CAFek Boroan (Bizkaia) duen Mass Transit Hub (MTH b), enpresaren hiri eremurako elektromugikortasun-teknologien konpetentzia zentroa, bisitatu zituen herenegun Xabier Sagredok, BBK banku-fundazioko presidenteak. CAF konpainiako presidente Andres Arizkorretak lagunduta, Sagredok gertutik ezagutu ahal izan zuen instalazio horietan egiten den lana. Hiri-inguruneetarako trenbide-seinaleztapeneko sistemak garatzen espezializatutako instalazioak dira, arlo estrategiko bat CAFek mugikortasun jasangarria bultzatzeko duen konpromisoaren barruan.
CAF liderra da tren eta mugikortasun jasangarriko irtenbideetan, 5.000 lanpostu zuzen sortzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) —500 inguru Bizkaian—, eta funtsezko teknologiak garatzen ditu hiri-garraioa maila globalean eraldatzeko.
Enpresak trenen eta tren-materialaren fabrikazioa seinaleztapen-ekipo propioarekin osatzeko hartutako erabakiaren ondorioz sortu zen Boroako MTHub-a, duela hiru urte martxan jarria. Horri esker, zerbitzu integrala eskaintzeko aukera dute, eta metro automatikoko nazioarteko lizitazio-mota guztietara aurkezteko ere bai. Hiri-mugikortasun eta trenbide-seinaleztapen aurreratuko teknologietan berrikuntzarako gune bat da, metropoli-lineen segurtasuna, fidagarritasuna eta gaitasuna hobetzeko irtenbide teknologikoen garapena gidatzen duena, mundu osoan hiri-garraioa eraldatzen lagunduz.
Duela gutxi, CAFek HUBaren showroom-a inauguratu du. Gune horretan, biki digitalei eta OPTIOren emuladoreari esker, euskal konpainiak garatutako teknologia proba daiteke, eta izen horixe, OPTIO, du garatutako irtenbideak. CAFek, gainera, bere laborategiaren gaitasunak handitu ditu, sistema azkarrago probatu ahal izateko eta baliozkotzeetarako behar diren denborak hobetzeko.
BBK-ren partaidetza estrategikoa CAF-en
BBK-k %3ko partaidetza du CAFen kapitalean eta %13,23koa talde-mailan. Harreman horri esker, BBK-k euskal industriarentzat funtsezkoa den enpresa baten hazkundea bultza dezake, enplegu kualifikatua sortzen duena eta lurraldearekin konprometitua.
HUBera egindako bisitan, Sagredok azpimarratu zuenez, «kalitatezko enplegua sortzen duten eta Euskadin errotuta dauden enpresa liderrekin dugun konpromisoa adierazten du CAFen egindako inbertsioak. Gure inbertsio-estrategiak ez du errentagarritasun ekonomikoa bakarrik bilatzen, baita ere aktiboki laguntzea eredu ekonomiko berritzaileagoa, jasangarriagoa eta lurraldearekin konprometituagoa garatzen».
BBK-k euskal industriaren aliatu gisa duen eginkizuna indartzeko abian jarri dituen ekintza instituzionalen barruan sartzen da bisita hori, eta, horretarako, bere inbertsio-politikaren ardatzak EAEn sustraitzea, gizarte-eragina eta garapen ekonomikoa dira, banku-fundazio bihurtu zenetik hamar urte bete direnean.
Inbertsio estrategia, printzipioak eta etorkizun ikuspegia
Inbertsio dibertsifikatuetan 1.100 milioi euro baino gehiago inbertituta —eta horiek Kutxabanken duen partaidetzari, 3.600 milioitan balioetsiari, gehitu behar zaizkio—, BBK da Espainiako estatuko inbertitzaile nagusia euskal konpainietan. Printzipiodun inbertsio eredu horrek EAEko garapen ekonomikoan, sozialean eta ingurumenekoan eragin positiboa duten proiektuak lehenesten ditu.
Inbertsioen % 90 bertoko ekimenetara bideratuta daude, eta guztira 15.000 lanpostu zuzen sortzen dituzte energiaren, garraioaren, teknologiaren eta osasunaren sektoreetan. CAFez gain, Iberdrola, Gestamp, Vidrala edo Arteche enpresak, baita start-up berritzaileak ere, ekosistema estrategiko horren parte dira.
BBK-k aurreikusten du 2030erako bere inbertsioetatik eratorritako diru-sarrerek —Kutxabanken dibidenduak izan ezik— gainditu egingo dutela bere Gizarte Ekintzaren aurrekontua, horrela, bere iraunkortasuna eta epe luzerako inpaktu-gaitasuna bermatuz.