Bizkaian biztanle gehien duten udalerrietan bigarrena da Barakaldo, Bilboren ostean: ehun mila pertsona inguru bizi dira han. XIX. mendean Bizkaian izan zen industrializazioak eragin handia izan zuen Barakaldon, herri izateari utzi eta hiri bihurtu baitzen horren ondorioz. Han egon zen Bizkaiko Labe Garaien egoitza nagusia XX. mendearen hasieratik.
Gaur egun nagusiki gune hiritarra izan arren, oraindik badira haren inguruan gune berdeak. Horietako bat da Errekatxo parkea, udalerriaren hegoaldean dagoen natura paradisu bat. Haran txiki eta baketsu bat da. Agirtza ibaiak zeharkatzen du, eta uharka bat ere badu erdialdean: Mespelerrekako uharka. Beste laku bat ere dago handik hurbil: Gorostizakoa. Osteratxo bat egiteko leku ezin hobea da, eta, horretarako, badira argi adierazitako zenbait ibilbide, mendiko bizikletaz edo oinez egiteko modukoak. Nahiz eta orain berdegune bat izan, Erdi Aroan inguruko burdinola gune garrantzitsuena izan zen Errekatxo. Antzina, hainbat errota zeuden inguru horretan.
Errekatxon Barakaldoko Historia eta Ingurumena Interpretatzeko Zentroa dago. Barakaldoko historia, ondare eta ingurumenaren inguruko informazio guztia ematen dute han. Horrez gain, haurrentzako ekintzak antolatzen dituzte, eta Barakaldon zehar ibilbide gidatuak ere eskaintzen dituzte.
Zenbait eraikin historiko Barakaldon
Barakaldoko hirigunean bertan, eraikin historikoak eta zenbait toki interesgarri daude. Besteak beste, Santa Teresa eliza, San Jose eliza, udaletxea, Larrea jauregia, Munoa jauregia eta Munoako lorategia.
Barakaldon otordua egiteko, ostatu hartzeko, inguruan txangoak egiteko, beste zenbait jarduera egiteko eta hiria ezagutzeko argibide guztiak visitbarakaldo.eu webgunearen bidez jakin daitezke.