Bilbao Exhibition Centre

2024ko BIEMH: ikuskizun industriala eta teknologikoa

Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoak funtzionamenduan dauden makina handiak eta fabrikazio aurreratuko soluzioak erakutsiko ditu, zuzenean, ekainaren 3tik 7ra, Bilbao Exhibition Centren.

BIEMH
Makina-Erremintaren 32. Nazioarteko Biurtekoa ekainaren 3tik 7ra izango da Bilbao Exhibition Centren. BEC
2024ko maiatzaren 21a
05:10
Entzun 00:00:0000:00:00

BIEMH, Makina-Erremintaren Nazioarteko Biurtekoa, berriro ere Bilbao Exhibition Centren (BEC) izango da ekainaren 3tik 7ra bitarte. Bertan, 1.500 enpresa erakusketari inguru, funtzionamenduan egongo diren makina handiak eta fabrikazio aurreratuko soluzioak zuzen-zuzenean ikusteko aukera egongo da. Hauxe izango da arrakasta handia eta munduan prestigio handia duen azokaren 32. edizioa. Azoka hau, duen neurriaz gain (barrutiko sei pabiloi hartuko ditu), nabarmendu beharrekoa da berrikuntzan, teknologian, ezagutzan eta aukera komertzialetan munduko erreferentea ere badelako.

Aurtengo 32. edizioa dagoeneko azken prestalanetan barneratuta dago. Enpresa erakusketariak 29 herrialdetatik iritsiko dira, eta, horien artean, hauek azpimarratu behar dira: Alemania, Italia, Portugal, Ameriketako Estatu Batuak (AEB), Japonia, Taiwan eta Turkia. Guztira, 3.000 produktu eta zerbitzu inguru erakutsiko dizkiete bertaratzen direnei.

Erakusketa eremuan, funtsezko sektore hauek egongo dira ikusgai: erauzketako eta deformazioko makinen fabrikazioa eta banaketa (%35), robotika eta automatizazioa (%20), erremintak eta osagarriak (%12), industriara aplikatutako digitalizazioa (%9), osagai mekanikoak (%9), produkziorako eta enpresarako zerbitzuak (%6), fabrikazio aditiboa eta 3D (%5) eta metrologia (%4).

Aurten, gainera, berritasun gisa, robotikarako, automatizaziorako eta digitalizaziorako bereizitako espazioa bisitatzeko aukera egongo da. Bestalde, Robot Demo izeneko gunea ere bisitagai izango da, sektoreko enpresa liderrek beren azken sorkuntza lanak erakuts ditzaten.

Edukien agenda

BIEMH azokaren aurtengo edizioa izango da edukiei dagokienez orain arte egindakoetatik dinamikoena eta anbiziotsuena, eta jardueren egitarau askotarikoa eskainiko du.

Konferentzien, keynote-en, workshop-en eta mahai inguruen bidez, BIEMH Talks delakoetan, industriaren inguruko egungo egoera eta etorkizuneko proiekzioak hiru bloketan banatuta jorratuko dira. Ekainaren 4an, Digital Talksen gai hauek izango dituzte hizpide: kuantikako aplikazioak industrian, zibersegurtasuna Europan eta 4.0 teknologiak eraldaketa digitalerako. Ekainaren 5ean, Automation & Robotics Talksek industriara aplikatutako robotika eta automatizazio arloko berrikuntzak aurkeztuko dituzte, eta adimen artifizialak robotikan duen inpaktua aztertuko dute. Ekainaren 6an, aldiz, Additive Talksek teknologia aditiboaren erronkak, bilakaera, ezarpena eta etorkizuna jorratuko dituzte, eta esperientzia propioak eta arrakasta kasuak eskaini.

Horiez gain, agendak beste era bateko egitasmoak ere biltzen ditu: BIEMH Tours (Big Machines Tour, Automation & Robotics Tour eta Innovation Tour) eta BIEMH TV. Azken horrek zuzeneko 80 elkarrizketa baino gehiago, jardunaldien laburpenak eta azterketak eta sustapen bideoak eskainiko ditu.

Bestalde, eta formatu ireki eta dinamikoaren bidez, BeDIGITALen Innovation Workshop izeneko tailerretan, aurrerapen digitalik garrantzitsuenak ezagutzeko aukera egongo da. Halaber, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren-Innobasqueren Innotech eremuan, ikerketa proiektuak ezagutzeko eta hitzaldietara joateko aukera egongo da ekainaren 3an, 4an eta 5ean.

