Berrikuntzaren bidean

BRTA, Zientziaren eta teknologiaren eragilea

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoan aritzen diren zentroen asmoa da zientzian eta teknologian oinarritutako ezagutza transferitzea euskal enpresei.

BRTA partzuergoko ikerkuntza zentro batean aritzen den nanomedikuntzako teknikari bat. BRTA
2020ko azaroaren 27a
09:10
Entzun 00:00:0000:00:00

Basque Research and Technology Alliance (BRTA) partzuergoak ikerkuntzaren arloan eta teknologiaren garapenean lan egiten du, euskal industriaren beharrei eta erronkei erantzuteko. BRTAn aritzen diren zentroen asmoa da euskal industriari eta enpresei ezagutza transferitzea, zientzian eta teknologian oinarritutako ezagutza. «BRTAk zentroen gaitasunak bateratu eta koordinatzen ditu, euskal enpresen lehiakortasuna bultzatzeko eta bertan berrikuntza areagotzeko», Rikardo Bueno Zabalo BRTAko zuzendariak azaldu duenez. «Gizartearen beharrei erantzunak emateko lanean ere ari dira zentroak, ingurumenaren eta osasunaren arloetan, adibidez».

Iaz sortu zen BRTA, hamasei ikerkuntza eta teknologia zentro elkartuta (CIC Biogune, CIC Nanogune, CIC Biomagune, CIC Energigune, Azterlan, Azti, Ceit, Cidetec, Gaiker, Ideko, Ikerlan, Lortek, Neiker, Tecnalia, Tekniker eta Vicometch), Eusko Jaurlaritzaren, SPRI Taldearen, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin.

Goi mailako aliantza

BRTA goi mailako aliantza bat da, kualifikazio handiko 3.500 zientzialari eta teknologoren ekarpena batzen duena. Euskal Autonomia Erkidegoko I+G+B (ikerketa, garapena eta berrikuntza) arloko gastuaren %22 garatzen du, eta 300 milioi eurotik gorako urteko inbertsioa du.

Nazioartean ere indartsu ari da BRTA, aliantzako erakundeek urtean nazioarteko 700 proiektu ingurutan parte hartzen baitute. «Ekoizpen zientifikoak eta teknologikoak ere emaitza interesgarriak ditu; urtero Europa eta nazioarte mailako ehun patente sortzen dituzte, eta indexatutako 1.200 argitalpen zientifiko inguru publikatzen».

BRTAk lankidetza eta elkarlana bultzatzen ditu. Irizpide garrantzitsuak. Ikerketaren eta garapenaren arloan, gaitasunen batura eta eragileen arteko lankidetza oinarrizkoak baitira soluzio berritzaileak bilatzeko eta industriari soluzio lehiakorrak eskaintzeko. «Egun, COVID-19aren ondorioz sortu den krisiaren eraginez, gure gizartea eta gure ekonomia presio handiak jasaten ari dira. Erronkak konpromiso-erantzun sendo eta koordinatuak behar ditu, osasun eta gizarte arloko behar berriei erantzuteko eta baita krisi ekonomikoa gainditu ahal izateko ere».

Bide horretan, funtsezkoa da ikerketan, garapenean eta berrikuntzan diharduten eragileen arteko lankidetza. «Adibidez, COVID-19aren inguruko test eta jarraipen tresna berriak garatzeko, BRTAko zentroek elkarrekin egin dugu lan. Eta industriari begira ere, lehiakortasunari begira, soluzio konplexuak behar izango dira, eta hor ere elkarlanak eragin handia izango du».

Erronka sozialei eta industrialei erantzuna eman behar zaiela eta, horretarako, anbizio handiko proiektuen alde apustu egin behar dela nabarmendu du Rikardo Bueno Zabalok. «Proiektu horiek zentro teknologikoen eta ikerketa zentroen ezagutzan oinarritu behar dute, enpresentzat lehiatzeko moduko abantaila globalak sortu ahal izateko eta gizarteari onurak ekartzeko. Horretarako, enpresen eta zientzia eta teknologiaren arloko eragileen arteko lankidetza handitu eta gure administrazioaren babesa izaten jarraitu behar dugu».

