Denis Itxaso (Donostia, 1975) Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua etxebizitzaren alokairuen kultura hedatzearen alde mintzo da. Jakitun da arazoaren konplexutasunaz. Badaki hori ez dela egun batetik bestera lortzen, eta administrazio publikotik eragin baldin badaiteke ere, hark bakarrik ezin duela dio. Horregatik elkartu nahi dituzte askotariko eragileak Donostian, Tentsio Handiko Eremuen Nazioarteko Konferentzian, hilaren 19an, etxebizitzaren arazoari eman zaizkien hainbat irtenbideren berri izateko eta elkarlanean bidea finkatzeko.
Tentsio Handiko Eremuen Nazioarteko Kongresua antolatu du Eusko Jaurlaritzak. Izenburuak berak erakusten duenez, nazioartekoa izendatzeak arazoaren tamaina erakusten du, ezta?
Halaxe da; izan ere, Europako metropolialde guztietan gertatzen ari den arazo bat da. Arazoa funtsean da eskaintza txikiegia daukagula daukagun eskari handi hori asetzeko. Eskaria toki guztietan handitu da, batez ere arrazoi demografikoengatik: bizitza estiloa aldatu da, gero eta jende gutxiago bizi da etxe bakoitzean, bikoteak bakoitza bere etxean bizi dira gero eta gehiago, bizi itxaropenak ere gorantz egin duenez etxeak gero eta denbora gehiagoan daude okupatuta, eta era berean, zorionez, saldo migratorio positibo bat daukagu, beharrezkoa dena. Jendearen joera, gainera, metropolialdeetan pilatzea da.
Zerk bultzatu du Eusko Jaurlaritza halako kongresu bat antolatzera?
Askotan gureari begiratzen diogu kontuan hartu gabe beste lurraldetan zer politika egiten ari diren. Adibidez, alokairuen gaineko politikak oso errotuta daude Europa Iparraldeko herrialdetan. Etxebizitza lehen mailako behar gisa onartuta, ulertzen dute alokairuen prezioak ezin direla egon merkatu higiezinen arauen menpe, eta nolabaiteko interbentzio publiko bat behar duelakoan daude. Horregatik nahi genuen konparatu zer-nolako interbentzioak egiten dituzten beste herrialdeek, jakin badakigulako interbentzioak badituela ondorio positiboak, eta negatiboak ere izan litezkeela. Horiek denak kontuan hartuta, analisi konparatu bat egin nahi dugu, baina datuak esku artean izanda.
Etxebizitza politika berritzaileei buruzko hainbat adibide landuko dituzu zeuk, Bartzelonako alkatearekin eta Europako Batzordeko Etxebizitza Lantaldeko buruarekin. Aipatuko zenizkiguke adibide batzuk?
Etxebizitzaren politiketan, eskumenak oso sakabanatuta daude. Estatuek, batez ere, lurzoruaren legediaren inguruko eskumenak dituzte, baina autonomia erkidegoek eta Europan eskualdeek badituzte hainbat eskumen, eta udalek ere bai, gehienetan lurzorua beraiena delako. Plangintza urbanistikoa ere udalek erabakitzen dute. Orduan, interesgarria iruditzen zitzaigun ikustea udalak, eskualdeak eta estatuak zer egiten ari diren. Nazioarteko kongresu hau iritsi da Europak lehen aldiz eskua sartu nahi izan duenean gai honetan, eta lehen aldiz funtsak sortu eta irizpide batzuk ipini nahi dituenean. Lehen aldiz daukagu etxebizitza komisario bat, eta nahiko genuke kongresu honetan ateratzen diren ondorioak hari ere helaraztea.
Tentsio handiko gune izendatu ditu dagoeneko Espainiako Gobernuak Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Donostia. Zertan lagundu du izendapen horrek, eta zer muga ditu, zure ustez?
