Festaren bidez euskararen erabilera areagotu dadin xaxatuko dute Andoainen, Gipuzkoan. Hori du helburu Xaxafest jaialdiak. Biharko antolatu duten jaialdi horrekin hasiko dira berotzen euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala: Euskaraldia. Maiatzaren 15etik 25era egingo da Euskal Herri osoan, baina Andoainen aurrea hartzea erabaki dute, Euskaraldirako giroa berotzen joateko.
Akuilu lana egin dute horretarako herri batzordekoek. Gazte Lokala xaxatu zuten, eta haiek prestatu dute arratsalde hasierarako jolas azoka: harekin abiatuko da Xaxafest jaialdia. Urtero, Urnietako Egape dantza taldeak Euskaraldiko kantarekin egindako koreografia berezia ondu ohi du, eta, aurten ere ondu duenez, haren aurkezpena egingo du gero. 19:30ean, Zirko kalejira abiatuko da Goiko plazatik, eta 20:30ean ogitarteko afaria egingo dute. Arrixku taldearen kontzertuarekin amaituko da Xaxafest jaialdia.
Horrekin, Euskaraldiko egunetarako berotze lana egin asmo dute; izan ere, behar du sustapena euskararen erabilerak Andoainen ere. Arantza Aguado euskara teknikariak azaldu duenez, euskararen erabilerak badu hobetzeko tartea. Azken ikerketa soziolinguistikoaren arabera, %75ek ulertzen dute euskara, baina kaleko erabilera %20ra baino ez da iristen. «Beraz, badago hobetzeko tartea. Falta zaigu erabilerarako jauzi hori».
Katebegi
Bakoitzak euskaraldiaren inguruan zer jarrera duen pentsaraztea ekarri du Euskaraldiak. Ildo horri jarraituz, Andoainen batez ere azken bi edizioetan zera igarri dute: transmisioaren inguruko gogoeta bat egon dela, eta kezka ere bai. Alegia, haurrek maiz euskaraz egin arren helduaroan erabilerak behera egiten zuela; edo helduak, euskaraz jakin arren, erdaraz mintzo zirela.
Horren harira, ikastolan jada hasita zeuden lanketa batekin, Katebegi izenekoarekin. Izen horrekin ikusarazi nahi zuten hizkuntzaren transmisioaren garrantzia. Hargatik, ez zaie arrotza egin aurten Euskaraldiak proposatu duen figura berria: xaxatzailearena. 16 urtetik beherakoentzat sortutako rola da, jabetuta haiek ere berebiziko funtzioa bete dezaketela euskararen biziberritze prozesuan, eta haiei ere tokia eta protagonismoa ematea xede izanda. «Interesgarria iruditu zitzaigun xaxatzailearen paper berri hori indarrean jartzea. Iruditzen zaigu maiz umeak amua izaten direla gero helduek euskaraz egiteko».
«Iruditzen zaigu maiz umeak amua izaten direla gero helduek euskaraz egiteko»
ARANTZA AGUADOAndoaingo euskara teknikaria
Aguadok uste du Euskaraldia ekinaldi eraginkorra dela euskararen erabileran jauzi bat egiteko, zenbait tresna eskaintzen dituelako. Adibide gisa jarri du elkarrizketa elebidunarena. «Euskaraldiek lagundu dute ikusarazten posible direla elkarrizketa elebidunak». Hau da, ulertzen duenarekin euskaraz jardutea, nahiz eta parekoak erdaraz erantzun. «Horrelako aukerak naturalizatu egin ditu». Bestalde, Euskaraldiak lagundu du parekoa euskalduna dela ezagutzen ere, ordura arte gaztelaniaz jarduten ziren hainbat lagun ariketa sozialari esker ohartu baitira euskaldunak zirela.
Hilabeteetako lana
Euskaraldia bazetorrela iragarri orduko heldu zioten lemari. Manuel Larramendi kultur bazkunak hartu zuen herri batzordea antolatzeko ardura nagusia, eta herriko eragile ugari atxiki ziren euskararen erabilera areagotzeko ariketa sozialera. Besteak beste, Aiurri herri aldizkariak, AEK-k, ikastolak, batzokiak, gazte lokalak, udalak eta zenbait gizarte mugimendutan dauden norbanako ugarik egin dute bat Euskaraldiarekin.
Hamaikako bat aurkeztu zuten herriaren isla izan zitekeen ordezkaritza zabal batekin: lan munduko eta kiroleko ordezkariak daude tartean —futbola eta eskubaloia—, AEK-ko ikasle bat, musika eskolako ordezkari bat, jai batzordea eta beste hainbat gizarte mugimendutako ordezkariak.
Euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala 15ean hasiko da Euskal Herri osoan. Andoainen kantu jira batekin abiatuko dute Euskaraldia. Biharamunean Aztia ikuskizuna taularatuko dute, eta 17an bertso bazkari batekin jarraituko dute egitaraua. Batzokian izango da, Agin Labururekin eta Aitor Mendiluzerekin. Arratsaldean, berriz, musika emanaldia izango da Irunberrin.
23rako, larunbatarekin, AEK-k mintzodromoa antolatu du, euskararen erabilera kalera ateratzeko. Antzerki emanaldi batekin itxiko dute egitaraua: Arizona. Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola izango dira oholtza gainean.
Harrera beroa izan du Euskaraldiak. Ahobizi eta belarriprest-en txapa banaketekin igarri dute herrian badagoela mugimendu bat. Paparretik ahora, euskararen kale erabilera areagotzen ahaleginduko dira datozen egunetan.