Bizkaia Esnea da bat eginda aritzeak eragin ditzakeen indarguneen adibidetako bat. Bizkaiko Karrantza herriko baserritarrek elkar hartuta abiatutako proiektuak kooperatiba bat izan zuen ondorio, orain dela ia hamabost urte.
Orduz geroztik, beren ekoizpen naturalari etekin handiagoa ateratza lortu dute kooperatibako kideek. Bazkideen berdintasuna oinarri, Bizkaia Esneak bailaran errotutako ekoizpen naturala du ardatz, eta, gisa horretara urratsak egin ditu lehen sektorearen iraunkortasuna bermatzeko bidean.
Horretarako ezinbestekoa dute gizarteko beste eragile batzuekin harremana izatea, eta Eroski kooperatiba dute bidelagunetako bat: «Hartu-eman garrantzitsua da, eta gustura gaude», azpimarratu du Bittor Hernandez Bizkaia Esneako administrazio arduradunak.
Karrantzan dago errotua Bizkaia Esnea kooperatiba, aspalditxotik. Noiz eta nola egin zenuten enpresa sortzeko urratsa?
Orain hamalau urte, 2009an sortu genuen. Karrantza beti izanda zonaldi behizalea, behi asko izan dituena, Urte hartan erabaki genuen gure produkzioa merkaturatzea. Esne freskoa saltzen hasi ginen, eta 2011an erabaki genuen beste moldetan ere egitea, esnekiekin eta. Industriak ordaintzen duen prezioa lortzeko eta esneari mozkin gehiago ateratzeko egin genuen.
Karrantza herriko eta han inguruko 30 baserri inguru daude egitasmoaren barruan, gutxi-gorabehera. Elkartze horren ondorioz, zuen kooperatiba da Bizkaiako ekoizlerik handiena, ezta?
Bai, hala da. Orain apur bat gutxiago gara, batzuk erretiroa hartu dutelako, baina gutxi-gehiago, hori izango da kooperatibako baserrien kopurua. Bailarako handiena da.
Zeintzuk dira Bizkaia Esnearen ezaugarriak, eta zeintzuk berezitasunak?
Bailara honetako lurrari lotutako esnea da, eta bertakoari atxikimendua dio. Era guztietako abeltzainak daude, handiak zein txikiak, baina guztiak hemengoak dira. Horrek aukera ematen du kide guztiak berdin tratatzeko, eta haiei berdin ordaintzeko, produkzio handia ala txikia izan. Horrez gain, kalitatea da beste ezaugarri nagusia. Zero kilometro deritzan esnea da; bertakoa da, eta betidanik erabiltzen diren tekniken bidez ekoizten da. Horrek balioa ematen dio.
Karrantza inguruko larreetan bazkan aritzen diren behiak dira gero Karrantzako esnea ematen dutenak, beraz. Etengabeko bide horretan, behiak elikatzeko moduari eta abereen zaintzari arreta berezia ezartzen al diozue?
Bai. Batez ere, eskualde hau abeltzaintzan aritu da urte askotan zehar, eta behien erabilera oso landua dago urteen poderioz. Horregatik, kalitatezko esnea eskaintzea bermatzen dio gure kooperatibari,
Jada hamalau urteko ibilbidea osatu du zuen kooperatibak. Kalitatea ez ezik, iraunkortasuna ere ba al da zuen lanaren erdigune?
Bai. Gure asmoa da baserriak mantetzea, haiek irautea, eta prezio duin bat ordaintzea abeltzainari, horrek iraunkortasuna bermatu dezan. Hori da gure asmoa, eta horretan ari gara kooperatiba sortu genuenetik.
Kooperatibako kide batzuen erretiroaz aritu zara aurrez, eta baserrien irankortasunaz gero. Alde horretatik, nolakoa da egoera? Ba al dago belaunaldi aldaketarik?
Egoera ez da erraza. Esan dudan moduan, batzuk erretiroa hartuta daude. Etorkizuna bermatu dadin, abeltzainari prezio duinak ordaindu behar zaizkio. Bestela, jende gaztea ez da esplotazioetara lotuko, eta haiek uzteko arriskua egongo da. Alde horretatik, nahiz eta egoera zaila izan, badago Bizkaialde deituriko proiektu bat, gazteak baserrian geratzeko eta esplotazio berria irekitzeko ahalegina egiten duena.
Eroskirekin duzue zuen lan-harreman nagusietako bat. Bizkaia Esneako zer produktu erosi daitezke Eroskiren saltokietan?
Gure sorta guztia erosi daiteke Eroskiren (www.eroski.es) saltokietan. Bai esnea, eta baita gainontzeko esnekiak ere. Saltzen ditugu gazta freskoak, gatzatuak, mamiak, eta abar. Horrek eragiten du, batez ere, esneari errentagarritasun handiagoa lortzea. Era berean, errentagarritasun horren ondorioz, abeltzainari gehiago ordaintzea ahalbidetzen zaio, ekoizpen proiektua indartuz.
Urte askoko harremana duzue Eroskirekin. Noiztik ari zarete elkarlan horretan?
Urte asko dira. Gu kooperatiban hasi ginenetik ari gara Eroskirekin elkarlanean. Eroski kooperatiba bat da, eta bertakoa da gainera. Gu ere hala izanda, hasieratik jarri ginen haiekin harremanetan, eta ondo konpondu ginen. Eroskikoak gure alboan daude hasiera-hasieratik.
Urteetan zehar luzatu den hartu-emana izanda, bi aldeak gustura dauden seinale izango da, ezta?
Bai, jakina. Hartu-eman hori oso garrantzitsua da guretzat. Gainera, inportantea da produktuak bertako supermerkatuetako tiraderetan egotea, eta hurbilekoetan egotea ere bai. Hori funtsezkoa da guretzat.
Bertako produktua izanda, normala da Bizkaia Esnea herrialde horretako saltokietan aurkitzea. Handik kanpora ere aurkitu al daiteke?
Guk, batez ere, Bizkaian egiten dugu lan. Hemen saltzen ditugu gure produktuak, Bizkai aldean. Hori bai, Bizkaitik kanpora ere ikus daitezke alboko herrialdeetan-eta. Gero, beste proiektu bat ere badugu esku artean, Euskal Herria Esnea izena duena. Funtsa berbera du, beste kooperatibara bat da, baina gainontzeko herrialdeetako esnea ere erabiltzen dugu.
Euskal Herritik harago saltzen al duzue esne freskorik, edo betelako esnekirik?
Ez, gu ez gara kanpora irten. Normalean, tokian tokiko produktuak lehenesten dituzte enpresek, eta guk ere bertakoa lehenesten dugu.