Eusko Jaurlaritza

Euskal komunitatearen elkargunea Boiseren erdigunean

Boiseko euskal komunitatea Ameriketako Estatu Batuetako handienetako bat da. Hirian, Euskal Etxea, Euskal Ikasketa Zentroa, euskal museoa, ikastola, pilotalekua, eta euskal produktuen denda bat eta bi jatetxe daude.

Boiseko Euskal Etxearen aurrealdea. JON BERNARDEZ
Boiseko Euskal Etxearen aurrealdea. JON BERNARDEZ
2025eko uztailaren 27a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Boise, Idaho estatuko hiriburua ez ezik, hiri nagusia ere bada. 235.000 biztanle baino gehiago ditu. Idaho estatua Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) ipar-mendebaldean dago.

Boiseren erdigunean, euskal historia, kultura eta nortasuna omentzeko kale oso bat dago, The Basque Block. Kale hori Boiseko euskal jatorria duten 15.000 biztanle baino gehiagoren elkargunea da —Boiseko euskal komunitatea AEBetako handienetako bat da—, eta baita euskal kultura ezagutu eta euskal kulturaz gozatu nahi duten guztientzat ere. 

Euskal sustraiei, ohiturei eta kulturari loturiko hainbat toki daude The Basque Block kalean: Bar Gernika Basque Pub & Eatery eta Leku Ona Fine Basque Dining jatetxeak, The Basque Market euskal produktuen denda eta dastatzeak egiteko taberna, The Basque Museum and Cultural Center museoa, pilotaleku bat eta Euskal Etxea (The Basque Center), euskal komunitatearen topagunea eta sozializatzako leku nagusia.

Euskal Etxean lan handia egin dute eta egiten ari dira Boiseko euskaldunen alde. Boiseko Jaialdia antolatzen duen Euzkaldunak taldearen eta Oinkari Basque Dancers eta Boiseko Gazteak dantza taldeen egoitza da. Oinkari taldea duela 65 urte sortu zen.

Euskal museoa

The Basque Museum and Cultural Center AEBetako euskal museo bakarra da. Eusko Jaurlaritzak Lan Onari saria eman zion 2010ean. Museoaren ondoan Jacobs-Uberuaga Boarding House dago, euskal ostatua izan zena. Boiseko eraikinik zaharrenetako bat da.

Boiseko ikastola 1998an inauguratu zen, Brett Coles alkatearen eskutik. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza Saileko Kanpo Harremanetarako Sailak finantzatzen du.

Boiseko Unibertsitateak Euskal Ikasketa Zentroa du. 1974an, Boiseko talde bat Oñatira (Gipuzkoa) iritsi zen, euskal ikasketetan espezializatzeko. Ekinbidearen antolatzaileetako bat Pat Bieter zen, egungo Boiseko alkatearen aita. Larrabetzuko (Bizkaia) Eloisa Garmendiarekin ezkondu zen, eta euskal kulturaren zale amorratua bihurtu zen.

Ekinbide horren ondorioz, Boise State‘s International Education Program (Boise estatuko nazioarteko heziketa programa) jarri zen abian, eta ondoren Pat Bieterren seme Johnek aipatu Euskal Ikasketa Zentroa sortu zuen. Urtero, 600 ikasle baino gehiago hartzen ditu.

Cenarrusa fundazioa

Pete eta Freda Cenarrusak Cenarrusa Fundazioa jarri zuten abian 2013an. Irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, eta laguntza ekonomikoa eta profesionala ematen die euskal kultura eta historia sustatzeko ekitaldiak, aurkezpenak eta programak antolatzen dituzten Oregon eta Idaho estatuetako erakundeei.

Boisen, bestalde, aipagarria da Capitol Boulevard eta 6th Street artean dagoen Groove Streeteko zatiaren zoladura apainduta dagoela euskal abesti herrikoien pentagramekin eta hitzekin, eta arrosa-leiho eta lauburu erraldoiekin.

Horrez gain, Pioneer hilerrian, hiriko hilerririk zaharrenean, XIX. mendearen amaieran Boisera iritsi eta han hil ziren lehen euskal herritarrak oroitzeko hilarri bat dago. Izan ere, Euskal Herritik etorritako lehen etorkinak XIX. mendearen amaieran iritsi ziren Idahora. Garai hartan, AEBetara joaten ziren etorkin europarrak Ellis Islandetik sartzen ziren, New Yorkeko portuan zegoen uhartetxo batetik, itsasontziz, eta ondoren trenez bidaia luze bat eginez.

Valentin Agirre New Yorkeko euskal aitzindarietako bat izan zen. 1895ean iritsi zen Bizkaitik, eta AEBetako euskaldunen pertsonaiarik ezagunenetakoa bihurtu zen. Era berean, milaka euskal etorkini lagundu zien mendebalderako bidaia prestatzen, sortu zuen bidaia-agentziaren bidez. Euskal Herriko zazpi probintzietako etorkinak ziren, eta Valentin Agirreren emazte Benita Agirreren zaintzapean igarotzen zituzten lehen egunak. 

Boisera iritsitako lehen euskal herritarrak oroitzeko hilarria
XIX. mendearen amaieran Boisera iritsi eta han hil ziren lehen euskal herritarrak oroitzeko hilarria, Boiseko Pioneer hilerrian. JON BERNARDEZ

Euskaldun gehienak artzain lanetan hasi ziren

Idahora emigratu zuten euskaldun gehienak artzain lanetan hasi ziren; beste batzuk, berriz, meatzaritzan eta basogintzan aritu ziren. Euskaldunek langile, prestu eta zintzo fama zuten Boisen. 

XX. mendean, emigrazio-ildo bat ezarri zen Idaho eta Euskal Autonomia Erkidegoaren artean, zehazki Bizkaiko erdialdeko eta ekialdeko eskualdeetan. 1980tik, AEBetako erroldak Basque hautatzeko aukera jasotzen du jatorriari buruzko atalean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.