Usurbilgo Lanbide Eskola

Energia burujabetzan eta iraunkortasunean eredu

Jasangarritasunean eta energia burujabetzan eredu da Usurbilgo Lanbide Eskola. Zazpi familia profesionaletako erdi mailako eta goi mailako zikloak eskaintzen ditu.

usurbil
Usurbilgo Lanbide Eskolak etengabeko hobekuntza bultzatzen du. USURBILGO LANBIDE ESKOLA
2025eko maiatzaren 6a
05:25
Entzun 00:00:0000:00:00

Berrikuntzaren, bikaintasunaren eta etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua egiten du Usurbilgo Lanbide Eskolak (Gipuzkoa). Hori dela eta, ez da harritzeko urtez urte ikasle kopurua handitzea. «Aurten eskolan jende asko mugitu da, ikasle kopurua handia izan dugu eta, hori dela eta, baita irakasle eta langile kopurua ere. Arratsaldez ematen diren langile eta langabetuentzako ikastaroetan ere jendea askok parte hartu du», Usurbilgo Lanbide Eskolako arduradunen hitzetan.

Usurbilgo Lanbide Eskolak zazpi familia profesional hauetako zikloak eskaintzen ditu: administrazio eta kudeaketa, elektrizitatea eta elektronika, energia eta ura, fabrikazio mekanikoa, ostalaritza eta turismoa, informatika eta komunikazioak, eta instalatze eta mantentze lanak.

Erdi mailako zikloak hauek dira: administrazio kudeaketa, instalazio elektrikoak eta automatikoak, hozteko eta girotzeko instalazioak, beroa sortzeko instalazioak, mekanizazioa eta mantentze lan elektromekanikoa —2025-2026ko ikasturtean jarriko da martxan—.

Goi mailako zikloak, berriz: administrazioa eta finantzak, automatizazio eta robotika industriala, fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa, fluido instalazioen eta instalazio termikoen mantentzea, energia eraginkortasuna eta eguzki energia termikoa, energia berriztagarriak, plataforma anitzetako aplikazioak garatzea, web aplikazioak garatzea eta jatetxe arloko zerbitzuen zuzendaritza. Azken bi ziklo horietan lehen ikasle promozioa izango da aurten. Etorkizun oparoa duten zikloak dira eta kalitatezko prestakuntzaz lantzen dira.

Halaber, espezializazio ziklo hau egin daiteke Usurbilgo Lanbide Eskolan:industria mantentzearen digitalizazioa.

Bosgarren urtez jarraian, emozioen lanketa egiten ari dira erdi mailako zikloko ikasleekin, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Fakultateko irakasleekin diseinatutako programa baten bidez, baita Harremanak hezkidetza programaren bidez. Ikasleekin, tutore eta kanpo agente bidez, hainbat lanketa egiten dira komunikazioa hobetzeko baita euren gaitasun sozio-emozionalak ere. «Oso emaitza positiboekin».

Bikaintasun zentroa

Usurbilgo Lanbide Eskola Energia Berriztagarrietan Lanbide Heziketako Bikaintasun zentroa da 2022-2023ko ikasturtetik. Hori dela eta, ikastetxeak pauso esanguratsua eman du jasangarritasunaren eta energia berriztagarrien alde. Energia sistema berritzaile baten bidez, bere kontsumo elektrikoaren zati handi bat bere kabuz ekoizteko gaitasuna du gaur egun, eta energia trantsizioaren bidean eredugarri bihurtu da.

Ikastetxeak 40kWp-ko instalazio fotovoltaikoa jarri du martxan eta, horrekin batera, 200kWh-ko eta 100kW-ko potentziadun Huawei bateria sistema instalatu du. Gailu horiei esker, energia sortu eta metatzeko gaitasun handia du, eta horrek autokontsumoa nabarmen handitzea ahalbidetu du. Zenbakiek berretsi egiten dute lortutako eragina: urte osoan kontsumitutako energiaren %50 ikastetxeak berak sortzen du iturri berriztagarrien bidez. Eta udaberri-udako garaian, eguzki orduen abantailarekin, %80raino iristen da autokontsumoa, hau da, gutxi gorabehera 100 familiaren urteko kontsumo elektrikoaren baliokidea.

Egun, ikastetxearen energia kontsumoa 120 familiaren kontsumoarekin parekagarria da, eta autokontsumoaren bidez sortzen den energiak ez du soilik ingurumenari egiten dion ekarpena nabarmentzen, ikaskuntza esparruan ere balio handiko aukera pedagogiko bihurtu da. Ikasleek zuzenean ezagutzen dituzte energia berriztagarrien aplikazio errealak eta jasangarritasunerako tresna teknologikoak.

Usurbilgo Lanbide Eskolak ikasle eta irakasle trukeak egiten ditu Europako beste ikastetxe batzuekin. Besteak beste, Herbeheeretako eta Dinamarkako hainbat eskolarekin egin ditu. «Orain 15 ikasle dauzkagu Europako enpresetan zehar, hiru hilabeteko praktikaldia egiten».

Halaber, ikastetxea bi nazioartekotze berrikuntza proiektutan murgilduta dago. Alde batetik, VetSkillinG izeneko lankidetza proiektuan. «Non ikasturte honetan 15 ikaslek Europako hainbat lurraldetako —Herbehereak, Suitza eta Danimarka— topaketetan parte hartzeko aukera izan duten. Topaketa hauetan gaitasun teknikoak lantzeaz gain gaitasun intrapertsonalak eta interpertsonalak garatzeko saioaetan parte hartu dute». 

Bestalde, DGVET-30 egitasmoan lanean ari dira. Egitasmoaren bi helburu nagusiak hauek dira: ziklo industrialetan emakumeen presentzia estimulatzea eta monitorizazioaren laguntzarekin gasen emisio eta energia kontsumoak murriztea. Azken proiektu horren koordinazioa Usurbilgo Lanbide Eskolak egiten du.

Aurrematrikula datak

Usurbilgo Lanbide Eskolan aurrematrikulazioa egiteko epea maiatzaren 5etik 23ra egongo da zabalik. Ikastetxean bertan egin daiteke edota online, Ikasgunea plataforman. Ondoren matrikulatzeko aukera izateko, ezinbestekoa da aurrematrikula egitea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.