Harreman komertzialak errazteko asmoz, azokan, gainera, networking-eko guneak egongo dira. Gainera, enpresa erakusketariek ongietorriko Get Together bat izango dute eta, giro lasaiagoan, BIEMH Fest izeneko jaiak ekainaren 5eko, asteazkeneko, arratsaldea girotuko du Bilboko kaleetan zuzeneko musikarekin

Erosle estrategikoak

140 herrialdetan baino gehiagotan bisitariak sustatzeko asmoz egindako kanpainari esker, BIEMHek bisitari ugari bilduko ditu, eta, horien artean, herrialde hauetatik iritsitako erosleak nabarmendu behar dira: AEB, Frantzia, Portugal, Turkia, Kanada, India eta Mexiko. Azken herrialde hori izango da, gainera, 32. BIEMHeko herrialde gonbidatua. Hain zuzen ere, industriarako merkatu estrategikoa da, batez ere aurrera eramaten ari den nearshoring-eko politikaren eta T-MEC delakoa sinatu ondoren.

Automobilgintzako, sektore aeroespazialeko, etxetresna elektrikoetako, moldisten sektoreko eta banaketako Mexikoko enpresa ugarik baieztatu dute azokan parte hartuko duela. Enpresa horiek Hosted Buyers’ Programme izenekoan hartuko dute parte. Egitasmo berezi horrek enpresa erakusketariek egindako eskaerak biltzen ditu, ehunka profesional estrategikoren presentzia bermatuz, gero negozio bilerak hitzartu ahal izateko.

BIEMH
BIEMH

20. urteurrena

Aurten, BECek 20 urte beteko ditu. Orduan, 2004an, funtzionalitatearekin eta modernitatearekin lotutako irizpideak BIEMHen eskakizun espezifikoekin bateratu ziren barruti-kontzeptu berria, azokara bereziki egokituta zegoen proiektua, abian jartzeko.

Espazio hark urte askotako azoka tradizioaren lekukoa hartu eta, aldi berean, XXI. mendeko erronkei aurre egin ahal izan zien nazioarteko azokarik zorrotzenen kategoria berean zegoen lehen mailako ekipamenduarekin.

Ordutik, BIEMHen edizio ugari eraman dira aurrera arrakasta handiz, eta bertan 3.200 ekitaldi baino gehiago bideratu dituzte. Horietan guztietan, 19 milioi bisitari inguruk hartu dute parte.

BIEMHen Berrikuntza Bazkidea da Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentzia, eta Eusko Jaurlaritza-SPRI dira Partner Instituzionalak. AFM, Machine Tool Manufacturers; AIMHE, Machine Tools Importers eta Bilbao Exhibition Centre dira BIEMHen antolatzaileak.

WORKinn Talent Hub-ek Bizkaiko Foru Aldundia eta Lanbide-Enpleguaren Euskal Zerbitzua ere ditu Partner Instituzional. Eta BeDIGITALek, halaber, Gaia Euskadiko Ezagutza eta Teknologia Industrien Elkartea du laguntzaile eta Bizkaiko Foru Aldundia Partner Instituzional.

Plataforma globala

BIEMHek aldi berean egingo diren beste hiru ekitaldi hartuko ditu bere barne. Horrela, BIEMHek eskaintzen dituen fabrikazio aurreratuaren inguruko ibilbidea osatzeko, beste hiru azoka industrial ere izango dira.

Alde batetik, ADDITƐDek 8. edizioa izango du aurten eta fabrikazio aditiboaren eta 3D inprimaketaren arloko nazioarteko azoka izango da. Egitasmoak 100 enpresa erakusketari baino gehiago eta Additive Talks izenekoak bilduko ditu.

BeDIGITAL, aldiz, teknologia digitalen aplikazio industriala oinarri duen foroa da eta 6. edizioa izango du aurten. Bere erakusketa eremuan 80 enpresa baino gehiago bilduko ditu. Gainera, Startup Village izeneko eremua, networking-erako gunea, Innovation Workshop izeneko tailerrak eta, noski, Digital Talks-ak ere izango ditu.

Azkenik, WORKinn Talent Hub izango da talentua eta industria bateratuko dituen gunea eta aurtengoa 8. edizioa izango da. Bertan, ikasleek eta enplegua modu aktiboan bilatzen ari diren profesionalek industriaren arloko askotariko sektoreak gertu-gertutik ezagutu ahal izango dituzte, enpresekin zuzenean hitz egiteko aukera izango dute, eta ehunka lan eskaintzatarako haien curriculumak aurkeztu ahal izango dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.