da Loiola; sentsazio hori sortzen zaigu barruan gelditu eta kupula zirkularreko basilika ikusgarriari begira jartzen garenean; italiar batek diseinatutakoa da, nola bestela: Carlo Fontana ospetsuak. Monumentugune ikusgarri hau Jesusen Konpainiaren sortzailearen omenez eraiki zen, San Ignazio Loiolakoaren omenez, eta gunearen barruan dago, erlikia moduan gordeta, 1491. urtean San Ignazio jaio zen etxea: Loiolako dorretxea edo Etxe Santua. Autogidatutako sistema baten bitartez egin daiteke bisitaldia, hainbat hizkuntzatan; bisitan, etxeko hainbat egoitza ikus daitezke, San Ignazioren familiaren bizimodua nolakoa zen jakiteko, eta eraikinaren goiko solairuan dagoen Bihurketaren Kaperan bukatzen da. Puntu horretara erromesaldiak egiten dira, eta mundu osoko jesuiten eta ignaziotar komunitateentzat ezinbestean bisitatu beharreko tokia da.

Santutegiaren pare-parean dauden lorategiak ere aisialdirako aukera oso ona dira, historiaren, erlijioaren eta kulturaren alderdietan hainbeste sakondu nahi ez dutenentzat. Loiolan gustu eta interes guztietarako aukerak daude.

Bisitaldia egin ostean eta/edo Loiolako berdeguneetan atseden hartu ondoren (gutxi gorabehera bi ordu), paseo atsegin bat eginez Azpeitiko herrigunera joango gara; 1,5 kilometroko bidea Urolako bide berde jendetsutik egin daiteke, edo Loiolako hiribide dotoretik. Hiribide horretan, arratsaldeko Burdinbidearen Euskal Museoko plana baino lehen, kaleetan barrena paseatzeko aukera izango dugu, hainbat monumentu bisitatu (hala nola Soreasuko San Sebastian eliza edo Basazabal jauregia), pintxoak edo menu on-on bat jan alde zaharrean dauden taberna, jatetxe edo terrazetako batean, edo bertako produktuak eta artisauen produktuak erosi, esaterako, Egaña gozodendako pasteltxoak (Inazio tradizionalak dastatu beharrekoak dira).

Arratsaldean

Azpeitiko Burdinbidearen Euskal Museoa. Gai horri buruzko Estatuko museo hoberenetako bat da; benetako lurrun-lokomotor batek tiratutako tren batean bidaiatzea bizi beharreko esperientzia bat da, eta lokomotorren eta tren-makinen erakusketa ikusgarria euskal industria-ondare itzelaren harribitxia da. Museoa Azpeitiko Urolako trenaren geltoki zaharreko instalazioetan kokatuta dago, eta hori ikusteko soilik merezi du inguru honetara etortzea, baina plan osatuago baten osagarri baldin bada, are hobeto.

Bi ordu inguru beharko ditugu Museoa ikusteko, lurrun-treneko bisitaldi eta guzti; horren ondoren, Loiolara itzuliko gara, goizean autoa aparkatu dugun tokira. Nekatuta baldin bagaude, garraio publikoa har dezakegu tarte hori egiteko. Azpeititik hegoalderantz doazen hiru lineei esker, nahiko maiz har dezakegu autobus bat.

Bisitaldi gidatuak egiteko:

- Ondarez:  [email protected]  Telefonoa: 616 924 561

- Bask Alive: [email protected] Telefonoa: 674 31 47 43

- Menditxik: [email protected]  Telefonoa: 616 85 81 26

Loiolako Santutegia.BASQUETOUR

Non lo egin

Non jan

Inguruan egin daitezken beste jarduera batzuk:

- Azkoitia herria bisitatzea (3 km eskasera); monumentu multzo izendatuta dago

- Mendi-ibiliak Izarraitzen / Urolako Bide Berdearen ibilbidea egin

- Road trip autoz Urola bailaran, herri txikiak ezagututa: Beizama, Errezil, Aizarna, Aizarnazabal eta Zestoa.

Informazio gehiago nahi izanez gero:

Azpeitia

Loiolako santutegia

Burdinbidearen Euskal Museoa

Urola Turismo

Loiolako turismo-bulegoa: Loiolako Santutegia / 943 15 18 78

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.