BRTAk Europan eta mundu osoan garrantzitsua izan nahi du, erreferentzia bat, aitzindaria. «Horrela da, bai. Nazioarteko ikerketaren buru diren talde handiekin lehiatzea da BRTA sortzeko arrazoietako bat. BRTAk nazioarteko I+G proiektuetan dituen parte hartze datuek eta ekoizpen zientifiko-teknologikoari indikatzaileen emaitzek Europako erreferentziazko zenbait eragileren maila berean kokatzen gaituzte, hala nola RISE (Suedia), VTT (Finlandia), TNO (Herbehereak) eta SINTEF (Norvegia)».

Jarduera ildoak

BRTAk bost jarduera ildo nagusi ditu.

· Lehenik eta behin, esparru zientifiko-teknologikoa. «Arlo honetan, BRTAk ikerketa agenda garatuko du, eta, bertan, zentroek erronka sozioekonomiko eta teknologiko nagusiei eman beharreko erantzuna jasoko. Gainera, zentroetan dauden gaitasunen mapa osatuko dugu. Unibertsitateekin ere sendotu nahi dugu elkarlana; Euskal Herriko Unibertsitatearekin hitzarmen bat adostu dugu jada».

· Ezagutzaren transferentzia da funtsezko beste ardatz nagusietako bat. «Arlo honetan, alde batetik, ikerketaren emaitzak modu eraginkorrean balioztatzea eta oinarri teknologikoa duten enpresa berrien sorkuntza sustatuko dugu. Bestetik, enpresei eta bereziki enpresa txikiei eta ertainei laguntza emango diegu, lehiakorragoak bihurtuko dituzten teknologiak aplika ditzaten».

· Giza kapitala nahitaezko osagarria da berrikuntza sisteman, eta horren harira, BRTAk pertsonen arloan ere lan egingo du, prestakuntza bultzatzeko eta talentua duten pertsonak erakartzeko. «Ikasleak euskal berrikuntza ekosistemara erakartzea eta zientzia eta teknologiarako zaletasuna sustatzea izango dugu helburu. Gainera, zentro guztietan berdintasuna eta ikerketa eta teknologiaren inguruko ibilbide profesional bateratuaren alde lan egingo dute».

· Komunikazioarena eta marketinarena da beste jarduera esparru bat, eta, arlo horretan, aliantzak bere gain hartuko du BRTAren irudia gizarte osoari, enpresei eta nazioartean ere zabaltzeko ardura. «Hemen ere, dibulgazio zientifikoa eta STEM gaietan pentsamendu zientifikoaren kultura sustatuko ditugu».

· Azkenik, BRTA partzuergoak harekin aritzen diren zentroei haien kudeaketa hobetzen lagunduko die: zeharkako proiektuetarako, jardunbide egokien zabalkunderako, arazoen identifikaziorako eta krisiaren ondorioei aurre egiteko.

Egitasmoak

BRTAk zenbait ekinbide ditu martxan, esparru zientifikoan eta transferentziaren arloan. Nabarmentzeko modukoa da PRAP Euskadi proiektua. Izan ere, langileen artean birusa goiz detektatzeko eta trazabilitatea ezagutzeko metodologia eraginkor baten bitartez, pandemia garaian Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen jarduera bermatzea du helburu. Egitasmo horren bidez, elkarlanean jarduteko protokolo bat garatu da, eta COVID-19aren inguruko trazabilitate eta prebentziorako tresna teknologikoak eta proba analitikoak uztartu. Horrela, infekzio arriskua gutxitu eta lanean segurtasun berme handiagoarekin ibiltzea erraz daiteke.

BRTAk aurten 2020-2023rako plan estrategikoa eta ekintza plana definitu ditu. Plan horien ondorioz, hainbat ekinbide jarri ditu martxan, eta beste batzuk ere abiatzeko asmoa du: gizartearen erronkei erantzuteko agenda zientifiko-teknologikoa osatzea, enpresa mundura teknologia berriak zabaltzeko egitasmo berriak martxan jartzea (formakuntza dualarekin elkarlanean, edo sektore berrietarako eskaintza osatuta), teknologian oinarritutako enpresagintzarako euskal sistema indartzea, zentroek euskal ekonomiari eta gizarteari egiten dieten ekarpena zabaltzea…

Beraz, BRTAk ez du proiektu faltarik. «Ehun ekonomiko lehiakor eta indartsu bat behar dugu gizarte aurreratu eta orekatuago bat izateko, eta BRTA osatzen duten zentroak, horren alde, elkarlanerako prest daude».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.