Interesgarria izan daiteke Izuran egun bat igarotzea, herrian eta inguruetan dauden eraikin eta monumentu historikoak ezagutzeko, eta urteetan gorde den ondareaz gozatzeko.
Besteak beste, Latsaga gaztelua, XIII. eta XIV. mendeetan eraikia. Ondoan herriko hilerria dago. Herrian bertan, San Joan Bataiatzailearen eliza dago, 1889koa, eta, herriaren hego-mendebaldean, 1228an Antso Azkarrak suntsitutako harresien aztarnak ikus daitezke.
Haranbeltzeko kapera
Halaber, Izurako plazatik abiatuta, txango bat egin daiteke Haranbeltzeko kapera ezagutzeko. Aspaldi, Izurako basoaren magalean, zuhaitzak moztu, eta, argigune horretan, priore etxea, kapera bat eta lau etxe eraiki zituzten. Aipatua izan da XII. mendean, Hospitale Sancti de Arambels agirian. Bertan dagoen etxe baten ateburuan, eraiki zen garaiaren erreferentzia gisa, 984. urtea ageri da.
Haranbeltzeko kapera Erdi Aroko arkitektura erromanikoaren adibide ezin hobea da, bidaiari eta beilarien gerizatzaile San Nikolas Barikoaren omenez eraiki zuten, eta han bizi ziren Donato Anaiak taldeko kideek hartzen zituzten beilariak.
Kaperaren barnean, XVIII. mendeko koloretako apaindurak, XVII. mendeko erretaula bat eta Jondoki Jakobe beilaria erakusten duen eskultura bat ikus daitezke.
Inguruetan ibilaldiak eta beste zenbait jarduera egiteko, eta otordua egiteko eta ostatu hartzeko, Donapaleuko herriko etxearen webgunean kontsulta egin daiteke (www.saint-palais.fr)