Euskal produktuak

Euskal basatxerriak merkatuan

Eusko Label, Urdetxe eta Biga markek babesten dituzte Basatxerri produktuak.

Basatxerri elkarteko baserritarrek txerriak aske hazten dituzte, basoetan eta zelaietan. BASATXERRI
2019ko abenduaren 25a
19:08
Entzun

Lapikoko gozoak dira euskal gastronomiaren goren platerak. Lekaleek edo barazkiek hartzen dute protagonismoa tradizio handiko lapikokoetan, eta, nola ez, txerrikiek lortzen dute benetako zaporea azalera ateratzea. Mendeetan, txerrikiak euskal sukaldearen ikur izan dira, eta oraindik ere horretan dihardute. Basatxerrik goi mailako txerrikiak merkaturatzen ditu euskal merkatu zabalean. Basatxerri 37 baserritarrek osatutako elkartea da. 1999. urtean baserrietako errentagarritasuna handitzeko asmoz sortu zen proiektu baten emaitza dira Txerrizaleok elkartea eta komertzializazioaz arduratzen den Basatxerri. Hego Euskal Herrian bere txerriak aske, baserrian eta era natural batean zaintzen dituela independenteki ziurtatua daukan marka bakarra da. Kalitatezko haragia ekoitzi, baserrien bideragarritasun ekonomikoa bermatu, lurrei erabilera eman... Helburu horiek buruan sortu zen Basatxerri elkartea, hainbat baserritarrek osatua. Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan lan egiten dute, Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, kalitate goreneko txerri haragia eta txerrikiak herritarren eskura jartzeko. 1960ko hamarkada arte, Euskal Herriko hainbat menditan eta basotan baserriko txerriak ekoizten ziren modu librean. Garai hartan, administrazioak txerrien larreratzea galarazi zuen zenbait gaixotasun saiheste aldera, baina, erabaki horren bidez, txerriak ekoizteko modu bat desagerrarazi zuen, eta, bide batez, Euskal Herrian zeuden hiru arrazatik bi ere bai. Gaixotasunak desagerrarazi eta berriz txerriak aske hazteko aukera zabaldu zenean, 2000. urte inguruan, baserritar talde batek Basatxerri elkartea sortu, eta berriz ere eutsi zion txerriak mendietan aske hazteari. Haien lanari esker, produktu honek 2013. urtean Eusko Label sor-marka lortu zuen, Baserriko Txerria izenarekin. Egun 37 kide ditu Basatxerrik: 24 Gipuzkoan, zortzi Bizkaian, hiru Nafarroan eta bi Araban. Elkarteko arduradunen esanetan, oso-osorik baserritarrena da elkartea; beraiek dira jabeak: «Prozesu osoa gure esku dago: txerriak haztea, hiltzea, zatitzea, saltzea eta banatzea. Eta Hego Euskal Herri osoan bere txerriak aske, baserrian eta era natural batean hazten dituela independenteki ziurtatua daukan marka bakarra gara. Hori da, besteak beste, besteengandik bereizten gaituena». Produktu eskaintza aberatsa du Basatxerrik merkatuan; produktu freskoak eta elaboratuak. Solomoa, txuleta, azpizuna eta saiheskia dira produktu fresko izarrak, besteak beste. Produktu elaboratuei dagokienez, paleta eta pernil ondua, urdaiazpiko egosia, txorizoa, hirugiharra eta saltxitxoia dira aipagarrienak. Luze gabe baserritar gehiagok proiektuarekin bat egitea da elkarteren asmoa. Interesa duten baserritarrak konpromisorik gabe harremanetan jar daitezke Basatxerrirekin. Proiektu berriak dituzte buruan: genetika propio bat garatzea, elikaduran aldaketak egitea kalitatea oraindik eta gehiago hobetzeko, probak egitea txerri eta artzainekin basoetan zer-nolako eragina duten ikusteko...

Hainbat markaren azpian merkaturatzen dituzte produktuak. Eusko Label kalitatezko ziurtagiria duten txerri haragia eta txerrikiak Urdetxe markarekin saltzen dituzte, baina oraindik mantentzen dute Basatxerri marka ere; esaterako, Nafarroan. Biga markapean ere saltzen dute saltoki handi batzuetan, eta Ekobasatxerri zigilua ere badute, modu ekologikoan hazitako txerriak bereizteko. Kalitatezko produktua lortzeko txerriaren ongizatean sinesten dute elkarteko kideek: «Txerriak baso eta zelaietan hazten ditugu, belarra, ezkurrak, pago ezkurrak, gaztainak eta bestelako elikagai naturalak janez». Horiei pentsua gehitzen diete: garia, garagarra, artoa... Osagai transgenikorik duen pentsurik ez diete ematen, ezta animalia jatorriko produkturik ere. Elkartean ohiko baserriko txerriarekin aritzen dira, behar den arte gizendutakoa; 160 kilo inguruko txerriak handiak dira. Horrek ere bereizten ditu merkatuan: «Pisu handiagoa izateak esan nahi du eginago dagoela; kolore gehiago izango du haragiak, zapore gehiago, eta samurrago egongo da jateko». Horrela lortzen dituzte haragi paregabe eta txerriki gozoak, ahora eramandakoan garai bateko txerria ezagutu zutenak «hau da baserrian jaten genuen txerria» esatera eramaten dituztenak.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.basatxerri.com.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.