Euskal Herriko lau hiriburuak, eta Miarritzeko (Lapurdi) alkatea ere gonbidatu dugu. Izan ere, Espainiako legedia 2023koa da, baina Frantzian denbora gehiago doa indarrean, eta interesgarria izango da ikustea etxebizitza turistikoak arautzeko zer neurri dituzten. Gero, ikusi nahi dugu Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñean bakoitzak nola heldu dion erronka horri. Askotan, bakar-bakarrik alokairuen merkatuaren interbentzioari erreparatzen diogu. Baina horretaz gain, udalerriek tentsio handiko eremu bihurtzeko hiru urteko plangintza batzuk onartu behar izan dituzte, eta plangintza horietan agertzen dira hainbat neurri agian merkatuaren interbentzioa baino eraginkorragoak izan daitezkeenak.
Adibidez?
Orokorrean gizartean badago iritzi nagusi bat: etxebizitza gehiago behar ditugula onartzen da. Baina gero, hirietara jaisten garenean eta zein lurzorutan eraiki nahi dugun zehazten hasten garenean, arazoak sortzen dira: hasten dira mesfidantzak eta egoten dira sektoreak begi onez ikusten ez dituztenak horrelako operazioak, mehatxu gisa ikusten dituztenak, bai etorkinak etorriko direla esanda, ghettoak sortuko direla esanda... zurrumurruak sortzen dira, eta horrelakoak deseraiki nahi ditugu kongresu honetan erakutsiz etxebizitzak egin daitezkeela dibertsitateari eta erdiko klaseei erantzun bat emanez, eta kalitate urbanistiko aldetik ere duinak izanda.
Hiriburuak aipatu ditugu, baina inguruko herrietan ere badu eragina etxebizitzaren prezioak. Horri ere helduko diozue kongresuan.
Hiriburuek egundoko trakzioa daukate, hiritarrak erakartzen baitituzte. Baina iritsi da garai bat non hiri horien inguruan dauden metropolialdeek ere arazo berak dituzten. Hori Astigarragan, Lasarte-Orian, Barakaldon... gertatu da. Alegia, prezioak hiriburukoen parekoak dira azkenean. Horregatik interesgarria da hiriburuez gain eskualdeak ere tentsio handiko gune izendatuta egotea. Horrantz goaz. Bilbo inguruan Bilbo eta Barakaldo dauzkagu, ezkerraldeko beste hiriek ez dute pausorik eman. Baina Donostialdean, Oiartzun izan ezik, gainerako guztiak daude bide horretan. Batzuek dagoeneko izendapena badute: Lasarte-Oriak, Astigarragak, Errenteriak eta Irunek. Baina Pasaia eta Lezo tramitazioan daude.
«Jar ditzagun baliabideak alokairu sozialerako, eta ireki ditzagun ateak lankidetza
publiko-pribaturako»
Alokairuan egin duzue indar, eta datuei erreparatuko diezue; zergatik?
Bai, aurrekoan ministroak [Espainiako Gobernukoak], Isabel Rodriguezek, oso ondo azaltzen zuen. Merkatuan dauden etxebizitzen datu publikoak ematearen garrantziaz ziharduen. Zergatik esaten du hori? Gaur egun, etxebizitzaren datuak, batez ere alokairuen merkatuan, Idealista eta horrelako plataformek eskaintzen dituztelako. Horiek badute interes bat. Etxe agentziek nondik lortzen dituzte mozkinak? Alokairuko etxebizitzen errotazioetatik. Alegia, zenbat eta errotazio handiagoa izan, orduan eta etekin handiagoa, haiek kobratzen dutelako sinatzen duten kontratu bakoitzarengatik. 2018an, Pedro Sanchez Moncloara iritsi zenean, alokairuzko kontratuek hiru urte irauten zuten, eta orain bost; eta lege berriarekin, zortzi ere izan daitezke tentsio handiko eremuetan, hiru luzapen berezi onar daitezkeelako.
Kasu horietan, zortzi urtean behin kontratu bat sinatuko litzateke.
