Goiener

Biomasak eskaintzen dizkigun aukerak

Goiener taldeak, Europako Horizon 2020 programak finantzatutako BeCoop proiektuan parte hartzen duela baliatuz, erabilera termikorako tokiko biomasa baliatzeko aholkularitza zerbitzuak garatu berri ditu bazkideentzat.

Gorbeiako parke naturala
Goiener taldea gai da tokiko baliabideen aprobetxamenduari buruzko aholkularitza-zerbitzuak eskaintzeko, biomasak erregai fosilak ordezkatu ditzan. PABLO CASTELLS
2024ko urtarrilaren 19a
05:05
Entzun

Goiener taldean badakite etxeetako energiaren kontsumoaren zatirik handiena etxebizitzak berotzeko erabiltzen dela. Etxeetako energia-kontsumoaren %60 baino gehiago beharrizan termikoei erantzuteko erabiltzen da, eta kontsumo termiko horren %80 erregai fosila da, batez ere gas naturala. Horrela, Goiener taldeak, Europako Horizon 2020 programak finantzatutako BeCoop proiektuan parte hartzen duela baliatuz, erabilera termikorako tokiko biomasa baliatzeko aholkularitza zerbitzuak garatu berri ditu bazkideentzat.

Iazko urriaren 31n amaitu zen BeCoop proiektua, Europako Batasuneko H2020 programak finantzatu zuena. Proiektu horretan, Goienerreko Garapen taldeak, Circe zentro teknologikoarekin eta partzuergoko gainerako kideekin batera —Italia, Polonia, Grezia, Danimarka eta Belgikakoak—, biomasa mota desberdinen erabilera sustatzen lan egin du azken hiru urteetan, gaur egun berokuntzarako erabiltzen diren erregai fosilak ordezkatzeko.

Proiektu honetan, bi proba piloturen bide-laguntza egin du Goienerrek. Nabarmentzekoa izan da Aberasturiko kontzejuan (Araba) egindako proposamena. Bertan, metodologia parte-hartzaileak baliatuz, hirurogei etxebizitza ur beroz eta berogailuz hornitzeko bero-sare bat diseinatu da, zereal-ekoizpeneko baso-hondakinez eta kontzejuko basoen mantentze-inausketez elikatua. Proiektu-pilotu hori hiru ezaugarrik egin dute berezi: Aberasturiko herritarrek erakutsi duten borondateak galdeketetan parte hartzeko eta antzerako proiektuak bisitatzeko —horri esker definitu baita irtenbiderik onena—; emaitza onak lortzeko ezinbestekoak izan diren erakunde publikoekiko lankidetzek —kasu honetan, Gasteizko Udaleko energia- eta baso-kudeaketako departamentuekikoak—; eta, azkenik, proposamenaren oinarriak ezarri dituen Circe zentroaren ezagutza teknikoak.

Bioenergian oinarritutako irtenbideak

Gure energia-sistema deskarbonizatzea erronka izugarria da, inportazioen mende baitago ia erabat (%90). Gure kontsumoa nabarmen murriztea eskatzen du, nola eraginkortasun energetikoa handitzeko neurriak hartuz, hala kontsumo- eta mugikortasun-ohiturak aldatuz ere. Eta ez, ez da nahikoa izango eskaria elektrifikatzea.

Gaur egun energia elektrikoan oinarritutako sistemak egon badauden arren ―esaterako, eskari termikoa deskarbonizatzeko bero-ponpak―, ezinezkoa izango da kontsumitzen dugun energia guztia modu iraunkorrean elektrizitatearekin ordezkatzea, eta, beraz, ezinbestekoa izango da bioenergian oinarritutako soluzioak planteatzea biomasa-iturri bat hurbil dagoen eta horrelako instalazio baterako baldintzak betetzen diren lekuetan.

Horrela, irtenbide deszentralizatuak eta komunitarioak sustatzen dira, eta horiek funtsezkoak dira trantsizio ekologiko eta bidezkoagoa egiteko. Tokian tokiko erregai berriztagarria sustatzeak mendekotasun energetikoa gutxituko du, gas naturalaren inportazioa murriztuko baita, eta berotegi-gasen emisioak gutxitu.

Gainera, deszentralizazioari eta eskualdeko inbertsioen egiturei esker, bioenergia-instalazioek ekarpen handia egin diezaiokete landa-eremuetako garapen iraunkorrari, eta nekazariei diru-sarrera berriak lortzeko aukera eskaini.

Gaur egun egia bihurtu da BeCoop proiektua hasitakoan Goiener taldean ezarri zuten helburua: Goiener taldea gai da tokiko baliabideen aprobetxamenduari buruzko aholkularitza-zerbitzuak eskaintzeko, biomasak erregai fosilak ordezkatu ditzan.

Trantsizio energetiko iraunkorra

Hala, Goienerrek beste urrats bat eman du trantsizio energetiko iraunkorra lortzeko, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-mailan. «Duela hamabi urte energia erabat berriztagarria merkaturatzen hasi ginenetik, aurrera egin dugu, esaterako, pobrezia energetikoari, sorkuntza propioari edo komunitate energetikoei lotutako proiektuetan. Aspaldidanik amesten genuen horrelako konponbideak emateko gai izatea, eta, ondorioz, oso pozik gaude gero eta zerbitzu osoagoa eskaintzeko gauza garelako».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.