Eusko Jaurlaritza

Euskal kulturaren agertokia Boisen

Ameriketako Estatu Batuetako, Euskal Herriko eta beste hainbat herritako euskaldunek elkar ezagutu eta harremanak estutuko dituzte Boiseko Jaialdian. Ekitaldi ugari izango dira uztailaren 29tik abuztuaren 3ra.

Bi dantzari, agurra egiten, Boiseko Jaialdiko aurreko aldian. JON BERNARDEZ
Bi dantzari, agurra egiten, Boiseko Jaialdiko aurreko aldian. JON BERNARDEZ
2025eko uztailaren 27a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Boise Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Idaho estatuko hiriburua da. Bost urtean behin, Boiseko Jaialdia antolatzen dute hango euskal jatorriko amerikarrek, eta AEBetan eta beste hainbat herritan bizi diren euskaldunek parte hartzen dute. Euskal sustraiei omenaldia egiteko jaialdia da, AEBetara bidaiatu zuten zenbait belaunaldi euskaldunen memoriari eusteko festa erraldoia. 

Euskal ohiturak biltzeko asmoz sortu zen Boiseko Jaialdia 1987an, arrakasta handiz, 30.000 lagun inguru bildu baitziren. Horregatik erabaki zuen Idahoko gobernadoreak ekimena errepikatzea 1990ean, estatuaren 100. urtemuga ospatzeko. Orduz geroztik, bost urtean behin egiten da festa, uztaileko azken asteburuan, Loiolako San Inazioren egunarekin batera, eta jendetza biltzen du. Euskal kulturaren agertokia da eta giroa aparta izaten da.

Boiseko Jaialdia
Mundu osoko euskaldunak bilduko dira Boiseko Jaialdian. JON BERNARDEZ

Eusko Jaurlaritzaren laguntza

Boiseko Euskal Etxeko Euzkaldunak taldeak antolatzen du jaialdia. Guztira, 900 boluntario inguru aritzen dira lanean. Eusko Jaurlaritzaren laguntza ere oso estimagarria izaten da. Aurten, ofizialki, Jaurlaritzak diru laguntza eman du parte hartzaileen bidaia txartelak ordaintzeko.

Halaber, Jaurlaritzako zenbait ordezkari izango dira Boiseko Jaialdian; Imanol Pradales lehendakaria, haien artean. «Bertan egon behar gara. Horrelako ekimenek ilusio eta indar handia ematen dizute. Baina oso garrantzitsua da ulertzea eurak direla protagonistak, eurak direla jai hau egiten dutenak eta eurak direla urteetan zehar lan piloa egin dutenak. Geu bertan egongo gara, lan egiten berdin-berdin, euren zerbitzura», azaldu du Ziortza Olano Astigarragak, Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako arduradunak. 

AEBetako, Euskal Herriko eta beste hainbat herritako euskaldunek elkar ezagutu eta harremanak estutuko dituzte Boisen. «Horrelako euskal komunitate bat kanpoan izatea harro sentitzeko modukoa da. Zelan mantendu den euskal kultura Ameriketan, hain urrun, ez dakit zenbat kilometrotara. Han lanean dabiltzan pertsona guztiei gozotasunez harrera egitea eta besarkatzea oso garrantzitsua da. Mundu globalizatu honetan gero eta garrantzi handiagoa dute horrelako ekintzek».

Beraz, mundu osoko euskaldunak bilduko dira Boiseko Jaialdian. «Argentinatik etorri berria naiz, eta konturatu naiz euskaldunok zelako sarea eta zelako komunitatea daukagun munduan. Boisen mundu osoko euskaldunak egongo gara, euskal kultura maite duten pertsonak. Batzuk euskal odola daukatenak; beste batzuk, euskaldunak izan barik, errespetuz eta begi onez ikusten dituztenak gure kultura, ohiturak eta gure egiteko formak».

Aurten, uztailaren 29tik abuztuaren 3ra bitarte egingo da Boiseko Jaialdia, eta egitaraua oparoa izango da: musika eta dantza emankizunak, bertso saioak, herri kirol erakustaldiak, euskal jaki eta edari tradizionalekin egindako otorduak, eta beste zenbait ekitaldi eta jarduera egingo dira Boiseko The Basque Block kalean.

