Eraikuntza eta azpiegiturak

EGUZKI ENERGIAREN ONURAK

Solar Power Europe elkarteak txosten bat argitaratu du eguzki energia fotovoltaikoak eraikuntzan ekar ditzakeen onuren inguruan.

Solar Power Europe elkarteak argitaratu duen txostenak neurri jakin batzuk finkatu ditu energia fotovoltaikoa eraikuntzan integratu eta aukerak sortzeko. SOLAR POWER
2020ko martxoaren 17a
19:01
Entzun

Solar Power Europe eguzki energiaren Europako elkarteak Solar skins, an opportunity for greener cities izenburuko txostena argitaratu du (Eguzki inguratzaileak, aukera bat hiri iraunkorragoentzat), hainbat erakunde eta ikerketa zentrorekin elkarlanean aritu ondoren: besteak beste, Tecnalia korporazio teknologikoarekin.

Solar Power Europe eguzki energia sustatzen duen Europako elkarterik handiena da, eta, aipatu txostena osatzeko, ikerketa lan bat bultzatu du eguzki energia fotovoltaikoa eraikuntzan eguzki inguratzaileen bitartez integratzeko moduei buruz. Eguzki inguratzaileek eraikuntzan onurak ekar ditzaketela ondorioztatu du, hiri arkitektura lagungarria izan daitekeela karbono gutxiko energia sorkuntzaren aldeko trantsiziorako.

Halaber, txostenak neurri jakin batzuk finkatu ditu energia fotovoltaikoa eraikuntzan integratu eta aukerak sortzeko, eta teknologia horren diseinuaren malgutasuna eta heldutasun tekniko handia nabarmentzen ditu.

Hauek dira bertan bildu diren proposamenetako batzuk: eraikin publikoak eraikin energetiko bihurtzea eguzki panel inguratzaileen bitartez, jabetza pribatuen titularrentzako finantzaketa sistema berriak sustatzea, eta eraikinen eta garraioen elektrifikazio sistematikoa bultzatzeko politika eraginkorrak, araudiak eta pizgarriak abian jartzea.

Trantsizio energetikoa

«Eguzki inguratzaileak aukera bat dira trantsizio energetikoa gauzatzeko», Tecnalia korporazio teknologikoko arduradunek nabarmendu dutenez. «Energia fotovoltaikoa integratua duten eraikinen bidez, hiriak lagunkoiagoak izaten dira ingurumena zaintzeari dagokionez; karbono maila txikia izango duen ekonomia garatzeko trantsizio energetikoa sustatzen dute; lanpostuak sortzen dituzte industria fotovoltaikoaren eraikuntzaren eta instalazioaren arloetan; hirien bizi kalitatea eta erakargarritasuna hobetzen dute; eta sare elektrikoen deszentralizaziorantz aurrera egiteko modua ematen dute».

Hori guztia lortu ahal izateko hainbat oztopo gainditu behar direla dio Solar Power Europe elkarteak argitaratu duen txostenak: berritze tasa txikiak, energia berriztagarrien in situ integrazio motela eta neurri horiek eskaintzen dituzten onurei buruzko kontzientziazio falta historikoa.

Tecnalia BRTA Basque Research and Technology Alliance partzuergo zientifiko-teknologikoko kidea da, Euskal Autonomia Erkidegoko beste zenbait eragile zientifikorekin batera. BRTA partzuergoa, euskal zientzia, teknologia eta berrikuntzaren sareko hamasei zentro teknologiko eta ikerketa zentro kooperatiboren, Eusko Jaurlaritzaren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundien eta Spri Taldearen arteko lankidetza hitzarmen baten bidez sortu da, Euskal Autonomia Erkidegoko industria helburuei erantzuteko, eta ikerkuntzaren eta teknologiaren alorretan lan egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.