Eta hor etxe agentziek ez dute dirurik ikusten. Orduan, zein datu ematen dituzte? Errotazioarenak, gero eta kontratu gutxiago ikusten dituztelako. Haiek diote etxejabeek alde egin dutela alokairuen merkatutik ez dagoelako ziurtasunik. Hemen inportanteena da Eusko Jaurlaritzak hiru hilabetean behin ematen duen datua: zenbat etxebizitza daude Euskadin alokairuko kontratu batekin? Eta egia hutsa da inoizko etxebizitza gehien daudela alokairuko kontratu batekin. Hori adibide bat da azaltzeko zergatik behar ditugun datu ofizialak eta gardenak, ez bakarrik etxe agentziek emandakoak. Haiek ematen dituztenak zilegiak dira, baina interes konkretu bat dute.

Hirugarren sektorearekin ere lankidetzan ari zarete.
Ikusten ari garena da, adibidez, zuzkidurako bizitoki batzuk egiten ari garela, printzipioz jende gaztea emantzipatzeko. Baina gero agertzen dira hainbat behar, eta horiei behar bezala aurre egiteko hirugarren sektoreko elkarteak behar ditugu. Arazoa ez baita bakarrik etxebizitza gabezia, baizik eta egingarri egitea pertsona guztientzat bizitza proiektu bat. Bizi proiektu hori aurrera eramateko, etxebizitza lehen mailako behar bat da, eta horretan ari gara, baina gero, hirugarren sektoreko elkarteen laguntzarekin, beste akonpainamendu bat lortzen dugu, beste gaitz batzuk gertatu ez daitezen. Etxebizitzak eskaintzen dizkiogu, beraz, bazterketa arriskuan daudenei. Baina haiei ezin zaie etxebizitza bakarrik eman; gero, Lanbiderekin eta beste hainbat elkarterekin batera, lana egin behar da erabateko integrazioa lortzen laguntzeko. Eta gero, auzo berriak direnean, oso inportantea da bermatzea errenta diferentetako auzokideak egongo direla elkarbizitzan.
«Auzo berriak direnean, inportantea da bermatzea errenta diferentetako auzokideak egongo direla elkarbizitzan, bestela ghettoak sortzen direlako»
Zergatik?
Bestela ghettoak sortzen direlako. Badaude hiri mordo bat errentaren arabera zatituta daudenak. Eusko Jaurlaritzaren ikuspegitik begiratuta, ahalegindu nahi dugu hiriak ahalik eta integratuenak eta kohesionatuenak izan daitezen. Ez daitezen txiroen auzoak eta aberatsenak egon. Asmoa da etxebizitza babestuak egitea errenta maila desberdinetarako. Integrazio horren islarik argiena izango litzateke etxebizitza bloke batean bizitzea errenta diferentetako auzokideak. Eta hori ez da erreza kudeatzen, batez ere ikuspegi publikotik eraikin hori kudeatu behar duenarentzat, errenta diferenteak kobratu behar dituelako irabazien arabera. Euskadin, adibidez, kobratzen den errenta ez da guztientzat berdina, eta inork ez du ordaintzen bere errentaren %30 baino gehiago, finantza entitateek diotelako familientzat hori dela ordain dezaketen kopururik handiena etxebizitzaren kostuari aurre egiteko.
Eguna bukatzeko, bi foku. Batetik, etxebizitza publikoaren arloan nazioartean dauden eredu batzuen berri emango duzue. Azalduko zeniguke baten bat?
Nazioartean askotan aipatzen da Vienaren kasua, eta Vienako ordezkari bat badator kongresura. Baina Vienan ehun urte daramatzate etxebizitza babestuak egiten, eta haien parkea oso-oso sendoa da. Guk berrogei urte daramatzagu, eta orain 130.000 etxebizitza daude Euskadin alokairuan. Gure etxebizitza parkea gutxi gorabehera milioi batekoa da. Beraz, %13 alokairuan dago. 130.000 horietatik erdiek baino gehiagok dute era bateko edo besteko interbentzio publiko bat, bai etxebizitza babestuak direlako, bai maizterrak diru laguntza bat jasotzen dutelako ordaintzeko. Kontua da azpiegituren aldetik zer-nolako sendotasuna duten politikek eta zenbat denboran mantentzen diren. Zorionez, izan alderdi bat edo bestea, etxebizitza babestuaren aldeko apustuari eutsi zaio hemen.