Boiseko Jaialdia
Dantza talde ugari ariko dira, Boiseko Gazteak, horien artean. JON BERNARDEZ

Musika, dantza, bertsoak eta herri kirolak

Boiseko Jaialdian Euskal Herriko eta AEBetako musika eta dantza talde ugari arituko dira, eta bertsolari batzuk ere bai. Besteak beste, Biotzetik Basque Choir abesbatza, Xabi Aburruzaga trikitilaria, eta Gatibu, Neomak, Txantxangorriak eta Amuma Says No musika taldeak; Onintza Enbeita, Nerea Ibarzabal eta Xabi Paya bertsolariak; eta honako dantza talde hauek: Oinkari Basque Dancers, Boise Oñati Dancers, Boiseko Gazteak, Battle Mountain Oberenak Club, Elko Arinak Dancers, Gauden Bat, Gooding Gazteak, Herribatza Dantzariak, San Francisco Zazpiak Bat, Utah’ko Triskalariak, Arkaitz eta Tio Teronen Semeak.

Aipagarria da hilaren 31n, Idaho Central Arena pabiloian, herri kirol jaialdi handi bat antolatuko dela. Hauek izango dira parte hartzaileak: Inhar Urruzuno, Mikel Lopetegi Urra, Paulo Azpiazu, Karmele Gisasola Zelai eta Gari Garmendia harri jasotzaileak; Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Aitzol Atutxa, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Nerea Arruti aizkolariak; Kerman Perez de Heredia eta Nerea Egurrola txinga eroaleak; eta Jose Martin Bustinza Tubi lasto jasotzailea. 

Boiseko Jaialdia
Uztailaren 31n, herri kirol jaialdi handi bat antolatuko da Boiseko Idaho Central Arena pabiloian. JON BERNARDEZ

NABO erakundearen biltzarra

AEBetako eta Kanadako euskal etxeen elkarte euskaldunak biltzen dituen NABO (North American Basque Organizations) erakundearen urteroko biltzar nagusia ere egingo dute Boiseko Jaialdiaren barruan. Euskal etxeen elkarte bakoitzak bere eskualdeko arazoak eta gainerako nondik norakoak eramango ditu biltzar horretara, eta urte osoan talde bakoitzak eginiko lana aurkeztuko dute dute.

NABO erakundea 1973an sortu zen, euskal elkarte eta kolektiboak biltzeko halburuarekin, haien lankidetza bultzatzeko eta euskal komunitatearen, kulturaren eta nortasunaren jarraipena errazteko. AEBetako 38 euskal etxe biltzen ditu —Idaho, Kalifornia, Colorado, Columbia barrutia, Florida, Nevada, Mexiko Berria, New York, Oregon, Rhode Island, Utah, Washington eta Wyomingen daude euskal etxe horiek—, eta baita Kanadako Britainiar Kolunbian eta Quebecen dauden euskal etxeak ere.

Lehen bilkura Renon (Nevada) egin zuten, 1973an. Hurrengo urteetan, San Frantziskon, Los Bañosen, Boisen, Emmetten, Elkon, Elyn, Renon, Nevadan eta Ontarion bizi ziren euskaldunen arteko komunikazioa sustatzeko lanean aritu ziren, herrialde horietako elkarteak NABO erakundera batu baino lehen. Harrezkero, NABOk banakako kluben irismenetik haratago doazen jarduerak eta ekitaldiak babestu ditu, talde horiek beren autonomia galdu gabe. Euskal-amerikarren eta Euskal Herrian bizi direnen arteko trukeak ere antolatu ditu.

Besteak beste, NABOk eskubaloi, pilota eta mus txapelketak, eta gazteentzako musika udalekuak sustatzen ditu. Eskualde mailako lehen esku-huskako pilota txapelketa 1976an antolatu zuen, eta 1981ean NABOko taldeetako jokalariak Mexikora joan ziren afizionatuen munduko txapelketan parte hartzera. Lehen mus txapelketa 1977an jokatu zen, eta NABOk 1979an San Frantziskoko munduko mus txapelketa eta 1986an Las Vegaskoa antolatu zituen. Lehen musika udalekua 1977an izan zen, eta urte horretan hiru udaleku egin zituzten: bat San Frantziskon, bat Renon eta beste bat Boisen.

Urtez urte, jarduerak toki desberdinetan antolatzen dira. NABO erakundearen beste ahalegin nagusietako bat da bere jarduerak Interneteko www.nabasque.eus webgunearen bidez zabaltzea.

Bazkideen kuotei, dirua biltzeko ekitaldiei eta dohaintzei esker lortzen dute NABOk antolatzen dituen jardueretarako finantzaketa. Klub bakoitzeko ordezkariak urtean hirutan biltzen dira. Erakundeko ordezkariak hautatzeko urteko batzarra udan egiten dute, eta erakundeko kidea den taldeetako batek antolatzen du, prestatu dituen jarduerekin bat etor dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.