Arizmendi ikastola

Belaunaldien arteko elkarlana sustatzen Arizmendi ikastolan

Arizmendi ikastolak abian jarri duen Bizitza Betea belaunaldien arteko proiektuaren bidez, Lanbide Heziketako ikasleak adinekoekin aritzen dira hainbat tailerretan.

bizitza
Arizmendi ikastolako, Debagoiena Mankomunitateko eta Helduak Adi eta Bizipoz elkarteetako ordezkariak, eta zenbait ikasle, Bizitza Betea proiektuaren aurkezpenean. ARIZMENDI IKASTOLA
2025eko maiatzaren 6a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Leintz ibarreko adinekoak eta Arizmendi ikastolako Lanbide Heziketako ikasleak parte hartzen ari dira Bizitza Betea belaunaldien arteko proiektuan. 

Egitasmoa 2023-2024ko ikasturtean  jarri zuten abian, Debagoieneko adinekoen eragileak zeintzuk ziren aztertzeko martxan jarri zuten ekinbide baten bidez. Ekinbide horretan, lankidetzan aritu ziren Helduak Adi eta Bizipoz elkarteak eta Arizmendi ikastolako Lanbide Heziketako arduradunak. 

Ibarreko adinekoen eragileen mapa bat sortu zuten, eta, bide batez, adinekoen nahiak, premiak eta elkarlanerako interesak identifikatu zituzten. «Leintz ibarreko adineko eragileei galdetegi batzuk pasatu zitzaizkien, eta bilera batzuk egin genituen, ikusteko interesik izango ote zen  horrelako proiektu bat gauzatzeko gure ikasleekin. Adinekoen premiak identifikatu genituen, egiten dituzten gauzak, lankidetzarako dituzten ohiturak, eta abar. Ikusi genuen posible zela proiektu bat gauzatzea gure ikasleei eragile formakuntza emanez», Xabin Arriola Bizitza Betea proiektuaren arduradunaren hitzetan.

Ekinaldi hartako ondorioetan oinarrituta, 2024-2025eko ikasturteari begira, Bizitza Betea egitasmoa aurrera eramateko eskaera egin zuten Gipuzkoako Foru Aldundian, Etorkizuna Eraikiz programaren barnean, eta proiektua martxan jartzeko diru laguntza jaso zuten. «Merkatua nondik nora joan daitekeen pixka bat ikusi dugu proiektu honen bideragarritasuna aztertzeko, eta horrela jarri dugu martxan».

Proiektuak hiru zutabe nagusi  ditu: bizitza betearen ikuspegia, belaunaldiartekotasuna eta ikaskuntza zerbitzu solidarioa. Hala, proiektu horren barnean, Arizmendi ikastolako Lanbide Heziketako Mikroinformatika, Osasun Larrialdiak, Erizaintza eta Kirol Animazioa zikloetako ikasleek zenbait tailer eskaintzen dizkiete adineko pertsonei. Adibide gisa, BBB, Heimlich, elikadura osasuntsua, 3D inpresioa, ziurtagiri digitalak, K-Strtch, ibilketa nordikoa edo indar entrenamenduzko tailerrak jasotzeko aukera izaten dute adinekoek Arizmendi ikastolako ikasleen eskutik. «Jadanik tailer batzuk egin ditugu, eta beste batzuk ere emango ditugu». 

Orain arte egindako tailerrekin pozik daude Arizmendi ikastolan. «Hor bi kolektibo bereizi daitezke. Alde batetik, mendekotasuna ez duten adinekoak daude, gauzak beren kasa egiteko gai direnak. Ikastolara etortzen dira, eta ikastolan bertan ematen ditugu tailer guztiak. Baina, haietaz aparte, konturatu ginen bazirela eguneko zentroetan eta zahar etxean dauden adinekoak, eta haiei ere interesatuko litzaiekeela tailer horietan parte hartzea, baina ezin direla ikastolara etorri».  Horrela, tailer horiek bi modutara egiten dituzte. «Tailerretan parte hartzera ikastolara etortzen diren adinekoak 170 bat dira. Horrez gain, Eskoriatzako, Aretxabaletako eta Arrasateko bost zahar etxetara eta eguneko zentrotara joaten gara. Guztira, 300 bat adinekok parte hartzen dute tailerretan». Tailer horietan, elkarrekin bizitzen duten esperientzia horren bidez, bai adinekoak eta bai gazteak, denak irteten dira bereziki aberastuta. «Gazteak eta adinekoak gustura parte hartzen ari dira tailerretan. Hasieran, haien artean dagoen belaunaldien arteko arrakala nabari zen, harremanetan eta abar. Proiektu honek lortu duena da agertzea beren artean badaudela gauza amankomunak, egin daitezkeenak, bizi daitezkeenak, eta esperientzia politak bizitzeko testuinguru bat sortzen da. Ikasleak oso-oso pozik daude, eta adinekoak, are gehiago».

Gizartearen onurako zerbitzua

Proiektua Arizmendi ikastolako Lanbide Heziketako curriculumean txertatu dute. «Ikasleei erronka moduan planteatu diegu adinekoei zerbitzu bat ematea. Gizartearen onurarako zerbitzu bat eskaintzen dugu, eta erronketan lanean jarri ditugu. Haientzat Lanbide Heziketako curriculumaren parte bat izan da. Datorren ikasturtean ere proiektu honekin jarraituko dugu, formatu berean edo parekoan, bai adinekoekin eta bai ikasleekin. Uste dugu merezi duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.