Fraisoro Eskola lurrari oso lotuta dagoen ikastetxea da, eta gizarteak hain beharrezkoa duen oinarri horretan jendea prestatzeko konpromisoa dauka. Horrekin lotuta, gizartearen behar eta eskaerei erantzuten die eta lantzen dituen arloetan espezializatuta dauden teknikariak ateratzen dira eskolatik.

Etengabeko prestakuntza
Ezagutza teoriko-praktikoz osatutako irakaskuntza arautua eskaintzen du Zizurkilgo (Gipuzkoa) Fraisoro Eskolak, baita ondorengo espezializazioari bide emango dion etengabeko prestakuntza ere, ondorengo arlo hauetan: nekazaritza-abeltzaintza, elikagaien eraldaketa, basogintza eta natura ingurunearen kudeaketa, lorezaintza eta loregintza.
Gainera, Fraisoro Eskolan, 2025-2026ko ikasturtean loregintza eta lore arteari loturiko espezializazioa jasotzeko aukera ere izango da. Ikasturte bat iraungo duen prestakuntza izango da, 600 ordu eskolan emanez eta 300 ordu enpresa batean. Ikastaro hori egiteko, Lorezaintza eta loregintza zikloa egindakoek izango dute lehentasuna.

Fraisoro Eskolaren eskaintza integrala da. Batetik, Lanbide Heziketako oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako zikloak eskaintzen ditu, eta, bestetik, Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzua erakundearekin elkarlanean, lanerako prestakuntza ere ematen du sektorean dauden behar desberdinei egokitutako ikastaroak eskainiz: profesionaltasun ziurtagiriak, pertsona aktiboen etengabeko prestakuntza eta eguneratzea, langabeentzako ikastaroak, enpresen barne prestaketa, eta abar.

Lanbide Heziketa duala
Fraisoro Eskolan, heziketa zikloetako lehenengo mailako ikasleek 16 egunez eta bigarren mailako ikasleek ikasturteko azken hiru hilabeteetan dual orokorreko praktikak egiten dituzte enpresetan, eta, horrela, lan munduarekin harreman zuzena izatea lortzen dute. Halaber, eskolako ikasketak amaitzeko, ikasleek aukera dute Erasmus+ beken bidez praktikak atzerrian egin ahal izateko.
Bigarren mailako ikasleek izan dezaketen beste aukera bat, beharrezko baldintzak betez gero, txandakako erregimeneko Lanbide Heziketa dual intentsiboa egitea da, hau da, lan kontratu edo beka baten bidez, ikasketak eta lanbidea uztartuz zikloa amaitzea.

Lan poltsaren zerbitzua
Fraisoro Eskolaren azken helburua prestatzen dituen gazteek lana aurkitu ahal izatea da. Horretarako, lan poltsaren zerbitzua eskaintzen da, eta zubi lana egiten du titulazioa eskuratu ondoren lan egin nahi duenaren eta lana eskaintzen duen enpresaren artean. Gainera, Fraisoro Eskolak laguntza estimagarria ematen die lehen sektorean eta landa ingurunean enpresa proiektu bat gauzatu nahi duten ekintzaileei, eta ekintzailetza bultzatzeko erabil daitezkeen baliabide guztiak koordinatzen ditu.
Bisita birtualen eta hitzordu pertsonalizatuen bidez ezagutu daitezke Fraisoro Eskolaren 2025-2026ko ikasturterako eskaintzaren nondik norakoak, baita eskolaren zerbitzuenak eta instalazioenak ere, www.fraisoroeskola.eus webgunean izena emanda.
Argibide guztiak atsegin handiz ematen dituzte 943-69 21 62 telefono zenbakira deituta, eta baita posta elektronikoz ere (fraisoro@fraisoroeskola.eus).