«Animatu nahi genituzke udalerriak tentsio handiko eremuaren izendapena lortzera: zenbat eta udalerri gehiago izan, neurriak koherenteagoak izango dira»
Finantzaketaren alorrean, lankidetza publiko-pribatuaren zenbait adibide jorratzea ere bada xedea, zergatik?
Hori oso inportantea da, eta eztabaida bizian gaude gai horren inguruan. Euskadik hogei milioi jartzeko apustua egin du funts baten alde, eta ea lortzen ditugun ekarpenak egiteko prest dauden beste batzuk, etxebizitza soziala alokairuan egiteko. Norbaitek pentsa dezake: baina funts pribatu bati interesa dakioke horrelako kontu batean sartzea? Bada, bai. Badaude funts batzuk, adibidez BGAE Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeak edo banka fundazioak arrisku gutxirekin eta epe luzera inbertitu nahi dutenak. Inbertsio horiek, gainera, begi onez ikusiko ditu gizarteak. Alegia, horrelakoetan inportantea da zer-nolako konpainia duzun, funts putre batekin ezin baitzara inora joan. Hori guztia Europan egiten ari dira. Hemen arazoa da sektore publikoak bakarrik ezingo diola aurre egin daukagun arazoari, ezta aurrekonturik ausartenak eginda ere. Orduan esaten duguna da: izan gaitezen ausartak, jar ditzagun ahalik eta baliabide gehienak, eta ireki ditzagun ateak lankidetza publiko-pribaturako, baina arriskurik gabe.
«Gehiago begiratu beharko genuke Europa iparraldera. Han ez dute begi onez ikusten etxebizitza aktibo finantzario baten gisan tratatzea»
Zer egin asmo duzue kongresuan bildutakoarekin?
Guk nahi duguna da udalerriek parte hartzea. Elkarren artean aberastu nahi dugu. Ideia onak toki askotan daude. Erreza da esparru honetan kopiatzea eta ondo egiten ari direna gurera ekartzea. Burua altxatu eguneroko martxatik eta gu ere eguneroko arazo edo kezka horietatik ateratzea, eta ikustea konponbideak badaudela. Akordioak behar ditugu, eta uste dut gogoeta esparruek balio dezaketela. Animatu nahi genituzke udalerriak tentsio handiko eremu izendatzeko prozedura hastera: zenbat eta udalerri gehiago izan, neurriak koherenteagoak izango dira.
Nola irudikatuko zenuke etxebizitza pertsona guztientzat eskuragarria den egoera bat?
Euskadiko etxebizitzaren aldeko itun sozialean 2036rako ezarri ziren helburu horiek betetzea gustatuko litzaidake. Besteak beste, alokairuko 50.000 etxebizitza babestu izatea, eta uneotan 18.000 dauzkagu. Eta gero inportantea da honako hau aipatzea: Euskadik du etxebizitza parkerik zaharrena, eraberritu gabea. Urtero, ikuspegi energetikotik eta irisgarritasunarenetik, berritzen ari gara etxebizitza zahar horiek gure parkearen %1,5ean. Abiadura hori bikoiztu egin nahi dugu, eta urtero gure parkearen %3ra iritsi nahi dugu.
Alokairuaren kultura hedatu beharko litzatekeela uste duzu?
Norberak gure etxebizitzan pentsatzen dugunean, nahiago dugu norberak bere etxebizitza izatea, eta ahal den neurrian etekin handiena ateratzea. Etxebizitza aktibo finantzario gisa ulertzen badugu, horrek baditu ondorio batzuk. Eta badakigu horrelako aldaketak ez direla egun batetik bestera gertatzen, baina Europa iparraldera begiratu beharko genuke gehiago. Han ez dute begi onez ikusten etxebizitza aktibo finantzario baten gisan tratatzea. Haien kulturan barneratuta dago. Euskadin jabetzaren aldeko kultura oso handia daukagu. Guk %13 bakarrik daukagu alokairuan, eta beste herrialde batzuetan, %20 edo %25.