EROSKIk eta Basque Culinary Centerrek berriro ere bultzatu dituzte, bosgarren urtez jarraian, EROSKI-BCC Onenak sariak, BCC Alumni komunitateko kideen proiektuak babesteko helburuarekin. Proiektu horiek elikadura eta gastronomia ulertzeko modua eraldatzen ari dira, eta nabarmentzen dira tokiko produktuarekiko konpromisoagatik, iraunkortasunagatik eta berrikuntzagatik; hain zuzen ere, bi erakundeek partekatzen dituzten balioak.
Aurten, Esther Merino izan da aitortuetako bat, alkoholik gabeko NoLo edarien garapenean eta hartzidura artisauen tekniketan aitzindaria. Lola Palacio ere saritu dute, Iñaki Gomezekin batera Asturiasko Villaviciosako Castiello de Selorion dagoen Alenda jatetxearen sustatzailea, eta baita Jon Iñaki Yurrebaso ere, Bizkaiko Axpen dagoen Mendi Goikoa Bekoa jatetxe eta hotelaren jabea.
Sari banaketa ekitaldia azaroaren 7an antolatu da, Basque Culinary Centerren, Miramonen (Donostia), eta ekitaldian izan dira Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusia, Vicente Atxa Basque Culinary Centerren Patronatuko presidente eta Mondragon Unibertsitateko errektorea, Rosa Carabel EROSKI kooperatibako zuzendari nagusia eta Asun Bastida EROSKI Taldeko Harreman Instituzionaletarako eta Komunikazio Korporatiborako zuzendaria.
Halaber, ekitaldi horretan ere parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko hainbat ordezkarik, Jon Insausti Donostiako alkateak, nekazaritzako elikagaien industriako ehun profesional baino gehiagok, eta zenbait erakunde, elkarte eta hedabidetako ordezkariek. Bertaratuek esperientzia gastronomiko paregabea izan dute, hiru sarituen eskutik prestatutako jaki eta edari ederrak dastatu baitituzte.
Carabelek EROSKIk berrikuntza eta tradizioa uztartzen egin duen lana goraipatu du: «EROSKIn berrikuntzaren alde lan egiten dugu, gure sustraiak galdu gabe, eta bertako ekoizleekin elkarlanean aritzen gara, ikuspegi bat partekatuz: gure eskualdeen aberastasun gastronomikoa zaintzea, biodibertsitatea babestea eta gure nortasunaren parte diren langintza tradizionalei bizirik eustea. Gure ustez, etorkizuna eraikitzeko inspirazio-iturri da tradizioa; horregatik aitortzen ditugu gaur gure gastronomiaren onena zainduz etortzekoa dena irudikatzeko ausardia dutenak».
Aizegak, berriz, hauxe azpimarratu du: «Bosgarren urtez jarraian emango ditugu EROSKI-BCC Onenak aitortza sariak. Ekimen hau sortu zenean, gure helburua zen gure ikasle ohietako askok duten espiritu ekintzailea ikusaraztea, lan bikaina egiten ari baitira tokiko produktuaren, iraunkortasunaren, osasunaren eta berrikuntzaren arloan. Aitortza hauen ibilbide sendoak erakusten du nolako talentua duten gure ikasgeletatik pasatu diren gazteek. Ekimen hau EROSKIrekin batera garatzeak, berriz, adierazten du biok gaudela konprometituta belaunaldi berriekin, etorkizuneko gastronomia eta elikadura markatuko dituzten belaunaldiekin, hain zuzen».
Aurten aitortutako talentuak
Esther Merino, Gastronomia eta Sukaldaritza Arteetan graduduna Basque Culinary Centerren, aitzindaria izan da alkoholik gabeko NoLo edariak sortzen eta hartzidura artisauen teknikak garatzen. Kopenhageko (Danimarka) Noma eta Alchemist jatetxeetan izandako prestakuntza esperientzien ondoren, BOWS sortu zuen, bere metodologia propioa duen aholkularitza gastronomikoa. Irakasle ibili da Basque Culinary Centerren, eta berriki Sagarmut aurkeztu du, Zapiain sagardotegiarekin elkarlanean garatutako bermuta. Haren lanaren ardatza da freskagarri industrialen alternatiba osasungarriak sortzea, tokiko eta sasoiko osagaiak erabiliz. Jardun horrek sektorearen eraldaketa irudikatzen du: edari iraunkorragoen aldeko bidea, tradizioa eta berrikuntza uztartuz eta lurraldean balioa sortuz.
Lola Palaciok, berriz, Sukaldaritzako Berrikuntza eta Kudeaketa Masterra egin zuen Basque Culinary Centerren, eta, Iñaki Gomezekin batera, Alenda jatetxearen jabea da, Castiello de Selorion (Villaviciosa, Asturias). Sei urtez Ricardo Sotres sukaldariarekin lan eginda, Retiro de Pancar jatetxean, 2023an ireki zuen Alenda jatetxea, eta geroztik Michelin Gidaren aitortza eta Eguzki Repsol bat jaso ditu; hala, Asturiasko gastronomiaren erreferente bihurtu da. Iraunkortasunean eta zero kilometroko ereduan oinarritzen du bere proposamena: Llastresko merkatuko arrain freskoak eta bere baratzeko berdurak. Arreta pertsonalizatuaren eta giro atseginaren bidez, bezeroek asturiarren ingurunearekin konektatzen dute, eta horrek agerian uzten du gazte ekintzaileak lidergoa hartzen ari direla lurraldearekiko arduratsuagoak diren ereduetara eboluzionatzeko.
Azkenik, Jon Iñaki Yurrebaso Sukaldaritza Zientzien eta Arteen arloan graduatu zen Basque Culinary Centerren, eta Mendi Goikoa Bekoa jatetxe eta hotelaren jabea da. Axpen (Bizkaia) dago Mendi Goikoa Bekoa. Gastronomiaren 100 talentu gazteetako bat bezala dago kontsideratua. Eskarmentua Torres anaiekin eta Dani Garciarekin harturik, 26 urterekin ekin zion Mendi Goikoa Bekoa jatetxeari, 2021ean, pandemia betean. Haren lanak Eguzki Repsol baten aitortza jaso du. Euskal gastronomia eta kultura berreskuratzean oinarritzen da haren proposamena: tokiko eta sasoiko produktuak erabiltzen ditu, eta parrillan egiten duen lanagatik nabarmentzen da. Yurrebasok lurraldearekiko eta iraunkortasunarekiko duen konpromisoa argi islatzen da gertuko ekoizleen alde egiten duen apustuarekin.