Bilboko Udala

Euskarak Bilbon duen garrantzia ezagutzeko aukera

'Bilbo Euskararen Hiriburua' erakusketaren helburua da Bilbon euskarak duen presentziaren garrantzia nabarmentzea. Bilboko barruti guztietan egongo da ikusgai.

'Bilbo Euskararen Hiriburua' erakusketa
Juan Mari Aburto Bilboko alkatea erakusketako panelei begira, Begoñako Udaltegian. BILBOKO UDALA
2024ko azaroaren 29a
05:10
Entzun

Euskarak Bilbon izan duen lekua eta gaur egun duen garrantzia nabarmendu nahi da Bilbo Euskararen Hiriburua erakusketaren bitartez. XX. mendearen hasieratik hona euskarak hirian egindako ibilbidea aurkeztu eta irudikatzen da, eta bereziki azpimarratzen dira bilakaera horretan eragina izan duten pertsonak eta erakundeak. 14 panelen bidez, euskarak Bilbon izan dituen mugarri historikoak jakinarazten dira.

Erakusketa mota guztietako ikus-entzuleentzat antolatuta dago. Paneletako azalpenak irudiekin osatzen dira irakurketa arina eta erakargarria izan dadin, eta informazio guztia lau hizkuntzatan eskaintzen da, QR kodeen bidez. Kode horiek, gainera, bideoak eta soinua txertatzea ahalbidetzen dute.

Erakusketa osatzeko garaian, Bilboko Udalak Euskaltzaindiaren eta Labayru fundazioaren laguntza izan du.

'Bilbo Euskararen Hiriburua' erakusketa
Euskarak XX. mendearen hasieratik hona Bilbon izan duen bilakaeran eragina izan duten pertsonak eta erakundeak azpimarratzen dira erakusketan. BILBOKO UDALA

Erakusketa ibiltaria

Bilbo Euskararen Hiriburua erakusketa ibiltaria da. Abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna gogoan hartuta osatu da, eta Bilboko barruti guztietan ikusi ahal izango da. Urrian eta azaroan, Begoñako Udaltegian, San Ignazioko Udaltegian eta Errekaldeko Udaltegian zabalik egon da.

Egunotan, abenduaren 5era arte, La Bolsa Udaltegian egongo da; abenduaren 15etik 30era Castañoseko Udaltegian, urtarrilaren 3tik 16ra Abandoko Udaltegian, urtarrilaren 20tik 30era Otxarkoagako Udaltegian, eta urtarrilaren 30etik otsailaren 14ra Basurtuko Udaltegian.

Bilbo gero eta euskaldunagoa

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea eta Eider Inunciaga Bilboko Udaleko Euskarako, Herritarren Arretako eta Partaidetzako, 2030 Agendako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzia Bilbo Euskararen Hiriburua erakusketa ikusten izan ziren urriaren 17an, Begoñako Udaltegian. «Erakusketa, berez, mugarri bat da Bilboko euskararen historian, eta urrats berri bat da, beste urrats bat, Bilbo gero eta euskaldunagoa lortzeko», Aburtok azpimarratu zuenez. «Bilboren eta euskararen arteko lotura historikoa da, aspalditik dator. Gure hiriak eta gure hizkuntzak harreman estua, sakona eta erabatekoa dute».

Bilbo Euskararen Hiriburua erakusketari buruzko informazioa Bilbaoeuskaraz.bilbao.eus webgunearen bidez jakin daiteke, eta baita Bilboko Udalaren sare sozialen bitartez ere: Youtube, Facebook, X, Instagram eta Tiktok.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.